TOKIO 2020. EZUSTEKOAK

IZAR BERRIAK BAZTERRETIK

Anna Kiesenhofer txirrindulariak eta Ahmed Hafnaui igerilariak ezerezean utzi dituzte iragarpen guztiak: bai inork espero ez zuenean urrezko domina irabazteagatik, bai Tokiora iristeko egin duten ibilbideagatik. Kiesenhofer ez da txirrindulari profesionala, eta ez dauka talderik.

CHRISTOPHER JUE / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
ANNA KIESENHOFER
BERE BURUAREN JABE


Kirol lehiaketetan egindako ahalegin asko hutsean geratzen dira. Kirolari batzuk asko saiatuta ere, haien ahaleginak saria merezita ere, logika gailentzen zaio logika faltari. Horrela, saririk eta garaipenik gabe, kirolari horietako askoren istorioak galdu egiten dira ahanzturan, kasta horretako kirolariren batek irabazten duen arte, ezarritako ordena hankaz gora jarriz eta saiatzea merezi duela erakutsiz.

Anna Kiesenhofer bakarrik iritsi zen herenegun Musashinomori Parkeko irteerara. Ez zeukan taldekiderik; hura zen Austriako txirrindularitza selekzioa. Goi mailako txirrindularia izanda ere, ez zeukan kontratu eta talde profesionalik. Bera arduratzen da guztiaz: entrenamenduez, elikaduraz, ekipamenduaz, taktikaz... «Ez naiz soilik pedalei eragiten dien txirrindulari bat; neu naiz nire errendimenduaren arduraduna ere», azaldu zuen lasterketa eta geroko prentsaurrekoan. «Harro nago horretaz».

Ez zegoen, beraz, lasterketa irabazteko faboritoen artean. Parte hartzaileen artean Annemiek van Vleuten eta Anna van der Breggen herbeheretarrak egonda, Kiesenhoferrek ez zeukan aukerarik abiatu aurretik.

Ihes egin zuen lasterketa hasi orduko. Ausarkeria, tiro bat oinean, aukera guztiak galtzea. 147 kilometro egiteko. Ez zuen inprobisatu. Aldez aurretik erabakia zuen ihes egitea: «Ez naiz ona tropelean joaten», Kiesenhoferren azalpena. Talde txiki bat osatu zen —aurrena bost lagunekoa, gero hirukoa—, eta horrek mesede egin zion, lasterketako lehen zatiaren zama arintzeko. Gainera, konturatu zen taldeko indartsuena zela eta gainerakoak atzean utz zitzakeela azken igoeran eta jaitsieran, «nahiko ona bainaiz jaitsieretan».

Herbeheretarrak, nahastuta

Hala egin zuen. 40 kilometroren faltan, iheskideak atzean utzi, eta erlojupekoari ekin zion. Ohituta dago halako ahaleginetara, ondo moldatzen baita erlojupekoetan. Bitartean, tropelak Kiesenhoferren taldekideak harrapatu zituen, eta pentsatu zuen aurretik ez zihoala inor. Herbeheretarrak ziur zeuden urrezko domina zutela jokoan. Austriarra, ordea, bakarrik iritsi zen Fuji Speedwayko helmugara. Tokioko Olinpiar Jokoetako errepideko urrezko domina irabazi zuen.

Kiesenhoferrek irabazi eta gero, 1.15era iritsi zen Van Vleuten, eta 1.29ra Elisa Longo Borghini (Ane Santesteban 28. izan zen). Herbeheretarrak pentsatu zuen berak irabazi zuela urrezko domina. Hunkituta, negar malkotan hasi zen.

Bi txirrindularik ospatu zuten garaipena, baina bakarra zen irabazlea. Txirrindulariek ez dute irratirik eramaten belarrietan Olinpiar Jokoetako errepideko lasterketan, eta Van Vleutenek ez zuen austriarraren ihesaldiaren eta garaipenaren berririk. Ezta haren taldekideek ere. Zur eta lur geratu zen esan ziotenean ez zela txapelduna.

Kiesenhoferren garaipenak agerian utzi ditu haren ezohiko ibilbidea eta soslaia. Biatloietan eta triatloietan ibilia da, eta korrika egiteari utzi behar izan zion belauneko lesio batengatik. Txirrindulari profesional bihurtu zen, eta Lotto Soudal talde indartsuak fitxatu zuen.

Baina, urtebete geroago, 2017an, utzi egin zuen, lesioek, goi mailako txirrindularitzak eta goi mailako ikasketekin bateratzeko zituen zailtasunek ernegatuta.

Hala ere, bizikletan ibiltzen jarraitu zuen, bere kabuz, askeago, gozatzeko. Goi mailan, hori bai: Austriako errepideko txapelketa irabazi zuen 2019an, eta erlojupekoak 2020an eta 2021ean.

Urte eta erdiko lana

Lan asko dago herenegungo garaipenaren atzean. Kiesenhoferrek berak zehaztu du: «Paperek diote amateurra naizela», baina, profesionala ez izanda ere, «txirrindularitzak leku asko hartzen du nire bizitzan eta buruan». Azkeneko urte eta erdian Olinpiar Jokoetan jarri du indar guztia. Ez zuen pentsatzen, ordea, irabazteko aukerarik izango zuenik: «Dena eman dut gaur [herenegun], emaitza on bat lortzeko. Nire buruan emaitza on bat 25. egitea litzateke, eta guztia eman nuen 25. izateko. Beraz, irabazita, sari izugarria da».

