Tokio 2020. Igeriketa

PHELPSEN ITZALA ARGITZERA

Caeleb Dresselek eta Katie Ledeckyk hartuko dute estatubatuarraren testigua Olinpiar Joko hauetan. Aukera polita daukate uretan euren nagusitasuna sendotzeko.

Katie Ledecky, txapelketa batean. PATRICK B. KRAEMER / EFE.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Michael Phelpsek 2016ko Olinpiar Jokoetanerretiroa hartu eta gero, estatubatuarren taldeak badauka erreleboa hartuko dion igerilaria: Caeleb Dressel. 25 urteko igerilariak Rion eskuratutako dominei eustea eta beste batzuk ere irabaztea izango du helburu.

Rion jokatu ziren azken Olinpiar Jokoetan, Phelpsekin parte hartu zuen Dresselek, errelebo proba batean. Estatubatuarrak irabazle atera ziren; frantziarrak gelditu ziren bigarren, eta australiarrak hirugarren. Orduan Dresselekin batera taldea osatu zuten Phelps, Ryan Held eta Nathan Adrian ez dira Tokion izango. Guztiz eraldatuta egongo da, beraz, AEBetako taldea.

Azkeneko lehiaketa garrantzitsuetan eskuratutako emaitzak kontuan hartuta, Dressel da hautagai nagusia: 2017ko Munduko Txapelketan urrezko zazpi domina irabazi zituen, eta bi urte geroago egindakoan, beste sei.

Gizartea modernizatuz joan den heinean, teknologiak tokia egin zuen igeriketan ere. 2008an Pekinen modan jarri ziren bainujantzi iraultzaileekin, munduko 200 errekor baino gehiago egin ziren, eta bi urte geroago debekatu egin zituen Nazioarteko Igeriketa Federazioak.

Joan den abenduan, Speedo bainujantzi enpresaren sustapen ekitaldi batean, Dresselek bere denbora gutxitzeko saiakera egin zuen 50 metrotan. Hark zuen marka, 20,16 segundotan, eta denbora hori hobetzeko hiru saiakera zituen aurretik, baina, bigarrena egin eta gero, amore eman zuen. Lehenengoan 42 ehunenera gelditu zen, eta bigarrenean, 41era. Orduko hartan ez zion batere lagundu bainujantziak eragiten duen efektu flotatzaileak. Beraz, horrelako bainujantzi berezirik gabe ariko da Tokion.

Bai, ordea, zapi urdin batekin. Soinean darama lehiatu aurreko uneetara arte. Clara McCoolen oroitzapen bat da. Bigarren hezkuntzan izan zuen matematikako irakasle, eta bizitzarako jarraibide da harentzat: «Minbiziak jota hil zen. Zapia eramaten dut lehiaketa guztietara, gauero nire mahaian egoten da, eta alde guztietara eramaten dut aldean. Uste dut bera hor dagoela, musuzapian, eta bizitza igeri egitea baino gehiago dela pentsarazten dit».

Estatubatuarraz gain, gizonezkoetan nabarmentzekoak diren izenak Bruno Fratus brasildarrarena eta Florent Manaudou frantziarrarena dira. Azken horrek, ordea, erretiroa hartuko zuela iragarri zuen Rioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu eta gero. Eskubaloia praktikatu zuen. «Adrenalina beti gustatu izan zait. Eskubaloian joko gehiago zegoen. Igeriketan, munduko onena izateko entrenatzen naiz Olinpiar Jokoetako final batera iristeko, estresa izateko eta porrota gorrotatzeko. Ez nuen hain eskura, eta horregatik praktikatu nahi dut berriro», aitortu du.

Duela bi urte baieztatu zuen lehiaketara itzuli nahi zuela: «Aspaldidanik faltan sumatzen dut. Asko dibertitu nintzen denbora batez egin nahi nituen gauzak egiten, baina orain berriro entrenatzeko erronka dauka». Tokion ez ezik, 2024an Parisen egingo diren Olinpiar Jokoetan ere jarrita dauka fokua.

Ledecky nagusi

Gizonezkoetan ez ezik, emakumezkoetan ere estatubatuarrak dira nagusi. Katie Ledeckyk, adibidez, lau domina irabazteko aukera du: 200, 400, 800 eta 1.500 metroetan. Dressel bezala, Ledecky ere faborito argia da haren uzta handitzen segitzeko. Hirugarren Olinpiar Jokoak ditu. 15 urterekin, Londresko Olinpiar Jokoetarako gutxieneko denbora lortu zuen. Hori eginez, bere herrialdean Joko horietara joan zenlehiakiderik gazteena bihurtu zen. Orduan urrezko domina lortu zuen 800 metrokoan. Lau urte geroago, Rio de Janeiron (Brasil) urrezko lau domina eta zilarrezko bat irabazi zituen. Hori gutxi balitz bezala, munduko marka lortu zuen 800 metrokoan. Urrezko bost domina eta zilarrezko bat ditu irabaziak Olinpiar Jokoetan.

Itxuraz, sasoiko iritsiko da Tokiora. Abenduan bideo bat zabaldu zen sarean, non Ledecky ikusten zen igerian baso bat esne buruan zuela. Bideoa esnearen kontsumoa bultzatzeko kanpaina batekoa zen, eta estatubatuarrak ez zuen esne tanta bat ere isuri igerian egin zituen 25 metroetan. Uretan duen perfekzioa erakutsi zuen eta, perfekzio hori izan daiteke arrazoietako bat hainbeste domina irabazteko.

Emakumezkoetan beste izen bat nabarmendu behar da: Sarah Sjostrom. Suediarra zortzi aldiz izan da munduko txapeldun tximeleta estiloan, eta haren helburu nagusia izango da Tokion. Arriskuan izan du. Izan ere, otsailean, ukondoa hautsi zuen izotz gainean irristatzen ari zela; apurtu eta hurrengo egunean egin zioten ebakuntza. Indarberritzeko epea guztiz murriztu zuen, martxoaren hasieran uretara itzuli baitzen: osatzeko epea hiruzpalau hilabetekoa zen.

Maider Redin igerilari donostiarrak argi dauka zeinek irabaziko dituen domina gehien: «Hautagai nagusia Estatu Batuak dira, zalantzarik gabe. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan oso talde ona daukate, eta konbinaziorik onena da. Suediak ere aukerak izan ditzake; nesken taldea oso indartsua da. Beste aukeretako bat Kanada izan daiteke, baina talderik indartsuena Estatu Batuak dira».

Ariarne Titmus australiarra ere beste protagonistetako bat izango da Olinpiar Joko hauetan. 400 metroko modalitatean, 44 ehunekorengatik ez zuen berdindu Ledeckyren denbora, eta estatubatuarraren aurkaririk gogorrena izango da.

Redinen ustez, Titmus «disfrutatzera» joango da, bere lehen aldia delako. «Final baten sartzeko aukera badu, lehia daiteke. Irabazteko zaila edukiko du, baina baliteke lehen hiruren artean gelditzea.

Aurtengoan Rion baino hiru proba gehiago egingo dira, 35: hamazazpi gizonezkoetan, beste hamazazpi emakumezkoetan, eta txandakako mistoa. Redinek ondo iritzi dio proba horri: «Niri asko gustatzen zait. Estrategia desberdinak egon daitezke: ea gizonezkoak edo emakumezkoak hasi lehenago igerian... Polita izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.