Etiopiako Gobernuak ez du Tigrayrekin negoziatuko operazioa amaitu arte

Armadak dio eskualdeko 550 matxino hil dituela astebetean. Sudanek 7.000 errefuxiatu jaso ditu liskarrak hasi zirenetik, UNHCR-ren arabera

Abiy Etiopiako lehen ministroa, iaz, Bakearen Nobel saria jaso aurretik. T. M. / EFE.
ander perez zala
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek ez du iparraldeko Tigray eskualdea gobernatzen duen TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearekin negoziatzeko asmorik, ez behintzat iragan astean abian jarri zuen operazio militarra amaitu arte. Agintariaren adierazpenak Afrikako Batasunaren elkarrizketarako deiaren ostean iritsi dira, eta herrialdea gerra zibil baten atarian dagoela. «Beste behin ere, etiopiarrei ziurtatu nahi diet ez dela negoziaziorik izango legea aplikatzeko ahaleginak amaitzen diren arte», idatzi zuen atzo Abiyek Twitter sare sozialean. Halere, jarrera horrek zalantzak sortu ditu, Etiopiako lehen ministroak «operazio azkar bat» hitzeman baitzuen, baina, astebeteren ostean, borrokak ez direlako amaitu eskualde horretan.

Hilaren 5ean operazio militarra hasi zutenetik, Tigrayn Interneterako eta kanpora begirako konexioak etenda daude, eta zaila izaten ari da egoeraren argazki osatua eskuratzea. Egoera horretan, Etiopiako Gobernuak ditu baliabide egokienak bere kontakizuna jakinarazteko, eta, armadak orain arte adierazitakoaren arabera, hango 550 matxino hil ditu astebetean; kontrara, ez dago argi armada federaleko zenbat soldadu hil dituzten Tigraykoek, baina «azkarra» behar zuen operazioak jada astebete irauteak iradokitzen du TPLF bere burua defendatzen ari dela.

International Crisis Grouperen arabera, 250.000 miliziano mobilizatzeko gaitasuna luke alderdi horrek. Horri begira, Debretsion Gebremichael Tigrayko presidenteak honako hau adierazi zuen iragan astean: «Gure existentzia babesteko gaude gerra honetan. Prest gaude martiriak izateko».

Etiopiako Gobernuak salatu zuen Tigrayn egiten ari diren ekintza «oldarkor eta ilegalak» konstituzioa eta ordena konstituzionala «arriskuan» jartzen dutela, baita herrialdearen subiranotasuna mehatxatzen ere; horren harira ezarri zuten larrialdi egoera eskualde horretan, eta operazio militarra abiatu. Horrekin batera, parlamentuak Tigrayko Gobernua desegin zuen, eta legealdia «legez kanpokotzat» jo; horren ordez trantsiziorako gobernu bat eratzea onartu zuen.

Aste honetan egoera nola garatu den ikusita, eta errefuxiatu uholde batek ondoko herrialdeetara ihes egin duela ikusita, Berhanu Jula jeneralak aitortu egin du armada federalaren helburua dela gatazka herrialdearen erdialdera ez hedatzea, soilik iparraldera mugatzeko. Izan ere, oraingoz, Tigraytik ihes egin duten herritar gehienak Sudanera joan dira; UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria azken datuen arabera, gutxienez 7.000 lagun iritsi dira herrialde horretara, nahiz eta muga ixteko erabakia hartu zuten.

Horri begira, Afrika ekialderako UNHCR-ren bulegoko zuzendari Clementine Nkweta-Salamik inguruko estatuei eskatu zien beren mugak irekita mantentzeko, ihes egiten dutenak hartze aldera: «Pertsona batzuk beren etxebizitzak uztera behartuta daude».

Tentsioa, 2018tik

Talde etniko nagusiak tentsiozko botere lehian bizi dira Etiopian. 1991tik TPLF gobernu nazionalean egon zen, harik eta 2018an EPRDDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen arte: Abiy.

Izan ere, lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, eta EPRDDF frontea amaitutzat jo. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren erakunde berri horretara, TPLF izan ezik. Haustura horretaz geroztik, Tigrayren eta gobernu nazionalaren arteko tentsioa nabarmena izan da.

Berez, aurtengo abuztu amaieran ziren Etiopian hauteskundeak egitekoak, baina gobernuak horiek atzeratzea erabaki zuen, COVID-19aren pandemiak sortutako egoera dela medio. Aldiz, Tigray eskualdean bai, han egin zituzten parlamenturako bozak, iragan irailean, herrialdeko lehen ministroari pultsu argia botaz. Etiopiako Gobernuak legez kanpokotzat jo zuen bozketa, eta tentsioa are gehiago areagotu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.