Malcolm X hiltzea egotzita kartzelatutako bi pertsona absolbitu ditu epaile batek

Manhattango Fiskaltzak nabarmendu du azterketa batek erakusten duela FBIk eta New Yorkeko Poliziak «froga erabakigarriak» ezkutatu zituztela

TIME & LIFE PICTURES/GETTY IMAGE / BESTEAK.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Manhattango Fiskaltzaren eskaria onartu du New Yorkeko Auzitegi Gorenak (AEB), eta absolbitu egin ditu 1965ean Malcolm X ekintzailea hiltzea egotzita kartzelatutako hiru pertsonetako bi. Duela urte eta erdi pasa auziaren espedientea berriro ikertzen hasi ziren, eta ondorioztatu dute New Yorkeko Poliziak eta FBIk «froga erabakigarriak» ezkutatu zituztela. Cyrus Vance fiskalak The New York Times egunkariari esandakoaren arabera, Muhammad Abdel Azizek eta Khalil Islamek ez zuten «merezi zuten justiziarako sarbiderik» eduki. Lehendabizikoa 1985ean atera zen kartzelatik, eta 83 urte ditu; bigarrena 1987an irten zen, eta 2009an hil zen. Ezarri zizkieten zigor «justifikaziorik gabekoak» —bizi guztikoa— baliogabetu ditzala eskatu zion atzo fiskalak auzitegiari. Mujahid Abdul Halim izan zen hirugarren zigortua. Epaiketan, 1966an, hilketa aitortu zuen eta adierazi Aziz eta Islam errugabeak zirela. Halim 2010ean atera zen kartzelatik. 80 urte ditu.

Afro-amerikarren giza eskubideen aldeko borrokaren ikur nagusietako bat izan zen Malcolm X (1925-1965). New Yorkeko Audubon antzokian tiroz hil zuten 1965eko otsailaren 21ean, hitzaldi bat emateko pronto zegoenean. Hilabete batzuk lehenago Islamaren Nazioa utzi zuen, mugimenduaren bueltan tentsioa areagotzen ari zelako. Horren ondoren, heriotza mehatxuak salatu zituen Malcolm X-k. Hain zuzen ere, mugimenduko kideak ziren New Yorkeko Auzitegi Gorenak kargugabetu dituenak. Azkeneko 22 hilabeteotan fiskaltzaren bulegoak eta akusatuen abokatuek eraman dute aurrera ikerketa. 2020an erabaki zuen Vancek espedientea berriro zabaltzea; izan ere, Netflix plataformak orduan zabaldutako dokumental sorta batek zalantzan jarri zuen zigortuetatik bi hilketaren egileak zirenik. Hori bera egiteko eskatu zion The Innocence Project-ek, epaiketetako hutsegiteen aurka borroka egiten duen irabazi asmorik gabeko elkarteak.

Gainera, ikerketa hori egiten hasita zeudenean, ekintzailearen hiru alabek ere espedientea zabal zedila galdegin zuten joan den otsailean. Horretarako, Raymond Wood New Yorkeko Poliziako ezkutuko agente batek zendu aurretik helarazi zien aitortza gutuna erakutsi zuten froga gisa. Horren arabera, Poliziak eta FBIk «konspiratu» egin zuten, eta eskatu zioten eskubide zibilen aldeko mugimenduan infiltratzeko, eta, behin barruan egonda, liderrak delituak egitera bultzatzeko.

Fiskaltzaren iturriak aintzat hartuta The New York Times-ek kaleratutako informazioak dioenez, FBIk auziaz dituen hainbat dokumentuk «beste susmagarri batzuk inplikatzen dituzte». Woodek 2011n idatzitako testuan adierazi zuenez, hilketaren xehetasunak ezkutatu zituen Poliziak.Gaineratu zuen erasoa gertatu aurreko orduetan bere egiteko nagusia izan zela hilketaren egunean ekintzaileak bizkartzainik ez izatea. Hain zuzen, egun batzuk lehenago atxilotu zituzten segurtasun taldeko kideetako bi.

Hortaz, auzitegiaren ebazpenarekin indar handiagoa hartu du Poliziak eta FBIk orduan rol ilun bat jokatu zutela adierazten duen tesiak. «Hutsegite larri hau onartu beharra daukagu», esan dio Manhattango fiskalak egunkariari.

Malcolm X-ren hilketak AEBak astindu zituen, eta, nolabait, hamarkada hartan herrialdean zehar zabaldu ziren tentsio politikoak eta sozialak sinbolizatu zituen. Kontuan hartu behar da bi urte lehenago John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidentea hil zutela, eta 1968an, giza eskubideen aldeko beste ikur nabarmenenetako bat: Martin Luther King.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.