Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. kritika. Sail Ofiziala

Pertsonaia eliptikoarekin dantzan

Gontzal Agote.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'L'homme fidèle'

Zuzendaria: Louis Garrel. Aktoreak: Louis Garrel, Laetitia Casta, Lily-Rose Depp. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 75 minutu.

Frantsesa, oso frantsesa da L'homme fidèle, horrek esan nahi duen guztiarekin. Alde horretatik, ez da batere harritzekoa lehen planoa Eiffel dorrearena izatea. Bestelako ezaugarri batzuek ere salatzen dute filiazio kultural-zinematografikoa nondik datorkion; esate baterako, protagonista desberdinenoff-eko ahots polifonikoak eta zinema areto batean pelikula klasiko bati begira filmatutako sekuentzia.

Nolanahi ere, enbor potolo horretatik abiatuta, ezusteko atseginak gordetzen ditu bere barnean Louis Garrelen pelikula honek. Hasteko eta behin,umorea lantzeko molde orekatua. Umore fina oso presente dago film osoan, baina, beste pelikula askotan gertatzen ez den bezala —Juan Veraren inauguraziokoa litzateke adibide bat—, alderdi irrigarriak ez du pelikularen garapena baldintzatuko.

Azpimarragarria da Garrelek bere buruaz trufa egiteko agertzen duen gaitasuna ere. Beste hainbat pelikulatan pedante samar agertu da aktore hau, baina, honetan, bera dela zuzendaria aprobetxatuta, oso bestelako ukitua eman dio pertsonaiari, askotan patetiko agertzeraino. Era berean, maskulinitatearen gaineko hainbat estereotipo kolokan jartzeko balio dio bere rolak.

L'homme fidèle-k giza harremanen konplexutasuna agertzen du, distantziaz eta ironiaz, baina ez horregatik zorroztasunari uko eginez. Lauki afektibo baten gainean eraikia dago, eta agertzen ez den pertsonaia baten inguruan ibiliko da istorioa eta, horrekin batera, pertsonaiak. Jirabira gozagarria, azaleko arintasunaren pean pozoi ezkutua gordetzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.