Zaldibarko luiziaren urteurrena

Zaldibar Argitu herri plataformak jaso du kanpaina onenaren Argia saria

Herritarrek sortutako mugimenduak egindako lana aitortu dute. Larunbaterako hainbat mobilizazio antolatu ditu plataformak

Bergara, Lazkano eta Zabarte, Zaldibar Argituko kideak, sariarekin. ARGIA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Atzo jakinarazi zuen Argia aldizkariak nori eman dion aurten kanpaina onenaren saria, eta Zaldibar Argitu herri plataforma izan zen irabazlea. Kanpainaren muinari erreparatu zioten arduradunek saria emateko orduan: Langileak, osasuna, erantzukizunak. Zaldibar Argitu leloari. Mezuaren indarra goraipatu zuten, «bost hitzekin gaur egungo mundua zalantzan jarri eta milaka pertsonak babesteko moduko programa politikoa laburbiltzeko gaitasuna» erakutsi duela argudiatuta. Jokin Bergara, Janire Lazkano eta Gaizka Zabarte mugimenduko kideek jaso zuten saria.

Iazko otsailean abiatu zuten kanpaina, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia amildu eta han bi langile hil zirenean: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. «Herritarrek behetik gora sortutako mugimendu bat» dela azaldu zuten Argia-koek, eta «inurri lana» egin duela auzia ahaztu ez dadin. «Borrokan zorrotz jarraitu dute, gaia gori-gorian jarri eta euskal oasia sutan irudikatzeraino; mundu mailako pandemia honek gaia ia kolpetik desagerrarazi zuenean ere, lanean jarraitu dute», nabarmendu zuten; baita komunikazioaren esparrua «mimo handiarekin» landuz «zabaltasuna batzea» lortu dutela ere. Horiek izan ziren kanpaina saritzeko arrazoiak.

Argia saria jaso ostean mintzatu ziren Bergara, Lazkano eta Zabarte. Hala adierazi zuten: «Zabortegiaren hondamendiak denok asaldatu gintuen. Nola izan zitekeen posible, euskal oasian bizita, zabor artean itotzea? Nola izan zitekeen posible zabortegira gezur formako zabor gehiago isurtzea? Diru goseak, agintekeriak eta botere gehiegikeriak agintzen duten mundu honetan, gizatasun uharte moduan jaio zen Zaldibar Argitu. Senideei babesa eskaini, herritarren haserrea antolatu eta geure bizitzak eta inguru naturalari balioa emateko». Eskerrak eman zizkieten «ekintza kolektiboan sinetsi, eta modu batera edo bestera» ekimenean parte hartutako guztiei.

Larunbatean beteko da urtebete Zaldibarko zabortegia amildu zela, eta horren harira hainbat ekitaldi atondu ditu plataformak. Mobilizazioak egingo dituzte Zallan, Etxebarrian, Elgetan, Markina-Xemeinen, Zaldibarren, Eibarren eta Ermuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.