Batera hedatzeko euskara

Bertaratu diren guraso, haur eta irakasleek bat egin dute, ikusten baitute euskarari egiten zaion eraso bat dela Hiriburun murgiltze eredua ukatu izana. Euskara hedatzeko nahia azpimarratu dute.

Milatik gora lagunek osatu dute murgiltzearen aldeko giza katea. G. FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Juntatu direnen jatorri,adin eta ofizioek ez dute koherentziarik, non eta ez den euskarak dituztela batzen. Bizkarrean Okzitaniako bandera duena ondokoari azaltzen ari zaio okzitaniera bere bihotzeko hizkuntza duela, etxekoa. Guraso eta aitatxi-amatxiei debekatu zietela mintzatzea, «zein eskubiderekin?». Ororen buru, haiek nahi dutena dela beraien hizkuntzaz, kulturaz eta eremuaz berriz ere jabetzea. Eta horretarako, murgiltze eredua dela eraginkorrena.

MAIANA MENDIBURU Kanboko (Lapurdi) ikastolako irakaslea

«Edozein saiakera ukatzen badute, beste batzuk ere uka ditzakete»

Euskararen aldeko edozein ekitalditara joateko tira izaten du beti Mendiburuk, ikusten baitu hizkuntzak ez duela «bere tokia» Euskal Herrian. Murgiltze ereduaren eraginkorraz oharturik, «ukatu» egin dutela salatu du. «Gure asmoa da euskarari tokia ematea eta ahal den guzia egitea ahal bezainbat jendek ikas eta erabil dezan, eta ateratzea eskolatik herrira. Baina parean beti pareta bat dugu, eta egiten diren egitasmoak errefusatzen dituzte». Sorkuntzara deitu du; izan ere, inguru osoa «frantsestua» da. Euskararen kontrako erasoa denez, «denok» hunkiak direla ikusten du, «injustizia» bat delako. Arranguratu da: «Ez dakigu zer eginen duten; edozein saiakera ukatzen badute, beste batzuk ere uka ditzakete».

IKER ETA ANDER IGLESIA Hendaiako (Lapurdi) ikastolako aita-semeak

«Kartela altxatzera etorri naiz [...] euskara gabe ezingo dut hitz egin»

«Kartelak altxatzera etorri naiz», kontatu du Ander Iglesiak. Zortzi urte ditu, eta ondorio garbia dakusa: «Euskara ahal dugu galdu. Nire hizkuntza da. Hori gabe, ezingo dut hitz egin». Haren aitak ere argi du zertara etorri den: «Behar genuen lekuan egon gara: murgiltze sistema bakarra da euskara errotzeko; beste sistemak apaintzeko dira».

NVARRONDYA Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolako gurasoa

«Ahal dudan guzia eginen dut euskara hedatzeko»

Ezaguna zaio egoera Nvarron Dyari, Mayotte uharteetakoa (Afrika) baita, Frantziako kolonia: «Nirean ere bada joera kultura eta hizkuntza bazterrean uztekoa eta behar da zinez borrokatu aberastasun horiek atxikitzeko; mundu honetan dena uniformizatu nahi dute». Seme-alabak hemen «loratzen» ikusten dituenez: «Kezkatua naiz, eta ahal dudan guzia eginen dut euskara hedatzeko. Arras garrantzitsua zait herriko hizkuntza tradizionala atxikitzea; kultura da, hemengo bizia, ez da galtzerat utzi behar. Mundu honetan dena uniformizatu nahi dute».

JOSIANE AGUERRE VALENCIA Azkaineko (Lapurdi) Santa Maria eskolako irakaslea

«Beharrezkoa da murgiltze sistema hiru sareetan hedatzea»

Badira hogei urte eskola pribatu katolikoak murgiltze eredua plantan ezarria duela. Ttipienetatik abiatuz orain handien mailaraino luzatu badute ere «beti kinka larrian» dela azpimarratu du, «ez baita ezagutua». Laburbildu du: «Beti esperimentazio gisa eramaten dugu, beharrezkoa delarik. Horretarako hor naiz: murgiltze sistema beharrezkoa baita hiru sareetan zabaltzea eta indartzea». Hiru sareetan sinesten dutenak gero eta gehiago direla erantsi du, eta hori berri ona zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.