Hirugarren postua ospatu, eta, goizerako, krisia piztu da berriz AFDn

Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ez dago argi oraindik emaitza bikainak eskuratu dituzten alderdien artean historiako errekorra ote den, baina hirugarren postua ospatu, eta, goizeko hamarretarako, krisia piztu zen AFDn.

Berlinen prentsaurrekoa eskaintzekoa ziren eskuin muturreko alderdiko lehendakaria, Frauke Petry, hauteskundeetako bi hautagai nagusiak, Alexander Gauland eta Alice Weidel, eta Jorg Meuthen zuzendaritzako kidea. Mahaira eseri baino lehen, irribarretsu agertu ziren laurak argazkilarien aurrean. Mezu triunfalistak espero ziren, baina Petry izan zen iragarpen batekin kazetariak -eta bere kideak, bidenabar- ahoa bete hortz laga zituena: ez du AFDren talde parlamentarioan izan nahi nahi, eta independente moduan ariko da Bundestagen.

Joan den udaberrian Kolonian egin zen alderdiko batzarraz geroztik, bakarturik dago Petry. AFD eta beste alderdiak bereizten duen harresia eraisten haste aldera, politika pragmatikoagoak proposatu zituen, eta enbidoa galdu. Saxoniako bere barrutian zerrendaburu moduan aurkeztu zen, eta eserlekua aise eskuratu zuen igandean.

Bere erabakia atzo iragarritakoan, zutitu eta hanka egin zuen aretotik Petryk. Gauland, Weidel eta Meuthen isilik geratu ziren, begiradak gurutzatuz. Meuthen izan zen hitza hartzen lehena, eta «inork espero ez zuen bonba» lagata ihes egitea egotzi zion Petryri. Weidelek erantzun zuen giroan zebilen galdera: «Jakin berri duguna eta gero, bere erantzukizuna betetzeari uko egin badio, alderdia utzi dezan proposatuko nioke», adierazi zuen. Meuthenek AFDren barruan zatiketarik ez dela egongo gaineratu zuen, eta alderdian Petryk egin bezala errealismo gehiago eskatzen duen joerarik ez dagoela ziurtatu.

Eserlekuen %5 behar luke Petryk parlamentuan talde propioa osatu nahi badu: AFDk lortutako 93etatik 36 lirateke. Alderdiko lehendakariari batuko zaion beste parlamentaririk ez da agertu oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.