Ezohikoak dira Kiesenhoferrek txirrindularitzan egindako ibilbidea eta herenegungo lasterketa irabazteko modua. Baita haren soslaia ere: matematika aplikatuetan doktorea baita. Ikasketekin eta ibilbide akademikoarekin uztartu du txirrindularitza. Irakaslea eta ikertzailea da Lausanako (Suitza) Eskola Politekniko Federalean.

Dominak haren etorkizuna alda dezake. Huraere bai. «Ikusiko dugu, ez dakit», esan du garaipena lortu berritan: «Uste dut aldaketa nagusia nigan eragin dezakeela, nire izaeran. Konfiantza handia emango dit neure buruarengan, eta nigan sinetsiko dut. Zentzu horretan, uste dut beste pertsona bat bihurtu nauela».

Ez du asmorik ikertzaile eta irakasle lana uzteko. Lehen bezala jarraituko du bizikletan ibiltzen. Bide propioari eutsiko dio, eta bere buruaren jabe izaten jarraituko du.

AHMED HAFNAUI
AZKENAAURREN

Tunisiak olinpiar neurriko, 50 metroko, bi igerileku ditu. Eta bi igerilari olinpiar txapeldun. Haietako batean entrenatzen du, AEB eta Australia ahaltsuetatik kanpo. Entrenatzaile tunisiarra dauka. 18 urte. Herenegun arte, ezezaguna. Herenegundik, izar berri bat: Ahmed Hafnaui. Estilo libreko 400 metroko proba irabazi zuen.

Tunisia bazterreko herrialdea da igeriketan. Bazterretik egin zuen igeri Hafnauik ere herenegungo finalean, zortzigarren kaletik. Nekez irabazten dira txapelketak eta dominak zortzigarren kaletik; erdiko kaleetan joan ohi baitira denborarik onenak egiten dituztenak, faboritoak, eta final batean zortzigarren kalean igeri egitea finalerako sailkatzeko denborarik okerrena egin izanaren seinale da.

Hafnauiren markarik onena 3.49.90ekoa zen urte hasieran. Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu aurretik hiru segundoan hobetu zuen: 3.46.16. Munduko sailkapenean hamaseigarrena zen. Finalera sailkatzeko proban, irabazleak bi segundoko aldea atera zion. Justu samar sartu zen finalean. Baina finalean bi segundotan hobetu zuen bere markarik onena, Tokion bertan lortutakoa: 3.43.36. Sei segundo zazpi hilabetean. Mundu bat halako proba batean, hobekuntzak, segundotan baino gehiago, hamarrenetan neurtzen baitira.

Finalean sartze hutsa ezustekoa izan zen harentzat. Ezuste itzela bukaerako horma ukitu, atzeko pantailara begiratu, bere aurpegia ikusi, eta irabazi egin zuela jakitea. Atzean utzi zituen Jack McLoughlin australiarra eta Kieran Smith estatubatuarra. McLoughlin izan zen nagusi metro gehienetan, baina azken luzean Hafnauik aurrea hartu zion.

Tunisiarraren garaipena ezustekoa izan da, bereziki igerilarientzat eta igeriketan adituentzat. Olinpiar Jokoen aurretik ez zeukan palmares distiratsurik: zortzigarren izan zen Gazteen Olinpiar Jokoetan, 2018an; podiumak lortu zituen Afrikako txapelketetan, urte berean, eta laugarren izan zen Juniorren Munduko Txapelketan, 2019an. 6 urterekin hasi zen igeriketan, eta 12rekin sartu zen Tunisiako igeriketa programan.

Batzuek zalantzan jarri dute haren garaipena irabazi orduko, dopin susmoak zabalduz. McLoughin txapeldunordeak berak baztertu ditu susmoak, eta Hafnaui zoriondu du. Hafnauik esan du emaitzaren sekretua lana dela, ez besterik: «Lan gogorra egin dut nire entrenatzailearekin; hori da».

Hafnauik ezusteko lorpena sinestezin bihur dezake, estilo libreko 800 metroko proban parte hartuko baitu gaurtik aurrera. Erne ibili beharko da, berez Hafnauik duela zenbait urte espero baitzuen munduko onena izango zela, baina ez estilo libreko 400 metroko proban, 800 metrokoan baizik.

Tunisia ez da erreferentzia igeriketan, baina badu igerilari bikain bat: Oussam Melluli. Urrezko bi domina lortu ditu Olinpiar Jokoetan, bata estilo libreko 1.500 metroko proban, Pekinen (2008an), eta bestea ur irekietako hamar kilometrokoan, Londresen (2012an). Brontzezkoa eskuratu zuen 1.500 metrokoan Londresen. Urte eta erdiko zigorra jaso zuen 2007an, debekatutako botika bat hartzeagatik. Tokion ere parte hartuko du.

Hafnauik telebistaz ikusi zuen Mellulik 2008an lortu zuen garaipena. Hafnauik, gaur egun, harremana du Mellulirekin, eta egunen batean hura bezalakoa izatea gustatuko litzaioke.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.