Jarrera arrazistak zuzentzeko eskatu dute

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
«Inpunitate absolutua dago. Hori salatu genuen Eusko Legebiltzarrean». Polizien zigorgabetasuna deitoratu du Bizkaiko SOS Arrazakeriako kide Alba Garcia Martinek. Iazko martxoan, itxialdi betean, Ertzaintzak buruko gaitz bat zeukan gazte bat eta haren ama jo eta atxilotu zituen Bilboko San Frantzisko auzoan. Horren harira, SOS Arrazakeriak manifestu bat aurkeztu zuen «polizia indarkeria arrazakeria instituzionala» dela adieraziz, eta hori salatzeko agerraldi bat egin zuten Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean, hainbat eragilerekin batera.

2021eko maiatzean izan zen hori, eta Garciak ez du uste erakundeek aurrerapausorik eman dutenik ordutik, baina agerraldiaren balorazio positiboa egin du, gaiari heltzeko modu bat izan zelako: «Niretzat lorpen bat izan zen arrazializatuen ahotsak entzutea legebiltzarrean». SOS Arrazakeriako Elena Bezanillak erantsi du argi zeukatela agerraldiak ez zuela fruitu ugari emango, eta «eztabaida soziala» sortu nahi zutela: «Gure eskaeren alde zeuden alderdiek ez daukate gehiengorik».

Guztira 118 eragile eta elkartek babestu zuten manifestua, eta, besteak beste, profil etnikoaren araberako identifikazioak eta «auzo pobretu eta baztertuen» kriminalizazioa desagerrarazteko eskatu zuten. Gainera, «bi subjekturen arteko gatazketan» zurien alde jartzea egotzi zieten segurtasun indarrei.

SOS Arrazakeriako kide Sara Nicholsonek adierazi du Eusko Jaurlaritzari «exijitzen dioten gutxienekoa» dela bere araudi propioa betetzea. Ertzaintzak eta udaltzainek protokolo bat abiarazteko eskatu zuten, «jarrera arrazistak zuzen eta ezaba» zitzaten, baina, eragilearen arabera, ez dute berririk jaso. Aldiz, Nicholsonek salatu du Bilboko Udalak «bere burua zuritzeko» kanpainak besterik ez dituela egiten: «Kanpaina bat egiten dute 0 Tolerantzia Arrazakeriarekin lemarekin, lau markesinatan jartzen dute, eta lasai asko geratzen dira».

Hiri eredu jakin baten ondorio gisa ikusten du Nicholsonek udalaren politika: «Militarizazioa ez da kasualitatea: hiriaren ikuspegi kapitalista eta supremazista bati erantzuten dio». «Sekurokrazian» eta kameratan «hainbeste» inbertitu beharrean, diru hori desberdintasun soziala eta prekaritatea konpontzeko politiketara bideratu behar dela adierazi du.

Arazoari aurre egiteko mekanismo faltaz kexatu dira taldekoak. Bezanillak esan du polizia indarkeriaren hainbat kasu salatu dituztela, eta ezerezean geratu direla: «Batzuetan, Arartekoak sei-zazpi urtera erantzun digu esanez ikerketa itxiko duela Poliziak ez duelako erantzun. Ez dute sentitzen Arartekoaren informazio eskaerei erantzuteko beharrik».

Ideia beretik jo du Nicholsonek, mekanismo aproposagoak eskatzeko: «Dauzkagun bide guztietatik jotzen badugu, eta denak mespretxatzen badituzte, zer bide daukagu?». Eztabaida «heldu» bat eskatu diete erakundeei: «Gogo handia dugu testuaren gainean eztabaidatzeko eta datuak emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.