Elkargoko ordezkari berriak (I). Antton Kurutxarri. Euskal Elkargoko hizkuntz politikaren arduraduna

«Hizkuntza politikaren motor izan behar dugu»

BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Hirigune Elkargoko hamargarren lehendakariorde izendatu dute Antton Kurutxarri (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1978). Historia irakaslea da Baionan, eta gehiengoko kidea Baigorriko herriko etxean. Kargualdi berrirako kontseilu eragilean sartu da, eta hizkuntza politikaren buru izanen da ondoko sei urteetan. Elkargoa sortu zenetik, Beñat Arrabit Arrosako (Nafarroa Beherea) auzapez ohia aritu da lan horretan, eta lekukoa pasatuko dio baigorriarrari. Kurutxarrik uste du orain arte egituratze lana egin dela hizkuntza politikan, eta datozen sei urteetan «zinezko aitzinamenduak» egiteko gogoa erakutsi du.

2026. urtera begira Ipar Euskal Herrian euskararen lekua garatzeko politika global bat martxan ezarri nahi du, euskarari esparru publiko guzietan ikusgarritasuna emanez lehenik. Elkargoaren barne funtzionamenduan ere euskararen lekua handitzea jarri du erronka gisa. Bilanak, erronkak, hezkuntza, gaskoia: gai horiez aritu da BERRIArekin. Eta datozen sei urteei begira kargua nola eramanen duen azaldu du.

Orain arte, Beñat Arrabit izan da hizkuntza politikaren arduraduna. Zein da joan diren urteez egiten duzun bilana?

Elkargoak ez du bide luzerik: hiru urte baizik ez du. Beñat Arrabitek eraman duen lana eraikitzeaizan da gehienbat, hizkuntza politikaren ezartzea. Bazen anitz lan, sortu behar baitzen zerbitzu orokor bat. Lehengo hamar herri elkargoetan egoerak arrunt desberdinak ziren: teknikariek ez zuten denetan lan bera egiten. Arrabitek egin behar izan duen lehen gauza izan da hori dena berriz antolatzea, eta zerbitzuei bat eginaraztea; ez da hain sinplea izan.

Bigarrenik, ikusi behar da hor dela Euskararen Erakunde Publikoa [EEP] ere, eta Arrabitek hartu zuela EEPko lehendakaritza. EEPren eta elkargoaren arteko ardurak banatu behar izan ditu, bata bestetik bereizteko, eta bakoitzari errateko zer zuen egin beharra. Definitu behar izan du elkargoko euskara zerbitzua zertarako eta zer egiteko zen; gauza bera EEPrentzat. Eraginkorrak izateko, ez dira gauza berak egin behar bi erakundeetan. Hori izan da lanaren parte handi bat.

Elkargoaren barruan euskara hizkuntza ofiziala izateko erabakia hartu zenuten 2017an. Zertan da zuen engaiamendua?

Bai, onartu genuen euskara elkargoko hizkuntza ofizialetatik bat izatea. Beharbada, modu sinbolikoan egon da, baina uste dut tresna zinez baliatu behar dugula, euskara elkargoko hizkuntza ofiziala izendatzeko egin genuen deklaraziotik abiatuz. Artifizio juridiko bat da, hein batean, baina, gisa batez, euskarari leku bat aitortzea da, Frantziako Konstituzioak onartzen duenarekin eta onartzen ez duenarekin jostatuz. Hala ere, inportantea da, bozkatua izan da, eta seinale azkar bat da. Erran nahi du elkargoak arrunt bere gain hartzen duela aldarrikapen hori.

Oro har, hiru urtez gauza anitz eramanak izan dira, zerbitzuak antolatuak izan dira, eta ez da guti. Bakoitzaren lekua eta rolak emanak izan dira. Deklarazio mailan hitz ederrak erranak izan dira. Orain, zehaztu beharko ditugu.

Elkargoko hizkuntza politikako buru gisa, zein dira zure asmoak ondoko sei urteentzat?

Badut asmo sinple eta orokor bat —fite errana da, baina egituratzea konplikatuagoa da—: ene xedea da euskara gure lurraldean aise presenteagoa eta ikusgarriagoa izan dadin. Elkargoa sortu dugun tresna bat da, eta xantza dugu, bere gain hartzen baititu politika publiko anitz, populazioaz biziki hurbil direnak: haurtzaindegiak, hondakinak, ura, garraioa... Gauza horiek guziak, egunero gure jendeek, Ipar Euskal Herriko biztanleek baliatzen dituzten zerbitzuak dira. Orain arte martxan ezarri dugun antolaketa eta egin ditugun deklarazioak baliatuz, zinez euskara sarrarazten ahal dugu elkargoak dituen konpetentzietan, politika publiko guzietan, komunikazio guztietan...

Eta barne mailan?

