Departamenduetako bozak. Bigarren itzulia

Hautesleen esku dago

Alderdien babesa izan ala ez, hautesleek gaur erabakiko dute zeintzuk izanen diren heldu diren urteetarako departamenduetako kontseilariak

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Alferrik dira kalkuluak, konparazioak eta aurreikuspenak. Eta norabide emaile, soilik, alderdiek hedaturiko agiri edo adierazpenak. Izan ere, akordioak akordio, eta babesak babes, hautesleen esku egonen da gaur Departamendu Kontseilu berrietako kontseilariak zein izanen diren erabakitzea. Eta hutsetik hasiko da zenbaketa, lehen itzulian lortutako botoak kontuan hartu gabe.

Joan den igandeko bozek, nolanahi ere, paisaia berezia utzi dute hala Frantzian nola Zuberoan, Lapurdin eta Baxenabarren ere. EH Bairen presentzia indartu egin da azken hiru lurralde horietan: Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetatik bortzetan lortu du aitzina egitea, eta eskuinaren aurka lehiatuko dira abertzaleak gaur hautesbarruti horietan.

Fronte Nazionalak ere egin du aitzina, ordea. Errobi-Aturriko kantonamenduan, erraterako, bigarren indar gisa kokatu da, eta gaurko hauteskunde egunean ere presente izatea lortu du. Are indartuagoa atera da eskuin muturreko alderdia, nolanahi ere, Frantzian: ez du oraingoz lehen kolpetik gehiengo osorik eskuratu, baina lehen indarra da kantonamendu anitzetan, eta Marine Le Pen alderdiko buruzagiaren ustez, hiru departamendutan agintzeko aukerak lituzke.

Nagusitasuna, halere, UMPk eta zentroko alderdiek eginiko batasunak lortzea espero da. Ipar Euskal Herrian, hamabi kantonamenduetatik 11n pasatu dira bigarren itzulira; Baigura eta Mondarrain kantonamenduan, gainera, bi eskuineko zerrenda ariko dira gaur elkarren aurka.

Sozialisten gainbehera, bestalde, orokorra izan da: 2011n lehen aldiz lorturiko Pirinio Atlantikoetako presidentetza galtzeko arrisku handia izanen dute gaur, nahiz eta Biarnon eutsi egin dioten zenbait kantonamendutan, historikoki indar handiagoa dutenez gero. Ipar Euskal Herrian, BAMeko eta Hendaiako kantonamenduetan lortu dute bigarren itzulira pasatzea PSko eta ezkerreko batasuneko hautagai bikoteek, baina horietako guzietan ere zaila izanen dute irabaztea. Hendaia, Baiona 2 eta Baiona 3 kantonamenduetan lor ditzakete kontseilari karguak, izatekotan. Miarritzen, Angelun, eta Baiona 1 kantonamenduetan, aldiz, aukera gehiago lituzke eskuinak.

Hala ere, sozialisten hitzak eman du zer errana bozen bi itzulien arteko kanpaina laburrean. EH Bai eta eskuinaren arteko lehia egonen den kantonamendu ia guzietan, hain zuzen, ezkerreko alderdiek EH Bairen alde egin dute. Errobi-Aturrin espero izatekoa zen, Fronte Nazionala izanen baitute abertzaleek parean, eta horri aurre egitera dei egin dute anitzek; baita ezkerrekoak ez diren batzuek ere. Ezustekoa handiagoa izan da Donibane Lohizuneko, Mendialdeko eta Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazuriko boz eremuetan. Azken horretan, gainera, zerrenda independente batek ere egin du koalizio subiranistaren alde. EH Bai sostengatzeko hautua egin dute ekologistek, halaber, eskuineko zein eskuin muturreko hautagai bikoteen aurka lerrokatu baitira.

Bidaxune aldea-Amikuze-Oztibarreko kantonamendua izan da, beraz, ezkerreko babesaren salbuespena: Veronique Robertek eta Sauveur Bachok osaturiko bikoteak ez du egin Xabi Larralde eta Anita Lopeperen alde bozkatzeko deia. Jean Jacques Lasserre eta Anne-Marie Bruthe zentro-eskuineko bikoteak ere, dena den, ez du babesik lortu.

Alderdi gehienek, hala ere, ez dute boto irizpiderik eman bigarren itzulirako, eta ikusteko dago, era berean, alderdien erranei kasu eginen ote dieten herritarrek. Eta hori, bozkatzera joaten baldin badira. Lehen itzulian bezala, bigarrenerako ere parte hartze txikia izatea ez bailitzateke arraroa. Ipar Euskal Herrian, erraterako, %48,6koa izan zen abstentzioa joan den igandean.

Segurua den aldaketa bakarra kontseilari kopuruarena izanen da, kantonamendu bakoitzetik bi pertsona joanen baitira gaurko bozen ondotik Departamenduetako Kontseiluetara. Hemendik aitzina kontseilari erdiak emakumezkoak izanen dira, eta bertze erdiak, berriz, gizonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.