HILBERRIA. Alain Tanner

Suitzako zinemaren berritzailea

ROMAN BONNEFOY.
Inigo Astiz
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Sortzaile talde zabalago bati itsatsita joan ohi diren izen horietako bat da Alain Tanner zinemagile suitzarrarena. Zehazki, Michel Soutter-ekin, Claude Goretta-rekin, Jean-Louis Roy-rekin eta Jean-Jacques Lagrange-rekin batera aipatu ohi da haren izena, boskote horrek sortu baitzuen Suitzako zineman mugarri izango zen Groupe 5 izeneko taldea, 1968an. Eta behin talde osoa aipatu ostean, Tanner izan ohi da maizen nabarmendu ohi dena, hura izan delako boskoteko ordezkaririk esanguratsuenetako bat.

Besteak beste, Venezian ere film laburrik onena izendatu zioten Ramuz, passage d'un poete lana, 1957an; Locarnoko sari nagusia jaso zuen Charles mort ouvif filmarekin 1968an; sari nagusia jaso zuen Cannesen, Les années lumiére filmagatik, 1981ean; eta Frantziako filmik onenaren Cesar sari bat ere eman zioten Dans la ville blanche pelikulagatik, 1983an. Harenak dira La salamandre (1971) y Jonas qui aura 25 ans en l'an 2000 (1976) filmak ere.

Ekonomia ikasketak egin zituen, baina Londresera joan, eta han zeharo murgildu zen zinemagintzan, 1955etik 1958ra bitartean. Produktore laguntzaile lanetan hasi zuen ibilbidea. Nouvelle vague mugimenduaren eta zinema britainiarraren erdibideko punturen batean kokatzen dute haren lana adituek, eta, kide izan zituen Groupe 5 taldeko beste kideen kasuan bezala, Suitzako gizartearekiko izandako jarrera kritikoa nabarmendu ohi diote.

Kritikoa zen egun nagusitu den promozio beharrarekin, eta ikuslearen menpe ez aritzeko betebeharra ere jarria zion bere buruari. «Beharrezkoa da ikuslearekiko nolabaiteko distantzia bat mantentzea. Ez da komeni gertuegi edukitzerik, ez dadin lokar, ez eta urrunegi ere, axolagabe bilaka dadin».

2004koa du bere azken lan luzea: Paul s'en va.

Igandean zendu zen, 92 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.