Ekonomiaren sokatiran

Europako Batasunak eta Errusiak interes ekonomiko handiak dituzte Ukrainan, eta, arrazoi beragatik, Kievek ez du bataren edo bertzearen aldeko hautua egin. Gasa da auzi nagusietako bat.

Ekonomiaren sokatiran.
mikel rodriguez
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ezker eta eskuin tiraka ari zaizkio Ukrainari. Edo mendebaldetik eta ekialdetik. Barnean ere, herritarrak banatuta ageri dira, Errusiarekiko loturari eustearen eta EB Europako Batasunera eta oro har Mendebaldera hurbiltzearen aldekoen artean. Oposizioko eliteak EBren aldeko hautua egin du, baina gobernuak, nahiz eta elkartze akordioa eten, EBri ez diola atea itxi dio. «Hautatzeari uko egin dio berriz ere, aitzinerago bi aldeei [EBri eta Errusiari] onurak eskatzeko jarrera azkarragoan egonen den esperantzan», ondorioztatu du Russia in Global Affairs kazetako zuzendari Fiodor Lukianovek Ria Novosti agentzian idatzitako zutabean. Onurek eta galerek kezkatzen baitute Ukrainako boterea, EBkoa eta Errusiakoa bezala, ekonomia interesek sustatutako sokatiran.

Gobernuaren datuen arabera, Ukrainan biztanleria aktiboaren %8 inguru dago langabezian. Natalia Korolevska Gizarte Politikarako ministroak iragan asteazkenean nabarmendu zuenez, kopuru txikia, EBn egoera larriena duten herrialdeekin alderatuz gero. Herritar gehienen bizi maila, ordea, apala da Ukrainan. Bataz bertzeko soldata 289 eurokoa da, eta Nazio Batuen Garapenerako Programaren arabera, herritarren ia laurdena bizi da pobrezian. EBri lotzeko eskaintzaren aitzinean, galdera argia da beraz: zertan hobetuko du Ukrainak, eta zein izanen da ordaina?

SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren aroko oinordekotza den industria gaitasuna dauka Ukrainak, altzairuaren eta aeronautikaren sektorean, adibidez. Gaur egun, Errusiako merkatuan badu aterabidea ekoizpen horrek, baina EBra batuz gero zalantzagarria da batasuneko herrialdeekin lehiatzeko gaitasuna edukiko ote lukeen, eta litekeena da bertze herrialde komunista ohietan bezala, Bruselak desindustrializazio prozesu bat exijitzea. Beldur hori astindu dio Moskuk Kievi azken asteotan. Bada, Ukrainako Gobernuak jakinarazi zuen elkartze akordio bat sinatzearen ordainetan kalte-ordain bat eskatu ziola Bruselari, Errusiako merkatua galtzeak eta Ukrainako sistema politiko-ekonomikoa EBk exijitutakora egokitzeak sortuko lituzkeen gastuei aurre egiteko. Mikola Azarov lehen ministroaren arabera, 1.000 milioi euro agindu zituen Bruselak, «huskeria». Iturri ez ofizialen arabera, 160.000 milioi euro eskatu zituen Kievek.

Elkartze akordioak EBren eta Ukrainaren artean merkataritza askerako eremu bat sortzea ekarriko luke, eta Moskuk ohartarazia zuen hori gertatuz gero Ukrainarentzat ez litzatekeela bateragarria izanen Errusiarekin tratutan aritzea.

Banatutako herrialdea irudikatu da egunotan. EBra batzearen aldekoak aipatzerakoan askatasuna eta amets europarra solasak agertu dira Mendebaldeko hedabide handietan, baina ez batzearen alde daudenek zalantzak agertu dituzte: adibidez, industria kaltetuz gero langabezia hazteko aukera, eta, horren ondorioz, emigrazioa, ekialdeko Europako bertze hainbat herrialdetan gertatu bezala. Ukrainan, gainera, kualifikatutako langile kopuru handia dago —SESBeko hezkuntza sistemaren oinordeko, hori ere—, eta horiek eskuratzeko interes berezia lukete EBko ekonomia handienek.

Errusiarekiko dependentzia

Baina Ukrainako boteretsuen buruhauste handiena gasa da. Herrialdeko ekonomiak gasa beharrezkoa du bizirauteko, eta gaur egun %60 inguru Errusiatik inportatzen du. Viktor Janukovitx Ukrainako presidentea eta haren Eskualdeen Alderdia errusiarzaleak dira, baina Moskurekin duten harremanak baditu arantzak. Gasa izan da bat. Errusiako Gazprom konpainiarekin duen zorra kitatzeko akordioa egin dute, baina 2020rako Ukrainak energia arloan Errusiarekiko dependentzia ez izateko proiektuari eutsi diote, eta, horretarako, Mendebaldeko konpainiei ireki diete Ukrainan ekoizteko atea. Joan den hilean, AEBetako Chevronekin egin zuen akordioa Kievek. «Gasaren prezio merkeagoak ekarriko ditu honek, eta prezio bidezkoagoak, munduan edonon bezala», adierazi zuen Eduard Stavitski Energia ministroak.

Baina gasaren auzian hagitz alde interesatuak dira EB eta Errusia, EBko kideek gasaren %25 Errusiatik inportatzen baitute, eta hodi nagusiak Ukrainatik igarotzen dira. Iaz, Errusiak guztira esportatutako %41 Ukrainatik EBra igarotakoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.