Suteen Aurkako Plana lehen mailara jaitsi dute Nafarroan

Suteek ia 15.000 hektarea erre dituzte, baina agintariek diote egonkortuta daudela. UPNk Nafarroako Gobernuko presidenteordearen dimisioa eskatu du, suteen kudeaketagatik

Larrialdietako langile bat, Uxue inguruko sute batean. ANDONI LUBAKI / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Atzo goizeko zortzietatik, Baso Suteen Larrialdietarako Plana bigarren mailatik lehen mailara jaitsi dute Nafarroan, eta herrialdeko suhiltzaileak bakarrik arituko dira hemendik aurrera suteak guztiz itzaltzen eta kalteak ebaluatzen. Nafarroako Gobernuaren arabera, suteak guztiz egonkortuta eta kontrolpean daude, eta, horiek amaitzeko, azken lanak besterik ez dira falta.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuaren Larrialdi Zerbitzuek adierazi dute egungo egoerak ez duela «kanpoko laguntza» behar. Euri asko bota du azken egunetan, eta ia guztiz itzalita daude sute guztiak. Orain, suhiltzaileek suteek eragindako kalteak baloratzen jarraitzen dute,baita inguru kaltetuak arakatzen ere.

Guztira ia 15.000 hektarea erre dituzte joan den asteko asteartean piztu ziren suteek. Asteburuko egunak izan ziren zailenak, herrialdeko hainbat tokitan piztu baitziren suak. Legardan erre da soro kopururik handiena, 6.214 hektarea kiskali baitira. Nafarroa erdialdean 5.305 hektarea erre dituzte sugarrek, eta Arguedasen eta Valtierran, berriz, 2.192. Sua piztu zen beste lau tokitan ereguztira 1.000 hektarea baino gehiago erre dira.

Gobernuak suteen kudeaketa «negargarria» egin duela adierazi zuen Javier Esparza UPNko presidenteak, eta Javier Ramirez gobernuko presidenteordearen dimisioa eskatu du. Bestalde, Maria Txibite presidenteak iragarri du uztailaren 4an elkartuko dela suteek jotako udalerrietako alkateekin, kalteen behin-behineko balorazioa egin eta lehengoratzelanean hasteko. Herenegun,Uxue eta inguruko udalerrietako alkateekin elkartu zen, eta «zuhurtzia» eskatu du.

Herenegun Espainiako Gobernuak adierazi zuenez, Babes Zibileko Larrialdi batean Larriki Kaltetutako Eremu izendatuko duela Nafarroa. Aitortza horri esker, inguruen suspertzea bultzatzeko baliabide gehiago izango dituzte, Nafarroako Gobernuaren, Espainiakoaren eta Europako Batasunaren partetik.

San Joan surik gabe

Nafarroako larrialdietako langileek, nekazariek eta herritarrek egun gogorrak pasatu dituzte suteen eraginez. Askok beren lurrak erreta ikusi dituzte, eta beste batzuek sugarrak etxeko atarian izan dituzte. Egoera horren jakitun, Nafarroako hainbat udalerrik San Joan bezperako suak debekatu dituzte; are gehiago, jakinda oraindik ere suteek eragindako kalteak ebaluatzen ari direla larrialdietako langileak. Horrez gain, suarekin zerikusia duten beste hainbat jarduera debekatu dituzte; suzko zezenak, esaterako.

Iruñea, Burlata, Zizur Nagusia, Beriain, Berriozar, Antsoain, Barañain eta Eguesibar dira San Joan bezperako suak debekatu dituzten udalerrietako batzuk.

Trenek piztutako suak

Herenegun arratsaldean, Nafarroako sute nagusiak egonkortuta zeudenean, Nafarroako larrialdi zerbitzuetako alarmak berriro piztu ziren. Izan ere, Nafarroako beste lau lekutan sua piztu zen denbora tarte oso motz batean. Trenek eragindako txinpartek sortu zituzten sute horiek. Larriena Funesen izan zen; 15:15 aldera, nekazariek sua ikusi zuten, eta inguratzen hasi ziren heda ez zedin. Peraltako suhiltzaileak joan ziren itzaltzera, eta 13,6 hektarea erre ziren, Nafarroako Gobernuaren arabera. Alesbesen, Caparroson eta Tuteran piztu ziren, baina berehala itzali zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.