Tubacexeko langileen martxa gaur iritsiko da Gasteizera

Ia ehun kaleratzeren aurkako ibilaldia atzo hasi zen, Aiaraldean, eta Legebiltzarrean bukatuko da. Jaurlaritzaren laguntza nahi dute langileek

Tubacexeko langileak martxan hasteko prest. LAB.
aitor biain
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Tubacexeko 70 bat langile Gasteizera abiatu ziren atzo, Amurrio eta Laudioko (Araba) lantegietako lanpostuen aldeko martxa batean. Greba mugagabearen 65. eguna dute gaur, eta ez da edonolakoa, zuzendaritza asteon gauzatzekoa baita iragarritako kaleratzeak. Denera, 129 enplegu gutxiago izango ditu enpresak; horietatik 95 zuzenean joango dira kalera. Enpresak eskainitako pizgarria onartu dute 22 langilek, eta beste hamabik erretiro aurreratua hartuko dute.

Amurrioko lantegiaren atarian hasi zuten ibilaldia, goizeko lehen orduan, eta Murgian egin zuten lehen geldialdia, arratsaldean. Gaua Gopegin igaro dute, eta gaur goizean iritsiko dira Gasteizera, Eusko Legebiltzarraren atarian protesta egiteko. Kontrolerako osoko bilkura egingo baita bertan, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak kaleratzeen inguruko EH Bilduren galdera bati erantzungo dio. Gasteizen, Aernnovako langileek egingo diete harrera, goizean goiz, eta enpresa bietako beharginak elkarrekin joango dira Legebiltzarrera.

Enpresa Batzordeak ohar bidez adierazi du ez dela «ezer aldatu». Eta azpimarratu du ez dutela bereizketarik egingo langileen artean: «Guztiok jarraitzen dugu itsasontzi berean, eta helburu berarekin: lanean jarraitzea, kaleratze traumatikorik gabe».

Banan-banan, lanera

Zuzendaritzaren jarrera salatu dute, halaber; izan ere, adierazi dutenez, enpresa langileei deika ari da banan-banan, lanera joan daitezen. «Zuzendaritzari gogorarazi nahi diogu greba honetara enpresa batzordeak deitu duela, eta grebari buruz zerbait hitz egin behar izanez gero gurekin jarri behar dutela harremanetan». Batzordeak lasaitasunerako deia egin die langileei, eta gogorarazi die, zuzendaritzaren deia jasoz gero, grabatzeko.

«Greba bukatzea enpresaren eskuetan dago», gogorarazi dio batzordeak zuzendaritzari. Eta esan dio horretarako mahai gainean dauden kaleratze proposamen guztiak erretiratu behar dituela. Batzordea prest da aldi baterako neurriak aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.