TOKIO 2020. Hasiera ekitaldia

ENTSEGU BAT, HASTEKO

Ohi baino ekitaldi soilago batekin hasi dira Tokioko Olinpiar Jokoak, COVID-19agatik atzeratu eta urtebetera. Pandemiaren ondorioak aipatu dituzte, baina ez du protagonismorik izan. Ehunka lagunek jokoen kontrako protesta egin dute estadioaren kanpoan, eta haien oihartzuna estadio barrura iritsi da.

jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Entsegu orokorren kutsua izan zuen. Festa pribatuarena. Ikuskizun handi bat eta estadio oso bat kazetarientzat eta gonbidatu batzuentzat baino ez. Tokioko Olinpiar Estadioko koloretako aulkiek bestelako itxura eman zezaketen, baina Olinpiar Jokoetako azpiegitura nagusia hutsik zegoen (68.000 ikusle sartzen dira han).

Pandemiak itxiera eta irekiera ekitaldiak moldatzera, sinplifikatzera, behartu ditu antolatzaileak. Horregatik, festa egin nahi bai baina egin ezin duenaren kutsua izan zuen atzokoak. Baita ikusle faltak eragindako isiluneak saihestekoa ere. Oso isilune gutxi izan ziren; ekitaldiak soinu banda bat zuela zirudien.

Itxuraz gain, mezuak aldatzera behartu ditu pandemiak. Ikusteko zegoen COVID-19ak zer-nolako lekua eta protagonismoa izango zuen atzoko ekitaldian. Zenbat eta nola azalduko zen.

Agertu zen, hasieran bertan, baina, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak pandemia garaian egin duen moduan, pandemiari kirola kontrajarriz: bideo batean, hainbat kiroletako kirolariek koronabirusa eta haren ondorioak irudikatzen zituen harrizko hormatzar bat eraitsi zuten. Modu formalagoan ere agertu zen, gogoan izan baitzituzten bai hitzez, bai isilune baten bidez pandemiaren ondorioz hil diren pertsona guztiak.

«Jaun-andreok, iritsi da une garrantzitsua» esan, eta herrialdeetako atletak estadioan sartu ziren. Ohi baino ordezkaritza txikiagoak, baina batzuk oso jendetsuak. Musikak estali zuen txaloen eta haien berotasunaren falta. Japoniak jaso zituen txalo gehien, baina iheslarien taldea ere oso txalotua izan zen. 29 kirolarik osatzen dute iheslarien taldea. Argentinarrak izan ziren nabarmenenak, saltoka eta multzo bat osatuz sartu baitziren, garaipen bat ospatuko balute bezala.

Apaindura gutxiago

Gainerakoan, halako ekitaldiek izaten dituzten ohiko osagaiak: tradizioan eta irudi sinbolikoetan oinarritutako musika saioak, doinu epikoak, koreografiak, su artifizialak estadioaren estalkitik, laser bidezko irudiak, olinpiar mugimenduaren aldeko iragarki itxurako mezuak, desfile luzea (bideojokoetako musika doinuekin), atleten uniforme eta txandal koloretsuak... Hori bai, ohi baino soilagoa, apaindura gutxiagokoa izan zen.

Seiko Hashimoto Tokioko Olinpiar Jokoen Antolaketa Batzordeko buruak, atzoko hitzaldian, eutsi egin zion Jokoen hasierako helburuari: «Japoniaren susperraldia erakutsiko diogu munduari». Thomas Bach NOBeko presidenteak ere bai erakundearen mezuan: «Gaurkoa itxaropen momentua da. Hau da tunelaren amaierako argia». Eskerrak eman zizkien japoniarrei; esan zien Jokoak haiei esker egin direla.

Eta japoniarrak? Estadiotik kanpo zeuden. COVID-19ari buruzko aipamenez gain, bazegoen beste zalantza bat atzo: ea protestarik izango ote zen Jokoen kontra. Ehunka lagun elkartu ziren kanpoko aldean. Irekiera ekitaldiaren isiluneetan protesten oihartzuna entzun zitekeen estadiotik bertatik. Poliziak gutxienez manifestari bat atxilotu zuen. Pandemia garaian kaleratutako inkesta guztien arabera, japoniar gehienak Jokoen kontra daude, eta berriro atzeratzea edo bertan behera uztea nahi dute.

Estadioaren kanpoko aldea hesituta zegoen. Atzerritarrak, gehienak komunikabideetako ordezkariak, barrura; bertakoak, hesiaren beste aldean, kanpoan. Ezin izan zuten hasiera ekitaldira sartu, eta ezingo dute lehiaketak ikustera joan. Naruhito Japoniako enperadoreak, harmailetatik, Olinpiar Jokoak irekitzat eman zituen. Bandera olinpikoa estadioko mastan jarri zuten, hotsanditasunez. Suziriko su olinpkoarekin suontzia piztu ere bai. Entsegua bukatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.