Tokio 2020. IGERIKETA

BI URRE, HIRU IRABAZLE

Katie Ledeckyk irabazi egin du estilo libreko 800 metroko proba, baina beste batzuetan baino gertuago izan du bigarrena, Ariarne Titmus. Caeleb Dressel gailendu da tximeleta estiloko 100 metrokoan, eta munduko marka berria ezarri du.

Katie Ledecky, estilo libreko 800 metroko proba bukatu berritan, Tokioko Ur Kiroletako Zentroko igerilekuan. HOW HWEE YOUNG / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Munduko eta Olinpiar Joko hauetako hiru igerilari onenak igerilekuan: Katie Ledecky estatubatuarra, historiako emakumezko igerilaririk onena, atzora arte urrezko sei domina Olinpiar Jokoetan eta munduko hamabost txapelketa, mito bat; Ariarne Titmus australiarra, Tokion Ledecky bi aldiz garaitu duen igerilaria, oraina eta etorkizuna; Caeleb Dressel estatubatuarra, Michael Phelps bat eta bakarrak utzitako hutsunea pixka bat bete duen igerilaria, eta Tokion, atzora arte, urrezko bi dominaren irabazlea.

Egun handia zen atzokoa Tokioko Ur Kirolen Zentroan. Nabari zen harmailetan eta giroan. Hutsak? Ez hainbeste. Kazetarien aulkiak, beteta; eta pareko harmailak ere, herrialde ezberdinetako kirolarienak,herrikideak animatzeko prest. AEB Ameriketako Estatu Batuetako kazetariak nonahi. Argiak itzali, koloretako argi mugikorrak martxan jarri, dantzaleku musika bozgorailuetan, eta esatariak ladies and gentleman. Olinpiar Jokoetako lehiaketa bat baino gehiago, telebistako ikuskizun bat zirudien.

Uretan, baina, asko zegoen jokoan. Dominak bai, jakina, baina baita zerbait gehiago ere: alde batetik, Ledeckyren eta Titmusen arteko lehia estilo libreko 800 metrokoan; bestetik, Dresselen nagusitasuna eta erreferentzialtasuna, tximeleta estiloko ehun metrokoan. Bi proba, urrezko bi domina, baina azkenean hiru garaile izan ziren.

Ledeckyk irabazi egin zion atzo Titmusi. Ohi bezala, aurrea hartu zien guztiei hasiera-hasieratik. Uretara jauzi egin, murgilean igeri egin eta burua atera zuenerako, lehena zen. Hortik aurrera, besakadaz besakada, gero eta alde handiagoa.

Estilo ezberdinak dituzte estatubatuarrak eta australiarrak: Ledecky, hankekin urari ostikoak ematen baino gehiago, uretan dantzan, baina aurrera; Titmus, berriz, ura etengabe ostikoz jotzen, motorra hanketan, apar zuriko ubera sortzen. Bi estilo, biak eraginkorrak.

Bi segundotik gorako alde erosoa lortu zuen Ledeckyk, gorputz batekoa, eta hala hasi zituen azken 50 metroak. Baina bukaera da Titmusen indarguneetako bat. Bukaera indartsu bati esker irabazi zion Ledeckyri berari estilo libreko 400 metroko proban.

Titmusek besoen eta hanken erritmoa azkartu zuen, baina Ledeckyk hamabost luzetan pilatutako aldea gehiegizkoa zen. Gerturatu zitzaion, baina ez garaipena arriskuan jartzeko bezainbeste. 8.13.83koa izan zen Ledeckyren denbora. 1.26 segundo gehiago behar izan zituen Titmusek. Simona Quadarella izan zen hirugarren, urrun, 5.78 segundora.

Urrezko domina Ledeckyrentzat. Olinpiar Joko hauetako bigarrena zilarrezko bi ere lortu ditu eta bere ibilbideko zazpigarrena. Lehena 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan lortu zuen, 15 urterekin, hain justu estilo libreko 800 metrokoan. Bederatzi urte daramatza goi mailan igerian.

Alde txikia

Atzokoan, ordea, Ledeckyk eta Titmusek irabazi zuten. Estatubatuarrak, urrea; australiarrak, konfiantza eta sinesgarritasuna. Zenbat eta distantzia luzeagoa, orduan eta hobeto moldatzen da Ledecky. 1.500 metroan ez du aurkaririk.

800 metroan ere hala izan da, baina atzo Titmusek erakutsi zion gertu dagoela: Ledeckyk soilik 1.26 segundoren aldea atera zion, Olinpiar Jokoetan distantzia horretan lortu duen txikiena. Ledeckyren 800 metroko nagusitasuna erakusteko, datu bat: harenak dira distantzia horretan egindako 24 denbora onenetatik 23. 24.a Titmusek lortu zuen, atzo.

Titmusek Tokion bi aldiz garaitu du Ledecky, biak proba motzagoetan, estilo libreko 200 metroan eta 400 metroan. Atzo, ordea, erakutsi zuen 800 metroan ere itzal egin diezaiokeela.

Ledeckyk 200 metro eta 1.500 metro arteko probak jokatu ditu Tokion; hau da, esprintak eta erresistentzia probak. Guztietan da lehiakorra. Gainera, aintzat hartu behar da hainbeste probatan parte hartuta atseden gutxi izan duela, askotan lehiatu izan behar duelako, atsedenerako tarte txikiarekin.

Bien arteko lehiak jarraituko du. Ledeckyk 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko asmoa du, eta ez du baztertu 2028ko Los Angeleskoetan ere parte hartzea. 24 urte ditu gaur egun. Titmusek, 20.

Bost ehunen azkarrago

Parisen eta Los Angelesen parte hartuz gero, Ledeckyk aukera izango du Sobietar Batasuneko Larisa Latynina gimnasta ohiaren bederatzi urrezko dominak berdintzeko edo gainditzeko. Tokion ere egin zezakeen, baina ez du lortu.

Atzoko hirugarren protagonista Caeleb Dressel izan zen. Jakina zen gizonen tximeleta estiloko 100 metroko munduko marka kolokan zegoela: bai Dressel, bai Kristof Milak hungariarra asko hurbildu ziren finalerdietan.

Finalean, Dressel hasieratik jarri zen probaren buruan. Milak nabarmen atzerago abiatu zen, baina atzetik aurrera egitea lortu zuen. Dresselek segundo erdiko abantaila zuen 50 metroan. Hungariarrak tartea txikitzea lortu zuen, baina ez nahikoa. Dresselen denbora: 49.45 segundo. Munduko marka berria, Dresselek berak zeukana baino bost ehunen azkarragoa. Milak bi hamarrenera heldu zen (0.26). Eta Noe Ponti suitzarra, 1.29ra.

Hirugarren urrezko domina estatubatuarrarentzat. Badirudi ez dela azkena izango. Atzo bertan, tximeletako proba bukatu, irabazi, marka jarri, domina jaso, ereserkia entzun eta minutu gutxi batzuetara, estilo libreko 50 metroko finalerdia jokatu zuen.

Parte hartzaileek uretara jauzi egin zuten, eta istant bat lehenago ur barea zena apar eta zurrunbilo zuri bihurtu zuten, urari besoekin mailukadak eta hankekin ostikadak ematen. Finalerdietako denbora onena egin zuen Dresselek. Lerro hauek irakurtzerako jada jokatuta egongo da finala, eta amaituta egongo dira Tokioko igeriketa lehiaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.