Albistea entzun

Konstituzionalak ebatzi arte, 'Bateragune auziko' epaiketa ez da berriz eginen

Gorenaren sententzia etetea erabaki du auzitegiak, hainbat iturriren arabera. Auzipetuek salatu dute ez dutela jakinarazpen ofizialik jaso
Miren Zabaleta eta Iñigo Iruin, joan den abenduan, Donostian.
Miren Zabaleta eta Iñigo Iruin, joan den abenduan, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko urriak 29

Oraingoz, ez dute berriz eginen Bateragune auziko epaiketa. Hala erabaki du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Espainiako berri agentzia eta hedabide batzuek auzitegiko iturriak aipatuta atzo arratsaldean zabaldu zutenez. Auzipetuek salatu dute, ordea, defentsari ez zaiola oraindik jakinarazpen ofizialik ailegatu: «Komunikabideei egindako filtrazio bat da, eta espero dugu baieztatzea». Ohartarazi dute «ohituta» dauden arren «eskandalu» bat dela hala gertatu izana: «Autoa berretsi eta irakurri ondoren, xehetasun handiagoz baloratuko da datorren astean, termino juridiko eta politikoetan».

Berri agentziek eta komunikabideek zabaldutakoaren arabera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki du Bateragune auziko defentsak jarritako babes helegitea aztertuko duela lehenik, eta, beraz, horri buruz ebatzi artean ez dituztela Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diez berriz epaituko Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zehazki, Konstituzionalak erabaki du behin-behinean etetea Espainiako Auzitegi Gorenak joan den abenduan Bateragune auziko epaiketa berriz egiteko emandako sententzia, Konstituzionalak babes helegitearen mamiaz eztabaidatzen duen bitartean.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak joan den urriaren 15ean erabaki zuen auzipetuen defentsak jarritako babes helegitea tramiterako onartzea, eta erran zuen epaiketaren errepikapena eteteaz aitzinago ebatziko zuela. Erabaki izanen luke, bada, eta Iñigo Iruin abokatuak eskatu zuenari men egin izanen lioke, beraz, Konstituzionalak. Izan ere, abokatuak galdegina zuen helegiteaz ebatzi artean bederen ez zezatela berriz egin Bateragune auziko epaiketa. Babes helegitearen mamiaz zer erabakitzen duten aitzinago jakinen da.

Konstituzionalak berak urriaren 15ean jakinarazi zuenez, nolanahi ere, auzipetuen defentsak jarritako babes helegiteak «transzendentzia konstituzional berezia» du, «auziak arazo bat planteatzen duelako edo eragiten diolako oinarrizko eskubide baten alderdi bati zeinari buruz ez dagoen doktrina konstituzionalik». Konstituzionalak erabakitzen duenak garrantzi berezia izanen du, beraz; eta ez bakarrik Bateragune auziko auzipetuentzat.

Aurrekaririk ez duen gaia

Auzipetuen defentsak Konstituzionalean jarritako babes helegitean argudiatu zuenez, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den abenduaren 14an emandako epaiak —alegia, Bateragune auziko epaiketa hutsetik berriz hasteko eskaerak— urratu egiten du auzipetuek benetako babes judiziala izateko duten eskubidea. Zehazki, defentsak uste du Gorenak emandako ebazpenak non bis in idem printzipioa urratzen duela; hau da, ez duela errespetatzen auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea. Iruin abokatuak aurkezturiko helegiteak zehazten du, gainera, bortz auzipetuek osorik bete zituztela 2011n Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri eta 2012an Gorenak berretsitako espetxe zigorrak: Zabaletak, Rodriguezek eta Jacintok seina urte egin zituzten kartzelan, eta Otegik eta Diezek, seina urte eta erdi.

Defentsak Konstituzionalean jarritako helegiteak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia ere hartzen du erreferentzia gisa. Izan ere, 2018an Estrasburgok emandako epaiak zehazten du auzipetuen eskariz baino ezin dela berriro egin Bateragune auziko epaiketa. Kasu honetan, auzipetuek ez dute horrelakorik eskatu; baina, 2011ko sententziari aurkezturiko kasazio helegiteari erantzunez, Goreneko epaile guztiek aho batez ebatzi zuten Bateragunekoen epaiketa berriro egin behar zela.

Iruin abokatuak joan den abenduaren 21ean egindako agerraldian adierazi zuen ez zuela «dudarik» Konstituzionalak babes helegitea tramiterako gutxienez onartuko zuela, eta otsailean BERRIAri baieztatu zion lehen aldia litzatekeela auzitegi horrek horrelako auzi bati buruz ebatziko lukeena. Iruinen ustez, Konstituzionala behartuta legoke horri buruzko iritzi bat ematera, eta hala gertatu da. Mamiaz ebatzi artean epaiketa berriz egiteko agindua etetearen eskaerari ere egin izanen lioke men orain.

Konstituzionalak aztertu izan du lehenago non bis in idem printzipioa, baina ez Bateragune auziaren ezaugarriak dituzten kasuetan. Auzi horren bereizgarrietako bat da Estrasburgok emandako sententzia baten ondorioz eskatu duela Gorenak epaiketa berriz egiteko; eta, bertzea, auzipetuek zigorrak osorik beteak dituztela. Era berean, Espainiak 2015ean zehaztu zuen Estrasburgoko sententziak nola betearazi behar zituen, eta hori ere urratu zuen Gorenaren epaiak: izan ere, berraztertze helegite baten bidez betearazi behar dira epai horiek berez, eta berraztertze helegitea aztertu ondoren agindu zuen Gorenak epaiketa berriz egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Adineko egoitza bat ©Gorka Rubio/ Foku

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetako neurri batzuk arindu dituzte

Edurne Begiristain

Positibo ematen duten egoiliarren bakartze aldia zazpi egunera murriztu dute, eta txertatutako kontaktu estuak eguneko zentroetara joan ahalko dira.

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Julen Aperribai

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda, Donostiara iritsiko da lasterketa. Ikusi egunez eguneko ibilbidea eta ordutegia albiste barruan.

Autodiagnostikorako gune bat Gurutzetako ospitalean ©Aritz Loiola/ Foku

Egun bakarrean 122 pertsona ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian

Edurne Begiristain

Guztira, 1.110 gaixo daude ospitaleratuta gaitzarekin, horietako 155 ZIUetan. Nafarroan, gutxienez 6.000 lagun berrinfektatu dira izurri hasieratik.

Iruñeko kartzela ©Idoia Zabaleta/ Foku

Iruñeko espetxean berrogei preso kutsatu dira, eta ziegan bakartu dituzte

Berria

Bisitak bertan behera utzi dituzte agerraldia izan den moduluan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.