Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Urrats garrantzitsua

2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Zinemaldia erakusleiho bikaina izaten da gure zinemaren nahiz atzerrikoaren uzta ezagutzeko, eta aurten, estreinakoz, euskarazko azpidatziekin emango dituzte Kursaal 1 aretoan programatutako Sail Ofizialeko film guztiak. Mota eta genero askotariko filmak euskarara ekarriak ikusiko ditugu, kanpoko edozein kulturatan sortuak. Eta dudarik gabe, albiste pozgarria da, itzulitako ikus-entzunezkoak gure kulturan integratzeko urrats bat delako, eta era berean, gure hizkuntza eta kultura nazioartean jartzen direlako. Atzerritarrak, zinemara sartzean, erdaren pare ikusiko du euskara, hemen beste hizkuntza bat ere badela, eta ez da gutxi, euskaldunontzat etsigarria izaten da-eta gure hizkuntza loreontzien pare jartzen dutenean, halako ekitaldietan.

«Borondatea baldin badago, posible da gauzak aldatzea. Segi dezagun bultzatzen, pantailak euskaraz eduki arte». Mezu hori zabaldu zuen Pantailak Euskaraz mugimenduak atzo, albistea eman berritan. Zinemaldiaren erabakia «txalotu» du mugimenduak, iaz horixe eskatzeko protesta egitera atera zen taldeak, eta txalotzekoa da, bai, zinema euskaraz ikusteko eskubidea bermatzen delako Sail Ofizialean. Asko geratzen da ikus-entzunezkoen mundua euskalduntzeko, baina aurrera egiteko borondatea eskertzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.