Gizartean ezkortasuna errotu dela iritzi dio Laboral Kutxak

Kontsumitzaileen %38k uste dute 2023an gutxiago erosiko dutela. Aurrezteko itxaropena dutenen kopurua asko apaldu da

Emakume bat denda bateko erakusleihoari begira, Bilbon. O. M. E. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ez dira garai onak ekonomiarentzat, eta, ondorioz, hamar kontsumitzailetik lauk gutxiago gastatuko dute 2023an. Hori da Laboral Kutxak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontsumitzaileen artean eginiko konfiantza inkestaren ondorio nagusietako bat. Hiru hilean behin hartzen du lagina, eta urte hasierako baikortasuna desagertu egin da. Inflazioaren eta energiaren kostuen eraginez, aurtengo hirugarren hiruhilekoan zabalduriko ezkortasun giroari eutsi zaio laugarrenean. Dena den, ez da salbuespena, Europako Batasun osoan zabalduriko uste bat da eta.

Inkesta erantzun duten kontsumitzaileen %38k gutxiago edo askoz gutxiago gastatuko dute 2023an, eta hamarretik bederatzik baino gehiagok ez dute gastu handirik egiteko asmorik —etxebizitza edo autoa erosi, altzariakaldatu...—. Urte hasieran, %13k uste zuten 2023a egokia izan zitekeela erosketak egiteko; orain, baina, %6 baino ez dira. %48k, bestalde, antzera gastatuko dute.

Ahalegin horrek aurrezteko ahalmenari eragingo dio. Izan ere, 2023an aurrezteko aukeraz galdetzean, baikortasuna asko apaldu da urteak aurrera egin ahala. Urte hasieran aurrezteko itxaropen handia zegoen arren —+15eko ratioa lehen hiruhilekoan—, egun-17koa da. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, -6koa zen, eta nabarmen egin du okerrera neguan. Pandemiaren gogorrenean ere ez zen egon hain apal.

Eta zergatik hain iragarpen kaskarrak? Bada, oro har, uste dutelako ekonomiak okerrera egingo duela. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan inkestak emaniko konfiantza ratioa -22koa zen, eta, egun, -23koa da. Alde horretatik, Europako beste herrialdeekin bat datoz: Frantzia (-20), Alemania(-27), Danimarka (-21) Espainia(-30) eta Herbehereak (-31).

Datu orokorragoen inguruan galdetuta, ekonomiaren egoeraren inguruko itxaropena oso apal dago (-39); langabeziaren bilakaeraren inguruko ikuspegiak, aldiz, hobera egin du. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan -18koa zen; orain, berriz, -14koa da. Inkestako daturik baikorrena da, eta uste horrek bat egiten du Gizarte Segurantzako afiliazioarekin, langabezia tasak behera egin baituazken hiru hilabeteetan.

Enpresak, egonkor

Enpresei ere helarazi die inkesta Laboral Kutxak, eta haiek 2023ko lehen hiruhilekorako iragarpenak egin dituzte. %80,4k uste dute lantaldeari antzera eutsiko diotela, eta %8,7k bakarrik txikituko dute. Fakturazioari dagokienez, %57k uste dute antzera jarraituko duela, eta %23k okerrera egingo duela. Errentagarritasunaren inguruko pertzepzioa ezkorragoa da: %56k antzekoa espero dute, eta %32,6k, txikiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.