KRITIKA. Musika

Musikaren kolorea

2015eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Bilboko Orkestra SinfonikoaBakarlaria: Shubhendra Rao.Lanak: Ravi Shankar eta Modest Mussorgski. Zuzendaria:Jordi Bernacer.

Ezohiko musikarekin hasi zen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren hirugarren kontzertua. Izan ere, Indiako musika klasikoa gutxi erabilia izan da Mendebaldeko ekoizpenetan, musika arinean izan ez bada. Maila horretan ezagunak dira Ravi Shankar zitara jotzailearen joaldiak pop edo jazz musikariekin batera, 1960tik aurrera. Beraz, sasoi horretakoak dira Shankar berak sortu zituen kontzertuak Mendebaldeko musika musika klasikora hurbiltzeko, eta zitara —Indiako instrumentua— eta Indiako musika estiloak ezagutzera emateko.

Kontzertuan, haren ikaslea zen Shubhendra Rao zitara jotzaileak jo zigun bere maisuaren lehenengo kontzertua. Jordi Bernacer zuzendaria izan zen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren aurrean. Gu ez gaude musika desberdinen arteko fusioaren aurka, alderantziz baizik. Dena den, egin diren urratsak gutxi dira — jazz musikarekin izan ezik—, eta heldutasunera iristeko, ahalegin jarraituak egin beharko dira oraindik, bata bestearengandik hain urruti dauden Ekialdeko eta Mendebaldeko musikak uztartzeko.

Bilboko publikoa gustura egon zen bakarlariak zitararekin egin zuen erakustaldiarekin kontzertuaren lau mugimenduetan barrena. Horretarako, Indiako artistak melodia eskema hartu zuen, horren gainean bat-batekotasuna garatzeko. Gure belarrientzat gogorragoa izan zen lehenengoa edo Khamaj, eta lortuagoak bigarrena eta azkena, zitara eta orkestraren arteko elkarrizketari dagokionez. Shubhendra Rao bikainak bongo jotzaile onaren laguntza izan zuen eta ondo konbinatu ziren; prestu egon ziren Bilboko Orkestrarekin.

Modest Mussorgskiren Erakusketa bateko koadroak eta gure Maurice Ravelek horren gainean egin zuen orkestra zuzendaritza bikaina, aproposak izan ziren orkestrak distira egin zezan. Eta BOSek ez zuen horretan hutsik egin. Jordi Bernacer zuzendariak interpretazio egokia egin zuen, eta gardentasuna eta sentsibilitatea izan ziren haren trebetasun nagusiak. Beraren aginduetara, orkestrak dinamika txukuna eta adierazgarritasuna erakutsi zituen, eta azken batean, distira egin zuen.

Gnomoen pasartean haizezko batek edo besteak nota batean egin zituen desafioak edo katakonbetan metalezko batzuek eginiko denbora-pasa ñimiñoek ez zuten ilundu, urrunetik ere ez, lanaren ontasuna. Azpimarratzekoa da saxofoiak egin zuen bakarlari lan ederra beste instrumentuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.