jokin sagarzazu
GEURE KONTU

Erretzeari uzteko aitzakia bat gutxiago

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Inork imajinatzen al du zigarro marka handi batek kalte ordainak eskatzea gobernu batek leku publikoetan erretzea debekatzea erabaki duelako? Hori edo antzeko zerbait gertatzen da energiaren sektorean, Energiari buruzko Gutunaren Itunarengatik (IEC): konpainia batek auzitara eraman dezake ituna sinatu duen herrialde bat, uste badu araudi aldaketek herrialde hartan dituen interesei kalte egiten dietela.

Hitzarmena 1994an egin zuten, eta egun berrogeita hamar bat estatuk parte hartzen dute. Jatorriz, Sobietar Batasuneko izandako herrialdeetan inbertitzea erabakitzen zuten kanpoko konpainien interesak defendatzeko egin zen, gerta zitezkeen aldaketa politiko eta sozialetatik babesteko; adibidez, balizko nazionalizazioetatik edo ustiapen baimenetan eginiko aldaketetatik.

Orduan, nazioarteko testuingurua beste bat zen, eta klima krisia ez zen mehatxutzat hartzen. Orain, sinatzaile gehienek— batez ere Europako Batasunekoek — uste dute itunak ez duela zentzurik. Espainiak eta Frantziak iragarri berri dute utzi egingo dutela, baita Herbehereek eta Poloniak ere, eta Alemaniak ez du baztertzen bide bera hartzea. Italia duela sei urte joan zen.

Itunaren erreforma negoziatzen aritu dira, eta ekainean akordio bat iragarri bazuten ere, ez du aurrera egin testuak. Horren arabera, enpresek aukera izango zuten erregai fosilen ustiapen lizentziak 2030era arte luzatzeko, eta gas zentralen kasuan 2040ra arte. Horrek talka egiten du gobernu askoren erabakiekin, eta, bereziki, klima krisiaren aurka borrokatzeko Parisko Akordioan jasotako helburuekin.

Hitzarmenak eragina dauka gobernuek ingumen politiketan hartzen dituzten erabaki gehienetan: izan ikatzari loturikoetan, energia nuklearri buruzkoetan, gas eta petrolio ustiaketetan, eta baita ibaietan uraren kalitate estandarrei eta ingurumen inpaktuari buruzko erabakietan. Gaurko testuingurura ekarrita, adibidez, Errusiako Gazpromek erabil dezake Alemaniari milioi askoko konpentsazioak eskatzeko, NordStream 2 gasbidea erabiltzeko lizentzia ez emateagatik.

Lotsarik gabe

Horrelako beste itun batzuetan bezala, salaketak nazioarteko arbitraje auzitegietan ebazten dira: justizia sistema paralelo bat, non, besteak beste, ez den zuzenbide nazionala aplikatzen. Galduz gero, gobernuek kalte ordain handiak pagatu behar dituzte. Horrez gain, salaketa baten mehatxu soilak atzera eraman ditzake ingurumena babesteko legeak egiterakoan.

Adibidez, 2017an, Frantziak iragarri zuen, 2040tik aurrera erregai fosilak erauztea debekatuko zuela eta baimenen berritzea mugatuko. Herrialde hartan inbertsioak dituen Kanadako Vermillion konpainiak auzitara jotzeko keinua egin zuen; gaur egun, ustiapen baimenak 2040ra arte berritu daitezke, eta ondoren ere bai, baldintza jakin batzuekin. Beste adibide bat: 2019an Herbehereek iragarri zuten 2030etik aurrera ikatzaren bidez argindarra sortzea debekatuko zutela, eta han zentralak dituen Alemaniako RWEk salaketa jarri zuen iaz, 1.400 milioi euro eskatuz. Aurten, gobernuak ikatzezko zentralen ekoizpen ahalmena handitu du, gasaren krisia argudiatuta. Espainia da azken hamarkadan salaketa gehien jaso duen herrialdea; besteak beste, frackinga debekatzeagatik. Konpainiek 21 kasu irabazi dituzte, eta Madrilek 1.100 milioiko zigorra du ordaintzeke.

Transnational Institute erakundeak azpimarratu duenez, energia konpainien atzean kapital funts handiak daude, eta haiek egiten dituzte salaketen %85, abokatu bulego handien laguntzarekin.Gobernuen edozein erabaki hartzen dute aitzakia gisa negozioa egiteko. Adibidez, pandemian, estatuak auzitara eramatera animatu zituzten energia konpainiak, pobrezia energetikoari aurre egiteko hartutako neurriengatik; berriki, gauza bera egin dute gasa, argindarra zein gasolinaren prezioak murrizteagatik.

Litekeena da datozen hilabeteetan egun bizi dugun krisi energetikoa areagotzea eta, horrekin batera, konpainia handien eta gobernuen arteko borrokak. Herrialde batzuek hitzarmena uzteko urratsa egin dute. Damoklesen ezpata bizkar gainetik kenduta, hemendik aurrera ausartago jokatzeko aukera izango dute, eta erretzeari uzteko aitzakia bat gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.