Elkarrizketa eta enpatia dira gatazkaren zauriak josteko behar diren haria eta orratza

ETAren eta estatuaren bina biktima elkartu dira, motibazio politikoko indarkeriak buru osasunean nola eragin dien hitz egiteko

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Motibazio politikoko indarkeriaren lau biktima elkartu ziren atzo Donostiako Aieteko jauregian, jasandako bortizkeriak haien buru osasunean izan duen eraginaz hitz egiteko. Bi ETAren biktimak dira —baten senide bat hil zuen ETAk, eta bestea atentatu batetik bizirik atera zen—, eta beste bi, estatuarenak —bat torturatu egin zuen Poliziak, eta bestearen senide bat ere bai—. Espazio seguru batean kontatu ahal izan zituzten beren emozioak, eta hori errespetatuko du BERRIAk. Indarkeriak buru osasunean eragin dizkien zauriak osatzeko elkarrekin hitz egiteari eta enpatia lantzeari garrantzia eman zioten laurek. Horiek dira hautsitakoa josteko behar diren haria eta orratza.

Ikusi gehiago:Biktimak «subjektu» gisa hartzeko hitzen eta ekintzen bila

ETAk senide bat hil zionak nabarmendu zuen galera hark eragindako mina bizitza osoan izango duela berekin. «Haustura erradikal bat izan zen; errealitatetik aterata sentitzen nintzen. Ordura arte ezagutu gabeko emozio batzuekin egin nuen topo: beldurra, zaurgarritasuna, hauskortasuna. Baliabideak behar nituen horri aurre egiteko. Orduan ez nuen nabaritzen, baina espazio seguruak behar nituen bizi izan nuenaz hitz egiteko. Oso zaila zen sakontzea: ez nekien nola heldu horri. Urte askoan sentitu nuen nigan zerbait txarra zegoela, baita lotsa ere», aitortu zuen biktimak.

Poliziak torturatu zuenak, berriz, kontatu zuen berak ez ezik bere ingurukoek ere jasan dituztela komisarietan jasan zituenak: «Nire ingurukoek bizi behar izan dituzte gauetan oihuka, negarrez esnatzen nintzen uneak. Ametsak oso gogorrak dira, ezin baitituzu kontrolatu». Errua, beldurra eta bakardadea dira torturek utzi dioten arrastoa: «Errua pozoi bat da. Komisarian hitz egiten duzu, eta edozer esaten duzu salbatzeko. Edozer, e! Traizio sentsazio bat geratzen zaizu, eta pozoi hori betiko geratzen da zurekin. Beldurra: kalabozoan sentitzen duzuna barrenean gelditzen da betiko. Bakardadea: haien eskuetan zaudela jakitea, eta ezin zaituela inork salbatu. Horrek hautsi egiten zaitu».

ETAren atentatu batetik bizirik atera zenak, berriz, aitortu zuen buru osasuna ez zela izan bere lehentasuna: «Nik zauri fisikoak osatu nahi nituen lehenengo. Nire ardura nagusia zen lagunekin jolasteko modua ahalik eta azkarren izatea. Ume normal bat izan nahi nuen».

Torturak jasandako pertsona baten senideak azaldu zuen isilik egoteko beharra sentitu zutela, isilik egotekoa, «ez gintzaten kritikatu eta ez gintezen epaituak sentitu». Haien beharrei bizkar eman zietela aitortu zuen: «Babestuak eta entzunak sentitzeko beharra genuen, baina garai hartan ez genion geure buruari aukerarik eman besteen aurrean zaurgarritasuna eta ahultasuna erakusteko».

Torturak jasan zituenak kontatu zuen «bunker batean» sartu zuela bere burua: «Berriro bizitzen ikasi behar izan nuen, eta nire helburua bizirautea izan zen. Bizirauteko modu bakarra zen ahalik eta gutxiena kontatzea, xehetasun gehiegirik gabe. Estali egin nuen, mina eragiten zidalako».

ETAk hildako pertsona baten senideak aitortu zuen «zaila» egin zitzaiola hilketa horren ostean egunerokora itzultzea, baina azaldu zuen mesede egin ziola jasandako sufrimendua partekatzeak: «Beste biktima batzuk ezagutzeak asko lagundu zidan. Nik ez nekien behar nuenik, baina nire antzeko bizipenak zituzten pertsonekin hitz egitea oso positiboa izan zen niretzat. Nire testigantza emateko pausoa eman nuen, eta, erronka handia den arren, asko eman dit maila pertsonalean. Sentiberatasuna eta enpatia topatzeak lagundu egin dit».

Laguntza psikologikoa

ETAren atentatu bat jasan zuenak ere esan zuen mesede egin ziola bizitakoa kontatzeak, baina aitortu du kosta egin zitzaiola emozioak kudeatzea: «Nik ez nekien zer sentitzen nuen: amorrua, mina... Sentimendu asko nituen barruan. Laguntza psikologikoak lagundu dit, baita nire esperientzia jendearekin partekatzeak ere. Entzuteak ere bai. Uste nuen niri bakarrik pasatu zitzaidala. Beste batzuen mina entzuteak lagundu dit nire bidea egiten».

Torturak jasandako pertsona baten senideak nabarmendu zuen Aieteko jauregian izaten ari ziren elkarrizketaren modukoak beharrezkoak direla motibazio politikoko indarkeriaren biktimentzat: «Politikoki neutroak diren tokiak, konfiantza eragiten dutenak zure bizitza berreraiki nahi duzunean eta zauriak sendatu nahi dituzunean».

Gizartea «berreraiki» behar dela esan zuen: «Ondorengoek ez dezatela hau berriro jasan behar izan. Gu isildu egin gara geure seme-alabek sufritu ez dezaten. Hitz egiten dugunean, ez diezaiegun gorrotoa transmititu».

Euskal Herriko gatazka politikoak zauriak eragin dizkie laurei, eta laurek bi hitz azpimarratu zituzten: elkarrizketa eta enpatia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.