Noiz sortua: 2020-03-06 00:30:00

Basterretxea, haren begietatik

Nestor Basterretxearen argazki eta filmen artxiboan oinarritutako erakusketa ireki dute Donostian, Kutxa Kultur Artegunean. Hura bere bizitzaren eta obraren erretratugile «sutsua» izan zeneko isla da
Aretoaren erdian kokatu dute <em>N.B.-ren erretratu bat</em> ikus-entzunezkoa.
Aretoaren erdian kokatu dute N.B.-ren erretratu bat ikus-entzunezkoa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko martxoak 6

«Ez nuen nahi Nestor Basterretxea argazkilaria ikusaraztea, Nestor Basterretxea bere argazkilaritzaren bitartez erakustea baizik». Horregatik jarri dio Peio Agirre komisarioak izenburu zehatz hori Kutxa Kultur Artegunean irekitako erakusketari: Nestor Basterretxea, argazkigintzaren bitartez. Bere ibilbide osoan material grafiko ugari pilatu zuen artistak, argazkiak zein filmak, eta aurreneko aldiz jarri dute ikusgai erakusketa batean. 1960tik 1974ra hartutako irudiak bildu dituzte batez ere, eta Basterretxeak (Bermeo, Bizkaia, 1924 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) landu zituen argazkilaritzako erregistro ugarien isla da emaitza. Bere bizitza eta bere obra «sutsuki» erretratatu zituen, Agirreren esanetan. «Basterretxeak zinematografiari zion lilurak blaitzen du erakusketa». Maiatzaren 31ra arte egongo da bisitagai, Donostiako Tabakaleran.

Ane Abalde Artegunea aretoko zuzendariak azaldu duenez, 2016an Agirrerekin izandako elkarrizketa batean du ernamuina erakusketak. «Argazkilaritzat hartuak izan ez diren artista plastikoek» adierazpen horrekin izandako harremanaz aritu ziren, eta hala akuilatu zuten Agirre Basterretxearen irudi artxiboa ikertzera. Ordurako lotura estua zuen hark artistaren obrarekin: 2013an Bilboko Arte Ederren Museoan zabaldu zuten Basterretxearen Forma eta unibertsoa atzera begirakoan komisarioa izan zen, non artistaren genero guztiak ukitu zituzten: eskultura, diseinua, marrazkia, zinema, obra grafikoa... Argazkiek, aldiz, ez zuten leku nabarmenik izan, eta Agirreren gogoan gelditu zen artistaren «alde ezezagunagoak» argitara ekartzeko asmoa. «Argazkiarenak erakusketa baterako emango zuen susmoa nuen, eta intuizio hura ondo baieztatuta gelditu da».

Erakusketa prestatzea artistaren bizileku izan zen Idurmendieta baserrira itzultzea eta hango «material fotografiko guztia orraztea» izan da komisarioarentzat. «Guztia diodanean zera diot: etxeko argazkiak, albumak, eskulturen argazkiak, bidaietakoak, diapositibak, negatibo gabeko positiboak, positibo gabeko negatiboak, kontserbazio egoera oso ezberdinetako irudiak...». Artxibo horretan murgil egiteak bigarren helburu bat ere izan du Agirrerentzat, Abalderi hasieratik proposatu ziona: ez soilik erakusketa prestatzea, baita bertarako preseski dokumental bat egitea ere, ikerketa bera eta materiala abiapuntutzat hartuko zituena.

Aretoaren erdian jarri dute emaitza, eta ikus-entzunezko hori da erakusketaren bihotza komisarioarentzat. «Kontuan hartu behar da ez dela izan artxibo bat dokumentatzea; artxibo batean dena sailkatua dago, baina hemen bizitzak gain hartzen die sailkapen eta ordena guztiei. Metatze bat da». Bi motatako materiala dela azaldu du: artistikoa eta dokumentala. Biak ageri dira nahasian erakusketan, baina batik bat alde artistikoan jarri nahi izan du begirada Agirrek. «Bizitzako dokumentuak izateak ez du esan nahi ez dutenik argazki artistikoek duten edertasuna», ñabartu du, halere. 200 irudi finkorekin baino gehiagorekin egindako dokumentala da, eta horietako hiru baino ez daude erakusketan ikusgai. «Saiakera-dokumentala da», Agirrek azpimarra. N.B.-ren erretratu bat izena eman dio, eta lan talde batekin aritu da hura lantzen: Maria Elorza kameran eta edizioan, Scanner musikan, Xanti Santalvador soinu-muntaketan eta Maider Oleaga off-eko ahots-ean. Bi bertsio prestatu dituzte: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa.

