Kereila aurkeztu dute Auzitegi Nazionaleko epaile Velascoren kontra

Euskal presoen abokatuen aurka daraman auzibidean prebarikazioa egitea leporatzen diote.

Legez kanpoko atxiloketagatik ere salatu dute

Gotzon Hermosilla -

2015eko azaroak 18
Alfonso Zenon eta Jone Goirizelaia abokatuek jakinarazi dutenez, joan den urriaren 22an kereila kriminala aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen kontra. Euskal presoen abokatuen aurka daraman auzibidean prebarikazioa eta legez kanpoko atxiloketa delituak egin izana leporatzen diote.

Euskal presoen defentsa daramaten abokatuen kontrako polizia operazioa abiarazi zuen Velascok joan den urtarrilaren 12an. Hamasei lagun atxilotu zituzten, horietatik hamabi abokatuak, eta beste lau Herrira plataformako kide izateaz akusatuak. Lehendik kartzelan zeuden beste bi abokatu ere, Jon Enparantza eta Arantxa Zulueta, inputatu zituen.

Bere autoan, abokatuei Ogasunari iruzurra eta dirua zuritzea leporatzen zien Velascok, 2012. eta 2013. urteetan BEZari dagozkion zergak ordaindu ez zituztela argudiatuta. Orotara, 270.000 euro inguruko iruzurra egitea egotzi zien. Horretarako, Guardia Zibilak aurkezturiko txosten batean oinarritzen zen Velasco. Txosten horrek aipatzen zuen abokatuek Ogasunaren aurrean egindako deklarazio bat, abokatuek diotenez «balio informatibo hutsa» zuena.

Goirizelaiak eta Zenonek beste hainbat agiri aurkeztu dituzte, frogatzen dutenak abokatuek euren jarduera profesionalari dagozkion zerga guztiak ordaindu dituztela. Agiri horien arabera, 62.800 euro inguru ordaindu zuten zergetan 2012an, eta ia 70.000 euro 2013an. Foru Ogasunen ziurtagiriak ere aurkeztu dituzte abokatuek: agiri horietan, Foru Ogasunek ziurtatzen dute abokatuek bi urte horietan zegozkion zergak ordaindu zituztela eta gaur egun ez dutela inolako zorrik Ogasunarekin.

Abokatuek esan dutenez, Guardia Zibilak eta Velasco epaileak bazuten agiri horien berri, eskatu zituztelako eta dagozkion administrazioek haien eskura jarri zituztelako. Horregatik pentsatzen dute abokatuen kontrako akusazio faltsuak nahita egin direla, eta, beraz, prebarikazio delitua badagoela.

Operazio hartan atxilotuetako bat, Fran Balda, libre gelditu da osasun arrazoiak direla eta, 10.000 euroko bermea ordainduta. Beste euskal preso bat, Tomas Elgorriaga, Frantziaren esku utzi du Alemaniako epaitegi batek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna