Mahlerren 8. sinfonia
Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 18.
Musika Hamabostaldiaren hitzordu handiena zen Gustav Mahlerren 8. sinfonia, horrek dakarren esfortzu materiala eta musikala dela medio: bi orkestra sinfoniko, hiru abesbatza eta zortzi bakarlari eskatzen ditu partiturak. Taula gainean laurehun pertsona egoteak dakarren konplexutasun logistikoaz gain, sinfonia hori konplexua da baita bere barne egituran ere. Sen ona behar da elementu bakoitzak bere tokia har dezan.
Sinfoniaren irekierak, Veni, creator spiritus ereserki latinaren hitzekin hasten denak, lehen mugimenduaren izaera bizia eta indartsua iragartzen du. Bi orfeoiak trinko, hari baxuen sostenguarekin ere sendo. Lehen mugimenduaren amaieran, hasierako gai hori berriro agertzen denean, kolore ederra gehitu zuten Easoko gazteek, baita obran zituzten gainerako parte-hartzeetan ere, Jene Rosen zatian, esaterako. Bakarlariak ere nahiko fin, Wegener eta Glueckert batez ere, eta zeinen ederra Urbieta-Vegaren Mater Gloriosa. Hala ere, egiaz, ez dakit ziur, metalen —bereziki tronpetaren— eta zeharkako txirulen gehiegikeriek beste instrumentuak hautematea eragotzi eta, gainera, tarteka min ere ematen zutelako.
Richard Specht musika historialariak jaso zuenez, Mahlerrek bere 8. sinfoniaren inguruan esan zuen sinfonia «garbia» zela, bertan instrumenturik ederrenak, ahotsak, berezko tokia hartzen duelako, baina ez gainontzeko sonoritateen artean kokatuta, baizik eta ideia poetiko guztiaren eramaile gisa. Ostiraleko emanaldiari erreparatuz, badirudi Robert Treviñok Mahlerren asmotik zerbait garrantzitsua galdu edo alde batera utzi zuela. Ez da ulertzen, bestela, nolatan onartu eta suspertu zitzakeen Kursaalean nagusitu ziren anabasa, kontrolik eza eta karranka. Tamalgarria, osagai onak zeudelako eta aukera bakarra, baina chefak ez zuen jakin afaria prestatzen eta, badaezpada, ketchup botila osoa hustu zuen plater guztien gainean.
Sinfonia itzela da, bai, baina ez dira gauza bera indarra eta presioa, erraldoi batek ez du zertan zanpatuz ibili. Akaso desberdintasun horiek ez zeuden argi.