DARWIN ETA GU
Arraunlarien guraso torturatuak
Igandean Kontxan jardun zuten arraunlarien zenbat guraso edo aitona-amona atxilotu, torturatu edo hil dituzte okupazio indarrek zein bertoko poliziek? Joan diren hamarkadetan lehiatu ziren arraunlarien zenbat ondorengo daude estatu indarkeriaren biktimen artean? Kontxako banderaren alde duela 50, 60, 70 urte aritu ziren arraunlarien zenbat seme-alabak edo bilobak pairatu zuten, gero, torturaren gordina? Zenbatek heriotza?
Gatazka guztiek sortzen dute mina. Han eta hemen. Zaila da alde ororen zauriak sendatzea, baina ez ezina. Sufrimendua izan da nagusi Euskal Herrian. Horren arrastoa geurean dugu oraindik. Ez da erraz joango. Denbora beharko da hori gerta dadin. Eta gogoa, benetako gogoa. Errezeloek bizirik diraute. Elkar zelatatzen ibiltzea, aurrekoari kargu hartzea, zernahi den ere, ez da erarik egokiena bide malkartsua lauago bihurtzeko.
Euskal presoak etxera lehenbailehen itzultzeko eskatzea delitua da? Espetxean dagoen txikitako lagunari besarkada bat bidaltzea ere gaitzesgarria da? Euskal presoen eskubideen alde egun Euskal Herrian dagoen mugimendua gero eta zabalagoa dugu. Plurala da eta hainbat sentsibilitate biltzen ditu. Begi-bistakoa da. Presoen alde egiteak ez du derrigorrez esan nahi haiek egindako ekintzekin eta horien ondorioekin bat zatozenik edo txalotzen dituzunik. Denok dakigu hori. Beraz?
Kritikak kritika, bitxia da hemen zenbait lagunek erakusten duten moral bikoitza, hedabide gehienek aho batez babestuta. Astelehenean 50 urte bete ziren Augusto Pinochet jeneralak Txileko presidente Salvador Allenderen aurkako estatu kolpea eman eta diktadura odoltsua ezarri zuenetik. 1986. urtean haren kontrako atentatua burutu zuen Manuel Rodriguez Fronte Patriotikoa gerrilla taldeak —Wikipedian ez dute talde terroristatzat jotzen—. Eskoltako bost kide hil ziren atentatuan. Diktadorea bizirik irten zen, ordea.
Pinochet orduan hil balitz, ETAk Francoren agintaldian egindakoak arbuiatzen dituzten politikari eta kazetari askok ez zituzten, seguruena, gerrillariak terroristatzat joko. Edo ez zituzten ETAko kideak bezain zurrun eta zorrotz epaituko. Frankismoaren kontrako euskal erresistentzia armatuak diktadore espainiarra hil balu, aldiz, bestelakoa izango zen kontua. Ikusi besterik ez dago: Carrero Blanco otso odol zalea ia-ia bildots bihurtu digute. Hura hiltzea gaizki egon zen. Horixe dirudi orain, behintzat. Halakorik ez diete esan Txilen, Uruguain edo Hego Afrikan armak eskuan ibili zirenei. Mujica eta Mandelaren kasuetan, adibidez.
Gerry Adams Euskal Herrian izan denean ere ez dute ahotsa altxatu. Mendebaldeko establishmentak homologatzen duen sistema demokratiko britainiarraren aurka oldartu zen Adams, biolentzia bide, Irlanda askatua gogoan zuela. Mujica, Mandela eta Adamsi «hiltzea gaizki egon zen» esateko eskatzeko hamaika aukera izan dute. Ez dute deus ere esan. Zergatik? Besteek oraindik bide luzea dutela egiteko errepikatzen dute geografiaren araberako gure bakezaleek. Haiek ez, ala?
Nicolas Redondo Terreros kanporatu du, azkenean, PSOEk. Gaztea zela entzun nion, aurrean nuela, tortura nola justifikatzen zuen. Institutu garaiko LKIko lagun batek basakeria horretaz galdetu zion. Haren erantzuna: «Ulertu egin behar duzu. Astero ari dira poliziak edo guardia zibilak hiltzen». 80ko urteen amaieran izan zen, Santurtzin. Ordurako Eusko Legebiltzarreko diputatua zen Redondo Terreros.
Zenbat lagun etorri dira bat —eta bat datoz oraindik ere— iritzi horrekin, aho txikiarekin bada ere? Non zeuden haiek, non haien ahotsa, euskal gazteak aurpegia desitxuratuta eta gorputza ubelduta kartzelan sartzen zirenean?
Igandean Kontxan itsasoratu ziren arraunlarien artean badago inor, aitona edo amona torturen biktima izan duenik? Nola sentituko litzateke birraitona edo birramona sadismo basatienaz jipoitu eta txikitu zuen polizia buru faxista nazi torturatzaile baten izena Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroan dagoela baleki?
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.