Donostiako 66. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Konplizeen edukazioa

Alfredo Castro aktorea. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Gontzal Agote.
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Rojo'



Zuzendaria: Benjamin Naishat. Herrialdea: Argentina-Brasil-Frantzia- Herbehereak-Alemania. Iraupena: 109 minutu.

Abiatze harrigarria du Rojo-k, ikuslea jokoz kanpo utziko du pelikularen hasiera horrek, eta kostako zaio Benjamin Naishatek han eta hemen utzitako arrastoak lotzen hastea. Behin hori egiten hasita, absurdoaren umorearekin eta egoera surrealistekin jolasean ibiliko den istorio krudel batekin eginen du topo.

Argentinako diktadura militarraren inguruko pelikula asko ailegatu zaizkigu pantailetara, fikzioan zein dokumental moldean. Horien aurrean, bestelakoa da Rojo-k eginen duen hurbilketa; estatu kolpearen aurreko hilabeteetako tentsio sozial eta humanoa erakusten du, eta, horrekin batera, dagoeneko beste aldera begiratzen ari ziren askoren jokamoldea. Diktadura guztiek behar izaten dituzte horiek, erregimenari eta bere barrabaskeriei men eginen dien klase sozial baten babes konplizea.

Faxismoaren hazi horrekin batera, desagertzeen berri dakar Rojo-k. Beti esan izan da Nafarroako kolpe militarra eta ondorengo sarraskia baliatu zutela askok herrietako bestelako liskarrak garbitzeko eta jauntxo berri bihurtzeko. Bada, Argentinan ere halaxe izan zen, eta horixe kontatuko digu pelikula txalogarri honek, modu sotil eta dotorez.

Horrela, basamortura iritsiko gara, eta Breaking Bad-en gaudela ematen badu ere, afera oso bestelakoa da, diren eta etorriko diren desagertuen oihu lazgarriak entzuten ahal baitira bazter guztietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.