Hasiera berri bat ibilbide luze bati

Sortuk nahi luke ETAren amaierak «berpizkunde bat» eragitea euskal errepublika bat lortzeko bidean. 4.000 militante bildu ditu alderdiak Bilbon egindako ekitaldian. (Bideoa albistearen amaieran).

Bilbon bildutako nazioarteko ordezkaritza, Sortuko kideekin. M. RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bigarren berpizkundearen atarian irudikatu zuen Euskal Herria atzo Arkaitz Rodriguez Sortu alderdiko idazkari nagusiak, Bilbon. ETA desegin osteko ziklo politikoaren hasiera irudikatzea zen alderdiak Miribilla kiroldegian antolatutako Baietza sortzen. Konpromiso eta ilusioak eraberritzen izeneko ekitaldiaren helburua, eta 4.000 militante batu zituen deialdiak, Sortuk emandako datuen arabera. «ETAren sorrerak berpizkunde bat eragin zuen herri honetan», azaldu zuen Rodriguezek amaiera hitzaldian, eta «herrigintza ziklo berri bat» abiatzeko beharra aipatu zuen. «ETAren amaierarekin ere antzeko ziklo bati eman behar diogu hasiera». Sortuko idazkari nagusiaren hitzetan, «euskal errepublikaren oinarriak ezartzea» da orain haien egitekoa, eta horretarako «aliantza zabalak» garrantzitsuak direla esan zuen. «Bakea eta askatasuna ekarri behar dizkio ziklo berriak gure herriari». Autokritika beharrari aipamen zehatza egin zion, baina ezker abertzalearen ibilbide historikoa aldarrikatu zuen Rodriguezek, eta ekitaldi osoan protagonismo berezia izan zuten preso eta iheslarien gaiak eta nazioarteko elkartasunak.

Talde armatuak hartutako erabakiarekin ezker abertzaleak eta ETAk «euskal gizarteari emandako hitza» bete dutela adierazi zuen Rodriguezek. Zenbait eragile, ordea, bakea eta elkarbizitza eraikitzen aritu beharrean, gertatutakoari buruzko kontakizun bat «inposatzen» ari direla uste du Sortuko ordezkariak, eta akatsa da hori, haren esanetan. «Onak eta gaiztoak bereizten dituen kontakizun batekin ezin da bake justu, egonkor eta iraunkorrik eraiki».

Ezker abertzalearen historia ere izan zuen gogoan Rodriguezek, eta, besteak beste, frankismoa, gerra zikina, torturak eta legez kanporatzeak izan zituen gogoan, eta autokritikari beldurrik ez diotela ere zehaztu zuen, onartuta iraganean «akatsak» egin direla. Espainiako eta Frantziako gobernuei «beren borizkeria» eteteko eskaria ere egin zien.

Preso, iheslari eta deportatuei eskaini zien Rodriguezek lehen hitza. «Maite zaituztegu», esan zuen lehenik, eta haien aldeko adierazpenak egin zituen ondoren. «Ez dugu etsiko etxean, libre eta bizirik zaituztegun arte».

Preso ohiak

Behin baino gehiagotan egin zieten aipamena preso eta iheslariei ekitaldian, 90 minutuko tartean, eta, independentzia aldarrikatzeko oihuekin batera, hori izan zen Miribillan bildutako militanteek gehien errepikatu zuten leloa ere: «Euskal presoak, etxera».

Presoei egindako harreren irudiak ere proiektatu zituzten pantailan, eta iaz espetxean hil zen Kepa del Hoyoren eskutitz bat irakurri zuen haren semeak ekitaldian. Ehun preso ohi baino gehiago ere igo ziren oholtzara beste une batean. Mikrofonotik bakearen alde lan egiteko konpromisoa ere azaldu zuen preso ohien izenean hitz egin zuen bozeramaileak. «Espetxeratu gintuzten herriaren alde egiteagatik. Zuekin guztiekin aktibo bat izan nahi dugu bake prozesu honetan».

Etengabeak izan ziren nazioarteari egindako keinuak ere. «Munduko hainbat txokotan, mugimendu iraultzaile eta aurrerakoiek eginiko lana eta borroka aldarrikatzeko unea da hau», adierazi zuen Elena Beloki Sortuko kideak. Esker ona adierazi zien, besteak beste, Palestinatik, Nikaraguatik, Irlandatik, Uruguaitik, Mexikotik eta Kurdinstandik Miribillara joandako ordezkariei, eta txaloz hartu zuen jendeak ordezkaritza hori oholtzara igo zen momentua. Internazionalismoaren aldarrikapena egin zuen Belokik. «Duela 60 urte bezala, munduko beste esperientzia batzuekin batera, askatasunen bidean jarraitzen dugun eta herritik sortu zen indar horixe gara».

Irlandarrak eta korsikarrak

Hitzaldi bana eskaini zuten Michelle O'Neill Irlandako Sinn Fein alderdiko lehendakariordeak eta Jean Guy Talamoni Korsikako Asanbleako lehendakariak. Biek azaldu nahi izan zuten elkartasuna, eta biek hartu zituzten ahotan preso eta iheslariak. «ETAren erabakia mugarria da Europa osoan», adierazi zuen Oneillek, eta bakea «erronka handia» dela gehitu zuen. Eskari zuzen bat ere egin zuen: «Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diet euskal preso politikoen gaiari eskuzabal heltzeko, eta beren familiengandik urrun diren preso politikoak etxetik gertuago lekualdatzeko».

Amnistia aipatu zuen Talamonik. «Abenduko hauteskundeetako emaitzei esker, korsikarrek amnistia lege bat eskatu dute preso eta iheslarientzat, eta badakigu zeinen garrantzitsua den gai hori Euskadin».

Hitzaldiz hitzaldirako tarteetan hainbat bideo eta irudi proiektatu zituzten kiroldegian jarritako pantaila erraldoian, eta, besteak beste, 1937ko Gernikako bonbardaketan hildako biktimak izan zituzten gogoan. Bonbardaketa ostean hartutako irudien ondoren, Poliziaren oldarraldien irudiak txertatu zituzten bideoan, eta azken hamarkadetan hildako beste hainbat pertsonaren izenak ere zerrendatu zituzten. Besteak beste, German Rodriguez, Jose Miguel Etxeberria Naparra, Esperanza Arana Lopez, Joseba Arregi Izagirre, Joxean Lasa Aroztegi, Santi Brouard, Mikel Zabalza Garate, Josu Muguruza eta Iñigo Cabacas izan ziren aipatu zituztenetariko batzuk.

[youtube]https://youtu.be/CJif6sCN1Vg[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.