Iruzurrezko alokairuak salatzera deitu du Baionako suprefetak

Etxe kontratu iruzurrezkoen kontra borrokatzeko lurralde batzordea bildu da, lehen aldiz. Aldak jakinarazitako zortzi kasu aztertuko dituzte

Jerome Bourrier prokuradorea (ezkerrean) eta Philippe Le Moing-Surzur (erdian), atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Iruzurrezko alokairuen kontra borrokatzeko lurralde batzordea aurkeztu zuten atzo arratsaldean Baionako suprefeturan. Abuztu bukaeran iragarri zuen haren sorrera Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak —Polinesiara lekualdatuko dutela jakin da berriki, eta aurki jakinaraziko dute haren ondorengoa—. Hiru helburu nagusi zehaztu dituzte: alokairu kontratuetan dauden iruzurrak eta praktika ilegalak identifikatzea, erabiltzaileen eta elkarteen seinalamenduak aztertu eta prozedura egokietara bideratzea, eta maizterrak beren eskubideei buruz informatzea. «Helburua da alokatzaileei esplikatzea zerbait egin dezaketela», adierazi du Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetak.

Ekintza bat baino gehiago egin du urte guzian zehar Alda mugimenduak, aurkitu dituen hainbat egoera salatzeko. Ekainean, bilkura bat lortu zuten Paueko prefetarekin, eta esku artean zituzten zortzi kasu aurkeztu zizkioten. Horren emaitza da batzordearen sorrera, eta zortzi kasu horien azterketarekin abiatu dira. Horiek oinarri hartuta, sei seinalamendu egin dizkiote zerga administrazioari, bi seinalamendu Baionako Fiskaltzari, bi seinalamendu herritarren zaintzarako departamenduko zuzendaritzari, eta zortzi seinalamendu herriko etxeei.

Zerbitzu horiek dira, hain zuzen ere, batzordea osatzen dutenak, Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak eta Le Moing-Surzur suprefetak inguratuta. Oraingoz, ez dute zehazki erabaki batzordeak zer egitura izanen duen, ezta elkarteen parte hartzea bideratuko ote duten ere. Posta bat zabaldu dute, herritarrek eta eragileek seinalamenduak egin ditzaten: [email protected]. Jasotako kasu bakoitza zerbitzu egokira bideratzen saiatuko dira, eta, beharrezkoa denean, prozedura administratiboa, fiskala edo penala irekiko dute. «Badakigu biziki maizter gutxik jartzen duela salaketa; anitzetan ez dute araudia menperatzen, baina, salaketarik gabe, justiziak ezin du jardun», ohartarazi du Bourrierrek. Fiskaltzak prozedura bat irekitzea erabaki dezake, baina horretarako «informazio zehatz eta egiaztatua» behar dutela azpimarratu du: «Egunero jasotzen ditugu hamar lerroko mezu elektronikoak». Ahalik eta seinalamendu osatuenak bidaltzeko eskatu du. «Badakigu maizter anitzek zalantzak izaten dituztela salaketak jartzeko, etxebizitza galtzeko beldur direlako», gaineratu du suprefetak.

Horregatik, «pedagogia» lan bat abiatzeko asmoa dutela ere aipatu du Le Moing-Surzurrek. Ondoko aste eta hilabeteetan informazio kanpaina bat abiatuko dutela iragarri du: dokumentu pedagogikoak zabalduko dituzte espazio publikoan eta eragileen bidez, maizterrek beren eskubideen berri izan dezaten.

Gaur egun, ez dira gai iruzurrezko alokairu kontratuen dimentsioa neurtzeko; hori ere bada helburu bat. Oraingoz, hiru hilabetean behin bilduko dira, eta seinalamenduen arabera egokituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.