Albistea entzun

GEURE KONTU

Lehen sektorearen indar erakustaldia

Traktoreak Iruñeko Merindades plazan.
Traktoreak Iruñeko Merindades plazan. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko otsailak 23

UAGNk «historikotzat» jo zuen asteazkeneko nekazarien mobilizazioa. Traktore baten gainera igota, Felix Bariain idazkari nagusiak 1984an Tafallan egindako manifestazio handi batekin alderatu zuen, eta ozen esan zuen etorkizunean Iruñeko protesta harekin gogoratuko zirela. Indar erakustaldia izan zen, bai. 3.000 lagun inguru elkartu ziren Iruñean, gehienak laborariak eta abeltzainak. 300 traktore inguruk Iruñeko erdiguneko trafikoa paralizatu zuten, goitik behera. Bestelako mobilizazioetan ez bezala, poliziek ez zuten ezer egin. Gizarteak, oro har, bat egin zuen mobilizazioarekin. Dena den, Bariainek ohartarazi zuen euren egoera konpondu ezean ez direla errepideetatik aterako.

Orain arte, UAGN eta UCAN ez dira oso mobilizaziozale izan. Zergatik orain? Erakundeok edozein interpretazio politikotatik guztiz aldendu badira ere, Nafarroan UPNko eta PPko politikariek babesa eman diete protestei —agintean zirela, hitz politez harago, ezer gutxi egin zuten alderdiok—. Nafarroako EHNEk, berriz, ez zuen bat egin, euren aldarrikapenak urtarrilaren 30eko greban egin zirela argudiatuta. Horregatik, batzuen eta besteen asmoen atzean, nolabaiteko asmo politiko bat eta deserosotasun bat nabari da. Dena den, protestok testuinguru orokorrago batean datoz. Espainian, olioaren krisiak bultzatuta, kolpe ugari jaso ohi dituen lehen sektorea altxatu egin da. Trumpen muga zergak direla, brexit-aren ondorioak direla, Europako Batasunetik diru laguntzak %14 murrizteko aukera dela edo aspaldidanik kobratzen dituzten prezio bidegabeak direla, aski da esan dute.

Salneurrian jauzi handia

Iruñeko mobilizazioan elkartu zirenetako batzuei galdezka, denen ahotan azalpen bera entzun zen: jatorrian kobratzen zuten salneurria apala da, eta ez dator bat euren kostuen igoerarekin. Datuek islatzen dute alde handia dagoela kobratzen dutenaren eta kontsumitzaileek ordaintzen dutenaren artean. Adibidez, orburuen eta zainzurien kasuan, hiru bider handiagoa (%187 eta %192); letxugaren kasuan, aldea halako lau da (%304); tomateekin edo brokoliarekin, halako bost (%380 eta %392); porruekin, halako sei (%536). Abeltzaintzako produktuen kasuan, aldea ez da hain handia, baina batez beste hiru bider handiagoa da.

Prezioen errealitate horrekin batera, aspaldidanik laborantzaren inguruko datuak ezkorrak dira Euskal Herrian. Nafarroan, kasurako, azken hamabost urteotan ia nekazari eta abeltzainen erdiek lehen sektorea utzi dute: 2005ean, 4.748 profesional zeuden, eta, egun, 2.437 daude izen emanda. Gainera, horietatik guztietatik 382k baizik ez (%15,6) dute 40 urte baino gutxiago. Bariainek ohartarazi zuen egun 78 nekazarik soilik dituztela 30 urtetik behera.

Manifestazioaren kartel nagusiak, galdera deseroso bat egin zion gizarteari: Laborari eta abeltzainik gabe, nork elikatuko zaitu? Herritar askok euren aldarrikapenarekin bat egin dute, eta argi dago, halaber, gero eta kezka handiagoa dagoela bertako produktuak kontsumitzearen alde. Norbere bizitokitik gertuen dagoen ekoizpenak, kalitate ona ziurtatzeaz gain, garraioan kutsadura txikiagoa bermatzen du. Joera horren jakitun, supermerkatuetan eta saltokietan ere bertako ekoizpena sustatzen dute, baina, paradoxaz, horrek ez du islarik lehen sektoreak kobratutako salneurrietan. Ematen du marketin ugari dagoela bertako kontsumoaren sustapenaren atzean.

Erabat bidezkoa da hornidura katean laborari eta abeltzainek euren lanaren araberako negozio tartea irabaztea. Hala ere, aspalditik datorren aldarrikapen horri ez zaio irtenbiderik jarri. Orain, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aurreratu du elikagai katearen legearen erreforma aurkeztuko duela aurki. Ikusi beharko da zer dakarren proposamenak, eta lehen sektorearen haserrea baretzen duen. Bruselatik datozen haizeak, bederen, sumina areagotu besterik ez du egin.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Mitxel Lakuntza, atzo.</b> ELAko buruak aldarrikatu du grebak direla akordio onak lortzeko modurik onena. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Azken bi urteetan oinarrizko elikagaien prezioa %25,2 igo dela kalkulatu du ELAk

I. M. E.

Sindikatuko ikerlarien ustez, Hego Euskal Herriko inflazioa %4,1ekoa izango da aurten. Euskal bankuen mozkinak %50etik gora igo dira
Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orrokorra, atzo. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Sozietateen gaineko zerga igotzeko garaia dela esan dio LABek Jaurlaritzari

I. V. G.

Salatu du egungo zerga ereduak langileen zama handitzen duela, eta zerbitzu publikoak ahuldu
Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...