Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Biluztasunean

Agus Perez -

2021eko azaroak 27

'La desnudez'

Zuzendaritza, koreografia eta eremu eszenikoa: Daniel Abreu. Musikaria: Hugo Portas. Musika: Tarquinio Merula, Claudio Monteverdi, Gabriel Faure, Henry Purcell. Argiak: Irene Cantero. Dantzariak: Daniel Abreu, Dacil Gonzalez. Lekua: Bilboko AZko auditoriuma. Eguna: azaroaren 25a.

Hogeita bost bat haga egurrezko izan dira tarte batez taula gaineko elementu nabarmenenak Daniel Abreuren eta Dacil Gonzalezen arteko duelu eszenikoan. Aurtengo Dantzaldiak Espainiako Dantza Sari Nazional hauek ekarri ditu, eta Bilboko AZko auditoriuma ia goraino bete da gazte jende askorekin eta, oro har, bi dantzari hauen arteaz gozatzeko nahian genbiltzanokin.

Behegaina estaltzen zuen oihal beltz baten azpian ibili da hasiera batean Dacil Gonzalezen irudia, musika ilun baina inguratzailean bilduta Daniel Abreuk egurrezko haga haiek hondotik eszenako ahora ekartzen zituen bitartean, eta, metaforikoki lur azpitik irtenda, Abreuren inguruan eratu du eskultura moduko bat makilekin. Gona luzea eta alkandora itxuragabea jantzita zebilen Gonzalez —Abreu, alkandora urdina eta praka bakeroak— eta gizona bere korapilotik askatu denean, erronka moduan eta ausaz bota dizkio makilak emakumeak, eta gizonak zehaztasun osoz hartu.

Honezkero esan liteke bikote harremanetan ari zirela arakatzen biak ala biak, eta hori berori aitortzen du koreografoak bere azalpenetan, baina aspaldiko kontu hori hain urrundik izan da hartua, ezen ia-ia ez baikara konturatu ere egin. Baliteke egiatan bestearen beharra taularatu nahi izana, baliteke besteak sortutako nekea, bestea norberaren osagarri bezala, besteak eragindako desira hor azpian egon izana, baina nik behintzat nahiago izan dut bien eboluzio misteriotsuetan murgildu, denboratik eta mundutik kanpo, haien soiltasun eta perfekzioaren hipnotismoan harrapatuta.

Bide horretatik, une batean amodio-dantza moduko bat egin dute, biek zeharo biluzik eta elkar ia ukitu barik. Airea beti zegoen bien artean, haragitasunetik baino espiritualtasunetik askoz hurbilago zeuden, eta, kemen izugarrizko borroka-eszena baten ostean, abiadura geldoko arabeskoen pasarte batean diluitu da erasoa.

Jakina, proposamena Abreuk hain ondo maneiatzen duen abstrakzioaren eremuan mantendu da une oro, arropa aldaketa batzuekin eta argien diseinu miresgarriarekin batera —artelantzat jotzen dut duda barik—, eta guztiak amaituta zirudienean, after musikan bildutako eboluzio paralelo orbangabeak etorri dira, eta, haien ostean, piano zatikatu baten puskak, kez betetako plastikozko poltsak, Hugo Portas tuba jotzailearen presentzia eta musika, lehenagokoak baino esplizituagoak izan diren amodio-irudiak eta argi estroboskopiko pean izandako pasarte bizigarriak, denon entusiasmoa eta esker ona piztu dituztenak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Cat Power, azken diskoaren promozio argazki batean. ©MARIO SORRENTI

Bizitza bat bertsioetan

Alex Uriarte Atxikallende

Cat Powerrek 'Covers' albuma plazaratu du. Bere ibilbide musikalean funtsezkoak izandako 11 egileren kantuen bertsioak egin ditu, eta 'Hate' izeneko bere abestia berrinterpretatu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.