'Eraikuntzarako materiala'

Min ematen duten minak

Idazlea: Eider Rodriguez. Argitaletxea: Susa.

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Eraikuntzarako materiala da Eider Rodriguezek argitaratu duen lehen nobelaren izenburua. Hondamendira kondenatuta dagoen aita-alaben arteko harremanaz dihardu obrak, hobeto esanda, alabak aitarekin duenaz, bera baita protagonista, bai eta kontakizunari ahotsa, eta, batik bat, hitza ematen diona, idatziz egiten baitu autoeraikuntzarako bidea. Izenburuari keinu eginez, askotariko materialak aurkituko ditu irakurleak orriotan. Luzeagoak diren prosazko zatiak, gutunak, zerrendak, azalpen teknikoagoak. Guztiek ere testura anitzez janzten dute testua. Idazleak aniztasunaren alde egin du pertsona gramatikalaren eta aditz denboren hautuan ere, protagonista eta narratarioa bat bera diren arren, hauekiko distantzia aldakorra baita nobelan zehar. Esango nuke txandakatze hori protagonistak aitarekin duen harremanarekiko era proportzionalean eraiki dela; hurbilago sentitzen direnean, narratzaileak lehen pertsonan dihardu, presenteago egon nahi du, hemen eta orain adierazten du. Aitaren heriotza hurbilago denean, ordea, iraganera begira jartzen da eta gaitu. Batetik besterako jauzi horiek gertaeren hurrenkeratzean ere presente daudela konturatuko da irakurlea, erronka handia baina jostagarria, dudarik barik. Idazleak kontatzeko prestatu dituen material horiek guztiak, eraikuntzazkoak zein literarioak, ez ote dira pertsonaien eta euren harremanen konplexutasunaren ifrentzua? Nolanahi ere, joko literario horietan ezkutatzen da, nire ustez, nobelak duen meritu handiena.

Anbibalentzia narratologiko horretaz gain, bada beste anbibalentzia bat, horrenbeste asebete ez nauena; irakurlearekin eraikitzen den paktu anbiguoaz ari naiz. Esplizituki aitortzen ez den arren, irakurleak une oro antzeman dezake protagonistak hezur-haragizko Eider Rodriguezen antz handia duela, izen-abizenak partekatzeaz gain, lanbidea, herria eta (a)inguratzen dituzten pertsonak ere elkarbanatzen baitituzte bi-biek. Guztiz fikziozkoa ez den errealitate baten aurrean jartzen gaitu idazleak errealitatez betetako fikzio bat sortzeko; hitz batean esanda: autofikzioa. Aspaldi honetan bogan dagoen azpigenero horretan ohikoa den bezala, ahotsen konplexutasunarekin jolasten du autoreak, han-hemenka umorea ere badarabil, isiltasunez beteriko hitzak. Baina iruditu zait pertsonaien trataeran, eta batez ere, protagonistaren ahizparen kasuan, idazleak gehiegi estutu duela errealitatetik fikziora doan soka hori; bestela esanda, irakurle bezala karakterizazio sakonago baten falta izan dut. Zer leku du Arratek protagonistaren haurtzaroan? Non dago ezkutatuta 160. orrialdera arte?

Guztiarekin ere, kronikatik hurbil legokeen lan autoerreferentziala eraiki du idazleak, bi aldiz autoerreferentziala gainera: batetik, bere unibertso literarioaren oihartzunak, irudiak, usainak eta pertsonaiak agertzen baitira sakabanatuta. Bestetik, eta batez ere, bere buruaren argazki bat eskaini digulako, aurrez ezagutu gabeko sentsibilitatez, baina baita distortsioz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.