Elebitasuna elkargoko eragile guztientzat bultzatzen badugu, galdegiten badiegu ahal bezainbat formatzea edo hartzen ditugun agenteak elebidunak badira... Egoera hobe genezake. Gero, kasu egin behar dugu legeak dioenarekin, lanpostu eskaera egitean, adibidez. Baina, hala ere, badira manerak euskarari leku bat emateko.

Leku guzietan bultzatu behar dugu euskararen presentzia, euskara entzun eta ikus dadin. Iruditzen zait elkargoak hor lan handi eta polit bat egin dezakeela.

Gainera, elkargoa herriei lotua zaie. Zilegitasuna badu herriek eman diotelako, herriek osatzen baitute elkargoa. Beraz, elkargotik eramaten bada hizkuntza politika hori, pentsatzen dut bultzatzen ahal ditugula urratsa egin ez duten herri batzuk. Elkargoak bultzaturik, herri horietan dinamikak abiarazten ahalko genituzke. Badira anitz herri abiatu direnak horretan, euskarari leku handiagoa eman nahian. Elkargoan, hizkuntza politikaren motor izan behar dugu.

Azken asteetan hainbat eraso izan dira euskararen kontra: Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan murgiltze eredua ezartzea debekatu du errektoretzak.

Biziki kezkagarria da gertatzen ari dena. EEPko kide ere banaiz, eta EEP aritzen da esparru horretan. Halere, elkargoaren boza entzunarazi behar da eraso horien aitzinean. Argi dena da eraso horien oinarri juridikoa biziki ahula dela, emanak izan diren arrazoiek ez dute baliorik. Konprenitzen dugu erabaki ideologiko bat dela horren gibelean, eta euskararekiko gogortze bat heldu zaigula errektoretzatik. Hitzorduak hartuak dira Hezkuntza Ministerioarekin. Elkargotik Jean Rene Etxegarai lehendakaria joanen da, parlamentariekin batera. Badakigu ez duela barkatuko, eta ahal bezain urrun joanen dira erasoari aurre egiteko.

Gehitu behar da eraso horren bidez jendarte guzia hunkitua dela. Orain hunkitzen dutena Hiriburuko eskola publikoko murgiltze sistema da; baina horrek erran nahi du gauza bera izanen dela eskola pribatu katolikoentzat, eta aski fite afera bero daitekeela Seaskarentzat. Murgiltze sistemari horrela erasotzen badiote, erran nahi du Frantziako Estatua kapable dela edonon erasotzeko. Jendarteak osotasunean eraman beharko duen auzia da. Politikoki ekartzea ez bada aski, sozialki ere mugitu beharko da.

Hezkuntzarena erronka handia da. EEP aritzen da Frantziako Gobernuarekin harremanak egiten. Elkargoak ba ote du rolik horren baitan?

EEP da euskarazko irakaskuntzaz arduratzen, aski definitua da. EEPk kudeatzen du Hezkuntza Ministerioarekiko harremana. Elkargoak ez du zuzenki parte hartzen, eskola ez baita elkargoaren eskumenetan. Aldiz, haurtzaindegiak bai: bada sare bat elkargoaren eskuetan dena, eta hor eskua sartzen ahal dugu hizkuntza politikari begira.

Euskara ez da elkargoko hizkuntza bakarra. Gaskoiaren egoera zertan da?

Gaskoia hilzorian da eremu honetan. Ez da gure eremu osoan mintzatua izan, baina garai batezpresentzia izan du leku batzuetan, halere. Gaurko egoera hartzen badugu, Aturri ibaiaren ingurua hunkitzen du gehiago: Bokaletik [Lapurdi] Bidaxuneraino [Nafarroa Beherea]. Baina han ere kinka biziki txarrean da, eta hiztun guti ditu. Bidaxunen bada dinamika txiki bat, Euskal Herritik kanpo diren leku batzuetan ere.

Dinamika eta motibazioa baden lekuetan gaskoia bultzatuko dugu, eta hor izanen gara sostengatzeko. Elkargoan badugu gaskoia dakien teknikari bat, eta herriek egiten badute galdera, elkargoa hor izanen da erantzu- teko. Entseatuko gara gaskoieraren hizkuntza politika ere garatzen.

Nahi ala ez, gaskoiak badu lekua Ipar Euskal Herrian; ez da ahantzi behar. Biziki minorizatua da, eta hilzorian da zinez. Ez dut erraten euskara salbu denik, estatu txarrean da gure hizkuntza ere. Baina euskarak badu dinamika militante bat; gaskoiak aise gutxiago. Horregatik, arreta handiagoa ekarri beharko zaio. Hein handian, herrien esku da. Elkargoak zerbait egiten ahalko du, baina hein bateraino. Herriak ez badira galdegile, mugatua izanen da gure jarduna.

Bihar: Renee Carrique, lehen lehendakariordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.