Baztanera iritsi da ortzadarra

Adin guztietako jendea bertaratu da Nafarroako Berdintasun Institutuak jarritako gunera

Autobusa Iruritako plazan (Baztan, Nafarroa). ISABEL JAURENA.
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Zurrumurruak, familien barneko liskarrak edo auzokideen arteko lehiak. Aunitz dira herri txikiak infernu handiak direla erakusten duten egoerak. Landa eremuko erronka horiei gizarte talde andanak egin behar izan die aurre. Horietako bat da LGTBI kolektiboa, kideek urte luzez gorde behar izan baitute euren nortasunaren parte bat. Errealitate horiek errepikatu ez daitezen, sentsibilizazio eta kontzientziazio saiakerak egiten dira non-nahi. Nafarroako Berdintasun Institutuak, adibidez, kanpaina ibiltari bat jarri zuen martxan joan den asteartean.

Julen Eneriz Nafarroako Berdintasun Institutuko LGTBI Berdintasuneko zuzendariordea egon zen programaren aurkezpenean, Elizondon (Nafarroa). Haren erranetan, programaren helburua «genero aniztasunaren eta sexu aniztasunaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea» da. Ez delako soilik LGTBI kolektiboko kideen zeregina, «giza eskubideena» ere badelako. Nafarroako Pirinioetan barrena ibiliko da kolektiboaren inguruko informazioa emanen duen autobusa, eta Kattalingune taldeko kideak izanen dira bertan. Ibilbidea abuztuaren hamaseira arte izanen da.

Herri txikiak jomugan

Orain arte, Elizondon, Iruritan, Erratzun eta Beran barrena ibili da autobusa. Kattalinguneko datuen arabera, lehenbiziko hiru herrietan, guztira 57 pertsonak bisitatu dute ortzadarrez margotutako gunea: 36 emakumek eta 21 gizonek. Adin tarte guztietako jendea joan bada ere, gehienak hamazazpi urtetik beherakoak edo 30-49 adin tartekoak izan da. Gainera, 70 urtetik gorako hiru pertsona ere informazio eske joan dira.

Ibilgailuak bisitatu ohi dituen herriak txikiak dira. Antolatzaileek propio hartutako erabakia dela azaldu zuen Enerizek: «Aurkezpena egiten den herria izan ezik, gainerakoak ere leku txikiak izatea nahi dugu, pertsonengana iristeko aukera izateko». Estrategia horrek aukera ematen die informazioa nahi duen horri hurbiltzeko, eta orain arte ongi atera zaie. Azkeneko bi aldietan, ia 1.000 pertsonarekin solastatzeko aukera izan zuten.

Sexilioa

Estrategia horren atzean dagoen arrazoia sinplea da: landa eremuan bizi diren kolektiboko pertsonak laguntzea, herritik alde egin ez dezaten. «LGTBI pertsona batek, berez, zailtasunak ditu. Arazo horiek larriagotu egiten dira landa ingurune txiki batetik bazatoz, guztiek ezagutzen zaituztelako eta guztiek badakitelako nor zaren. Ingurune handiagoetan, ordea, pertsonen identitatearen afera oharkabean pasatzen da», azaldu zuen Enerizek. Arrazoi horiengatik, sexilioa izeneko fenomenoa gertatzen da; hau da, kolektiboko kide bat bere herritik joatea bere genero identitateagatik edo sexu identitateagatik.

Gisa horretako egoerak gerta ez daitezen, landa eremuko herritarrei «material didaktikoen» bidez informazioa ematen ahalegintzen dira autobusean. Aurten, erraterako, berrikuntza bat badago. Aurreko aldietan erabilitako gidez gain, bi bideo izanen dituzte ikusgai autobusera joaten direnek.

«Lehenbizikoak erakusten du LGTBIfobia ez dela soilik eraso fisikoa. Zurrumurruak, pertsona baten orientazio sexualaren inguruan hitz egitea edo komentarioak egitea ere izan daiteke», adierazi zuen Enerizek. «Ekainaren 27ko bideoan, berriz, erakutsi nahi genituen kolektiboaren barnean ikusezinak diren errealitate batzuk. Adibidez, LGTBI pertsona helduena», gehitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.