Kontrastearen erretratuak

Basterretxearen izena batik bat eskulturari lotuta agertu ohi den arren, are euskal eskultoreen belaunaldi jakin bati, artistaren garai hori 1960ko hamarkadan abiatu zela gogorarazi du Agirrek. Aurretik, margolanen bidez urratu zuen bidea, eta orduan izan zuen lehen harremana argazkilaritzarekin. Asmo ezberdinekin jo zuen horretara: familia argazkiak egiteko, bere zein lagunen eskulturak erretratatzeko, bidaietako koaderno modura baliatzeko, ikerketa etnografikorako, publizitaterako —Irunen (Gipuzkoa) sortu zuen Biok altzari enpresarako—, collageekin eta bestelako teknika batzuekin esperimentatzeko, eta beste. Eta hala sailkatu dituzte, gaika, erakusketarako hautatutako irudiak: Eskultura; Erretratuak eta tipoak; Folklorea; Diseinuaren formak; Intimitatea; Naturak eta natura hilak; Foto Kruz funtsa; Rayogramak; eta Fotomuntaketak ataletan.

Aipamen berezia merezi dute azken bi horiek, Basterretxearen argazkigintza esperimentalak biltzen baitituzte. Man Rayri ikasitako rayograma terminoaren pean, kamera gabe egindako argazkiak bildu dituzte: «Iluntasunaren beltzak eta argiaren kolpeak» sortutako irudiak dira, kasu askotan, ondoren artistak pinturarekin manipulatu zituenak. Fotomuntaketak, berriz, bere eskulturen argazkiak moztu eta beste paisaia batzuen gainean kokatuta osatu zituen. Agirre: «Fantasia ariketatzat har daitezke; bere eskultura bat lorategi italiar batean jartzea, esaterako».

Argazkietan hartutakoak askotarikoa badira ere, teknika aldetik badira errepikatzen diren ezaugarriak, eta horietan jarri du azpimarra komisarioak: «Erakusketa oso estetikoa da, oso formala». Azaldu duenez, argi-itzalen erabilera da Basterretxearen argazkien marka nabarmenetako bat. «Kontraste handia bilatzen du argazki artistikoetan: bigarren planoko iluntasunaren eta lehen planoen artean, beti argi distira bat bilatuta. Berdin egiten ditu pertsonen erretratuak eta eskulturenak; oso interesgarria zait hori».

XX. mendearen bigarren erdiko argazkigintza artistikoaren historia berridazten duen erakusketa bat dela ere aipatu du komisarioak: «Momentu hartan, argazkilariek lan dokumentala egiten zuten batez ere. Nazioartean argazkia bazen medio artistiko bat, baina euskal testuinguruan ez. Basterretxea, eta harekin Larrukert, zineman hasi ziren 1960ko urteetan, eta ekarpena egin zioten argazkilaritzari».

Super 8an hartutako orduak

Idurmendieta baserriko funtsetik ateratako material hori eta dokumentala dira erakusketako bi zutabe nabarmenak. Baina bada beste bat ere, gelako goiko solairuan kokatu dutena: artistak urte luzez grabatu zuen film-metraje argitaratu gabea da, Super 8 kameran hartua. Elias Kerejeta Zine Eskolako irakaslea da Agirre, eta komisariotzako masterreko ikasle talde bat aritu da material horrekin lanean. Etxe giroan, lagunartean eta bidaietan hartutako irudiak dira.

Pantaila berezi batean, Basterretxeak amaitu gabe utzi zuen animazio proiektu bat ere jarri dute ikusgai, artistak Ostegun arratsaldean deitu zuena. Asteko tarte horretan, umeentzako adierazpen plastikoko laborategi bat jarri zuen martxan, Oteizarekin partekatzen zuen Irungo lantegi-etxean, eta haurrek margotutako irudi horiek filmatu zituen, ondoren modu esperimentalean lantzeko asmotan.

Azken bideo bat ere bada atal horretan: Collage bizia. Salbuespen bat da Basterretxeak Super 8ari eman zion erabileraren barruan: artistaren estudioko karpeta bateko irudiak (collageak horietako asko) filmatu zituen, eta muntaketa kameran bertan egin. Erakusketan 16 mm-an proiektatzeko prestatu dute.

Horien alboan, bitrina bitan sartutako argazkiek —negatiborik ez duten positibo originalak— eta argazkien azken atalek ixten dute ibilbidea. Bertan da Foto Kruz funtsa. «1970ko urteetan argazkilari familia batek herriko bizitza erretratatu zuen. Foto Kruz denda zuten. Nestorrek eurekin egin zuen lan, eta Irungo Udal Artxiboan daude orain irudi horiek denak». Horietatik «zigilu artistikoa» duten argazkiak hautatu ditu Agirrek.

Basterretxearen sormen aldirik gorenaren etapa hartzen du erakusketak, 1957an Madrildik Irunera joan zenetik, 1970ko urteetan Oteizarekin lantegi-etxea abiatu zuen artekoa. Hortik aurrera, artistaren itzala handituz joan zen, Agirreren hitzetan: «Eskultura gehiago egiten hasi zen eta utzi egin zuen argazkilaritza. Tira, utzi, hein batean: laurogeitaka urte zituenean kamera digitalak erabili zituen, jolasean, baina ez dira hain interesgarriak».

Artegunean ohi denez, jarduera programa batek osatuko du erakusketa, maiatzera bitartean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Txagorritxu ospitaleko laborategiko irudi bat. ©Gorka Rubio / Foku

Datuen peskizan (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna