Tunisiako Gobernuak eta sindikatuek berriz hasi dituzte elkarrizketak

Herrialdeak erreformak egin behar ditu NDFren laguntza jasoko badu, eta horiek sindikatuen eta patronalaren babesa behar dute

UGTT sindikatuak antolatutako protesta bat, ekainean, Tunisen. M. MESSARA / EFE.
Erredakzioa
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Urte hasieratik ari da Tunisiako Gobernua NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin negoziatzen, hirugarren mailegua eskuratu ahal izateko. Hura zenbatekoa izango den ez dute iragarri oraindik, baina adituek aurreratu dute 3.600 milioi euro inguru izan daitezkeela. Horretarako, ordea, erreformak egin beharko ditu Kais Saied presidentearen gobernuak, eta horiek, indarrean sartu aurretik, sindikatuen eta patronalaren onespena beharko dute. Baldintza hori jarri du nazioarteko erakundeak. Hori dela eta, berriz hasi dituzte elkarrizketak gobernuak eta UGTT sindikatuak.

Joan den ostiralean, Casbah jauregian bildu ziren Nadjla Buden lehen ministroa eta UGTTko idazkari nagusi Nureddine Tabubi. «Elkarlanean aritu behar dugu, datozen hilabeteetako erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko», nabarmendu zuen Budenek. Bi aldeek atzo zuten egitekoa lehen bilera.

UGTT sindikatua, herrialdeko handiena, hasieratik egon da gobernuak proposatutako erreformen aurka. Horien artean daude diru laguntzak murriztea, sektore publikoaren soldatak izoztea, eta enpresa publikoen berregituraketa. Sindikatuak ohartarazi du halako neurriek okerragotu egingo dituztela herritarren bizi baldintzak, eta protestak eragin ditzaketela.

Arriskuak saihestu

Ez da lehen aldia UGTT sindikatuak protestak deitzen dituela gobernuak onartutako erreformen aurka —egun osoko greba antolatu zuten joan den ekainean—, eta hori saihestu nahi du NDFk sindikatuaren onespena bilatuz. Ordea, adostasun nazionala bilatzeko ahaleginak zaildu egin dira Kais Saied presidenteak duela urtebete parlamentua desegin eta eskumen guztiak bere gain hartu zituenetik.

Tunisiaren zorra 39.200 milioi eurora iritsiko da urte amaieran, hau da, BPG barne produktu gordinaren %82,6, eta nazioarteko erakundeak ohartarazia du egoera «eutsi ezinekoa» dela. Saieden itxaropena da NDFren mailegua lortzeak bide emango diola nazioartetik bestelako sostenguak lortzeko ere.

Herrialdeko egoerak okerrera egin du azken hilabeteetan. Inflazioak goia jo zuen aurtengo ekainean, %8,2ra heltzeraino. Erregaiaren prezioa, esaterako, hirutan igo du exekutiboak. Joan den maiatzean protestak piztu ziren hainbat eskualdetan, animalientzako pentsuen garestitzearen aurka, eta gobernuak iragarri zuen igo egingo zituela oinarrizko zenbait elikagaien prezioak, besteak beste, esnearena eta arrautzena.

Ukrainako gerrak berak zuzeneko eragina izan du herrialdean, Munduko Bankuaren arabera, Ukrainatik inportatzen duelako kontsumitzen duen gariaren %60 eta Errusiatik garagarraren %66. Ekainean, Munduko Bankuak 127,6 milioi euroko mailegua onartu zion, garia eta garagarra erosteko.

Laguntza beharrean dauden familien kopuruak ere gora egin du 2010etik gaur arte: 650.000 gehiago ziren maiatzean. Gobernuko iturrien arabera, gainera, biztanleriaren ia erdia —hiru milioi pertsona inguru— egunean hiru euro baino gutxiagoarekin bizi dira. Langabezia, bestalde, %18,4 ingurukoa da, eta krisiak bereziko gogor jo ditu gazteak eta emakumeak. Lurraldeka, berriz, mendebaldean dute egoerarik okerrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.