Koronabirusa. Europa

Erdibideko neurriak pandemiaren aurka

Errusiak ez ditu neurri gogorrak hartu nahi izan pandemiaren aurka; ondorioz, inoizko daturik okerrenak ditu. Txertaketa kanpaina ere ez doa bide onetik: askok nahiago dute gaixotzera arriskatu txertatu baino.

Osasun langile bat COVID-19 proba bat egiten, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
Alex Bustos
Mosku
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun

Azaroaren hasieran, 40.433 kasu berrirekin eta 1.189 hildakorekin —biak ere inoiz ikusi gabeko kopuruak—, Moskuk eta beste hainbat eskualdek iragarri zuten ez zietela eutsiko «derrigorrezko oporraldiei» pandemiari aurre egiteko. Urriaren 20an iragarri zituzten neurri horiek, eta urriaren 30etik aurrera 11 egunez luzatzea aurreikusita zeuden. Neurri horiek barne hartzen zuten oinarrizkoak ez ziren negozioak ixtea. Neurri horiekin batera murrizketa berri bat sartu zen indarrean epe horren amaieran: txertaketa QR bat edo PCR negatibo bat aurkezteko derrigortasuna gune publiko batzuetara sartzeko: adibidez, jatetxeak edo museoak. Baina oporraldi berezi horrek ez du lortu kutsatzeak murriztea; murrizketak amaitu ziren egun berean, beste 39.400 koronabirus kasu eta 1.190 hildako izan ziren herrialde osoan —azken egunetan behera egin dute kasuek, eta 36.626 jakinarazi zituzten atzo, eta 1.247 hildako—.

 

Ez da lehen aldia herrialdean QR kodea eskatzen dutena; udan ezarri zuten txertaketa kanpaina bultzatzeko. Iazko abuztuaren 11n Kremlinak aldarrikatu zuen Errusiako laborategiek COVID-19aren aurkako lehen txertoa lortu zutela. Gaur, 15 hilabete geroago, txertatutakoak %40 inguru dira. Levada inkesta etxe independentearen datuek azaltzen dutenez, errusiarren %45ek ez dute txertatu nahi. Gehienek argudiatzen dituzten arrazoien artean daude bigarren mailako ondorioen beldurra, botikarekin proba gehiago egin beharra edota ez dutela beharrezkotzat jotzen txertatzea.

Txertoen aurkako mugimenduak ez du jarraitzaile askorik Errusian: soilik herritarren %1ek diote txertoen aurka daudela. Europako beste buruzagiek ez bezala, Vladimir Putin presidenteak ez zuen txertoa jendaurrean hartu, Errusiako komunikabide ofizialek dioten arren hango txerto bat hartu duela, zein izan den zehaztu gabe.

Errusiarren %50ek koronabirusaz kutsatzeko beldurrik ez izateak ere txertaketa kanpaina zailtzen du. Hori begi bistakoa da hiri handietan garraio publikoa erabiltzen denean, besteak beste Moskun edo San Petersburgon, asko direlako maskara erabiltzen ez duten pertsonak edo hura gaizki jarrita eramaten dutenak, eta badira probintzietako hiriak non maskara gutxi batzuk soilik erabiltzen duten, eta COVID-19rik ez zegoenean bezala bizi diren.

Txertoa ematean hartzen den QR kodea gero eta beharrezkoagoa da pandemia aurreko bizitzaren antzeko zerbait egin ahal izateko, baina horrek ere arazoak eragiten ditu, txertoa hartu nahi ez duen baina hark eskaintzen dituen aukerak baliatu nahi dituen jendearentzako ziurtagiriak erosteko merkatu bat dagoelako. Batzuek beren burua eskaintzen dute negozioak erosteko txertoa hartu nahi ez dutenentzat, komisio baten truke. Errusiarrentzat txertoa hartzea doakoa den arren, herritartasun baimenik gabeko atzerritarrentzat —herrialdean bizi diren atzerritar gehienak— Sputnik Light soilik dago eskuragarri, dosi bakarreko txerto bat, eta hori hartzeko 15 euro inguru ordaindu behar dira.

Erdizkako murrizketak

EB Europako Batsuneko herrialdeekin alderatuta, Errusiak desberdin egin dio aurre pandemiari. Adibidez, Espainian dantzalekuak 2021eko urrian ireki zituzten, herritarren %81 txertatuta zeudenean. Errusiako hiriburuan, gaueko bizitza urtarrilaren 31n itzuli zen, herritarren %2,1ek Sputnik V txertoa hartua zuenean. Futbolaren kasuan, Espainiako ligako futbol zelaiak hutsik egon ziren 2020-2021eko denboraldi ia osoa. Errusian, berriz, lehen mailako denboraldi beraren ia zati osoan zaleak egon ziren harmailetan, nahiz eta gehienezko kopuruak ezarri zituzten. Futbol garaia hasi zenean, Errusia zen kutsatze gehien zituzten herrialdeetan hirugarrena.

Lanegunak ez direnetan, teorian bulego gehienak itxita daude, baina ez da Liubovenaren kasua (ez da egiazko izena). Emakume horrek BERRIAri azaldu dio egunotan bulegoan lanean aritu dela, bere adinagatik martxoaren 25era arte berrogeialdian egon beharko lukeen arren, 60 urtetik gora baititu eta ez baitago txertatuta. Gaur egun 60 urtetik gorakoentzako garraio txartela ez dago indarrean, kolektibo horren mugikortasunari jarritako murrizketen ondorioz, eta, beraz, Moskuko gainontzeko guztiek bezala ordaindu behar dute garraioa hartu nahi badute. Berak dio lanean jarraitu behar duela bere gastuak ordaintzeko, eta, beste errusiar askok bezala, ez ditu begi onez ikusten kutsatzeak saihesteko murrizketak, kalte egiten diotelako. Hori da Veraren kasua ere (gezurrezkoa da izena); ileapaindegi batean egiten du lan, eta ezin izan du lanik egin azken egunetan: «Ez dut dirurik jaso tarte honetan».

Hau ez da izan Errusiak halabeharrez ezarritako oporraldi bakarra; iaz ere antzeko neurri bat hartu zuten, pandemiaren aurreko bizitzaren eta konfinamendu gogor baten artekoa. Tarte horretan hainbat enpresak ohiko lan jardunari eutsi zioten, eta zenbaitek bulegora joaten ere jarraitu zuten. Jatetxe batzuek ere ohiko ordutegiei eutsi diete ezkutuan, nahiz eta legeak dioen etxeetarako banaketa soilik egin zezaketela. Inkesten arabera, errusiarren %25ek soilik babestuko lukete erabateko konfinamendu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.