KRITIKA. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Ateak irekiz

2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Robert Treviño. Abesbatza: Andra Mari Abesbatza. Egitaraua: Pablo Sorozabalen Suite Vasca, Maurice Ravelen Gaspard de la Nuit eta Bela Bartoken Bizar Urdinen Gaztelua.Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 24.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Andra Mari abesbatza batu dituen kontzertuaren programa, Musika Hamabostaldiak Jose Luis Ansorenaren omenez egindakoa, heterogeneoa zela esan liteke. Robert Treviñoren zuzendaritzapean, Kursaaleko agertokian gai eta musika-hizkuntza arras desberdinak jorratzen dituzten bi konpositore euskal herritarren eta hungariar baten obrak azaldu zitzaizkigun.

Lehen zatia Pablo Sorozabal donostiarrak gaztaroan idatzitako Suite Vasca-k ireki zuen. Abesbatza funtsezkoa den honetan, Andra Mariko ahots grabeen lerroak ez zuen arrakastarik izan soinua orkestraren gainetik pasatzeko saiakeran, eta euren parte hartzea bizitasunik gabekoa izan zen lehen mugimenduan. Aldiz, emakumeen ahotsek dinamika ederrak marraztu zituzten bigarrenean. Azken mugimenduan, abesbatzaren emisio faltari orkestraren gehiegizko soinua gehitu zitzaion eta, ondorioz, ahoskera eta definizio urriko masa bihurtu zen Sorgin dantza.

Jatorriz, Gaspard de la Nuit pianorako idatzi zuen Maurice Ravelek 1908an, baina Hamabostaldian Marius Constanten 1990eko orkestrazioa entzun ahal izan zen. Horrek aurkezten duen obra Ravelenarekin duen harremanaren inguruko eztabaida airean utzi beharko dugu oraingoan. Edonola ere, Treviñok zorroztasunez garatu zituen erritmo eta irudien segidak. Nabarmentzekoa, bestalde, zazpi perkusionistek Scarbo mugimenduan egindako lan bikaina.

Kontzertuaren bigarren zatian, Euskadiko orkestrak bere gaitasun guztiak azaleratu zituen Bela Bartoken Bizar Urdinen Gaztelua ekitaldi bakarreko operan murgiltzeko. Kolore biziz, tinbre biribilez eta zama dramatiko sakonaz osatutako oturuntza eskaini zuten, soken sekzioaren sostengu ederrari esker. Rinat Shaham mezzosopranoak Judith sinesgarria interpretatu zuen, batzuetan atzetik zetorkion zurrunbiloak bere ahotsa irensten bazuen ere. Mikhail Petrenkoren ahotsean indarrez betetako Bizar Urdinaren rola ageri zen, tesitura guztian irmotasuna mantenduz. Ia konturatu gabe, amaierako iluntasuna iristean guk geuk ere barneko ate guztiak zabalik genituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.