FARCeko kideek kongresuko aulkiak hartu dituzte lehen aldiz

Ivan Marquezek ez du senatari kargua hartu, bake prozesuan dituen desadostasunengatik. Bosna ordezkari dituzte bi ganberetan

Ivan Marquez, botoa ematen martxoko hauteskundeetan. LEONARDO MUÑOZ/EFE.
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Atzo hartu zuten kargua Kolonbiako senatari eta parlamentariek. Martxoaren 11ko hauteskundeen ondotik, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea kongresuan da, lehen aldiz. Bost kide ditu Senatuan, eta beste bost Ordezkarien Ganberan. Hauteskundeetan 52.532 boto baino ez zituzten lortu, baina 2016ko azaroko Bake Hitzarmenetan erabaki zuten alderdiak gutxiengo ordezkaritza izango zuela hurrengo bi legegintzaldietan. Gorabehera handiekin hasi dute legegintzaldia, hutsune nabarmenak izan baitituzte hasierako zerrendan.

Ordezkarien Ganberarako hautatu zuten Jesus Santrich, gerrillaren komandante ohia, baina ez du kargua hartu, kartzelan baitago apirilaren 9tik, AEBen estradizio eskari bat dela eta. Narkotrafikoarekin zerikusia izatea leporatzen dio Washingtonek.Kartzelatik ateratzeko eskatu zuen, baina Gorenak ezezkoa eman zion herenegun. Ivan Marquez gerrillarien buruzagiorde ohi eta Bake Hitzarmenetan negoziazioetan aritu zenak muzin egin dio senatari izateari. Santrichen espetxeratzea Kolonbiako Fiskaltzaren eta agintarien «azpijokoa» baino ez dela uste du, eta gaineratu du ez dagoela ados bake prozesuen garapenarekin. «Bake Hitzarmenean erabakitakoa aldatu dute zenbaitek beren interesaren alde, prozesu horietan inolako zerikusirik izan ez duten arren», salatu du gerrillarien buruzagiorde ohiak. Marquezen lekua Benkos Bioho gerrillari ohiak hartuko du. Senatari eta kongresistak hautatu ditu FARCek, martxoko zerrendak kontuan hartu gabe.

Oposizioaren Estatutua

Bake Hitzarmenetan erabaki zuten oposizioko alderdiek «gutxiengo bermea» izatea. Neurri horrek finantzaketa, hedabideekin harremanetan egotea, segurtasun politikoa eta segurtasun juridikoa izateko eskubidea bermatzen dizkie oposizioko alderdiei. Horrek eskubidea eman dio Gustavo Petro presidentegai ezkertiarrari senatuan aulkia izateko, baita haren presidenteordegai Angela Maria Robledori ere, nahiz eta ez ziren hautatuak izan kongresurako zerrendetan. Robledo Ordezkarien Ganberan arituko da legegintzaldi berrian. Ivan Duque presidente uribistaren alderdia lehen indarra da senatuan, eta bigarrena Ordezkarien Ganberan. Beraz, aliantzak beharko ditu gehiengoa bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.