Koronabirusa

Oxforden egin duten txertoa ere Europan onesteko prozedura martxan ipini dute

Espero da hila amaitu aurretik txerto horrek ere onespena izatea, ondo bidean. Baimenduriko hirugarren txertoa izango da, eta merkatura aurki helduko dela iragarri dute

TXERTOA. Oxfordek eta Astrazenecekak elkarlanean ondutako txertoaren dosi bat. J. GIDDENS / EFE.
arantxa iraola
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Ezusterik ezean, hil honen amaierarako COVID-19aren aurkako hiru txerto izango dituzte eskura Europako Batasuneko osasun sistemek. Pfizer eta Biontech botika konpainiek egindako txertoak abendu amaieran lortu zuen Sendagaien Europako Agentziaren onespena, eta urtea amaitu aurretik txerto horren lehen dosiak jartzen hasi ziren hainbat tokitan. Moderna konpainiaren txertoek ere badute dagoeneko oniritzi hori, eta atzo agentziako atea Oxfordeko Unibertsitateak eta Astrazeneca konpainiak jo zuten, elkarrekin ondu duten txertoarentzat onespen eske. Urtarrilaren 29rako han egin beharreko izapideak bukatzea espero dela esan zuten atzo, eta berehala egingo dela gero txertoa salgai jartzeko prozesua. «Behin zientzialariek baimena eman ostean, laster batean egingo dira erabiltzen hasteko pausoak», adierazi zuen Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, pozik eta baikor: «Albiste ona da gaur botika konpainiek agentziara jo izana».

Oxforden landu duten txertoak ere, gainerakoek bezala, ez du behin betiko baimenik lortuko oraindik; baldintzapean emandakoa da, eta txertoaren gaineko ikerketak egiten eta horien datuak ematen jarraitu beharko dute ikertzaileek. Baldintzapeko baimen horiek eman dira kasu honetan COVID-19aren izurriak sortu duen egoera larriari aurre egiteko. Hain azkar ematen ari dira baimen horiek, gainera, zientzialariek ere aparteko ahalegina egin dutelako, txertoak garatu ahala, horiei buruzko informazioa helarazten joan dira, eta hutsetik ez dute hasi behar izanorain txertoei oniritzia eman behar diren erakundeek. Txerto honek ere, merkatura irteten bada, «segurtasuna, eraginkortasuna eta kalitatea» bermatutako dituela oroitarazi zuten atzo Sendagaien Europako Agentziako eledunek. Erresuma Batua izan zen lehena txerto honi oniritzia ematen: abenduaren 30ean.

Esperantza handia dago txerto honetan. Hainbat abantaila nabarmendu dituzte adituek: merkeagoa da, eta, hotz handirik behar ez duenez, gailu arruntetan gorde daiteke. Horrek erraztu egingo du txertoa banatzeko ezarri beharreko logistika.

Modernaren txertoa

Oraingoz Euskal Herrian jarri diren txerto guztiak izan dira Pfizer konpainiak egindakoak. Aurki espero dira, ordea, Modernarenak ere. Atzo Espainiako Gobernuak adierazi zuen botika konpainia horrek egindako txertoz betetako 357 kaxa jaso zituztela, 37.500 dosi daudela hor, eta aurki hasiko direla autonomia erkidegoei ere horiek banatzen. Bruselatik heldu ziren atzo txerto horiek Espainiara, kamioiz; aurki antzeko operazioak ugaritu egingo dira, denera txerto horren 600.000 dosi jasotzekoak baitira Espainiako osasun agintariak. Arazorik ezean, Modernak helarazi dituen dosi horietako hainbat aste honetan bertan Osakidetzako profesionalen esku jartzea espero dutela esan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik.

Hala ere, txerto horiek heldu aurretik ere, badute lana txertoak ipintzen. Pfizerrek ondutako txertoaren 31.500 dosi jaso zituzten aurrena, eta erdia baino gehiago jarrita dauzkate, azkena emandako datuen arabera. Asteon txerto horren beste15.600 dosi heldu zaizkie, baina orotara 193.050 dosi jasoko dituztela esan dute. Pozgarritzat jo zuen, hala ere, atzo Sagarduik aurki Astrazenecaren txertoa eremerkatuan egon daitekeela jakitea. «Izan ere, halakoek ebatziko dute herritarrik gehienei txertoa noiz jarri ahal izango diegun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.