Mugan zirkulazio askea bermatzeko urratsak eskatu ditu Senatuak

Europako Batasunaren barruko mugetan ezbeharrak eragozteko neurriak bultzatuko dituzte

Migratzaile talde bat, Bidasoaren gaineko Santiago zubian, Irun eta Hendaia artean. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
EH Bilduk proposatutako mozioa onartu zuen atzo Espainiako Senatuak, eta Espainiako Gobernuari eskatuko diote Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko «giza krisian» esku hartzeko. Koalizio abertzaleak dio Frantziak 2015. urtetik «kontrol arrazialak» ezartzen dituela bi euskal udalerrien artean, eta gehitu dute horrek migratzaileen zirkulazio askatasuna urratzen duela. PSOEk, EH Bilduk, EAJk, Geroa Baik, ERCk eta JxCk bozkatu dute mozioaren alde, PSOEren zuzenketarekin. Aldeko 142 boto eta aurkako 105 izan ditu mozioak, hain zuzen.

Mozioa onartuta, ondorengo hiru puntuak betetzeko eskatuko dio Senatuak Espainiako Gobernuari; lehenik eta behin, Irun eta Hendaia bitarteko giza krisiaren inguruan «kezka» adieraztea. Bigarrenik, Europako agintaritzekin batera, Europa barneko mugetan ezbeharrak eragozteko eta migratzaileen segurtasuna bermatzeko neurriak bultzatzea, Bidasoa ibaian «ezohiko arreta» jarrita. Hirugarrenik, azal koloreagatik, jatorriagatik edo identitateagatik tratu diskriminatzailerik izan ez dadin ziurtatzeko, Frantziako agintariekin elkarlanean jardutea.

EH Bilduk mozioan aurkeztutako motiboen arabera, Frantziak Irun eta Hendaia artean ezarritako «etengabeko kontrol arrazialek» pertsonen zirkulazio askerako eskubidea eta Schengen eremuaren oinarriak urratzen dituzte, eta hori buxadura efektua eragiten ari dela gehitu dute. Horrek, bestalde, migratzaileak muga zeharkatzeko bide alternatiboak bilatzera bultzatzen dituela diote; igerian, esaterako. 2021ean zazpi pertsona hil ziren Bidasoa ibaia zeharkatu nahian, eta aurten, orain arte, bi.

Idurre Bideguren EH Bilduko senatariaren esanetan, kezkagarria da mugako bidea hesiekin moztuta egotea: «Zinez kezkatzekoa da Europako herrialdeen artean harresiak ikustea, zirkulazioa eragozten eta Schengen eremua zalantzan jartzen». Bestalde, PSOEko Alfonso Gil senatariaren ustez, migratzaileen mugimendua bermatu behar da, giza eskubidea delako; gogorarazi du pertsona horiek «gosetik eta gerratik ihesean» ari direla.

Ana Camins PPko senatariak EH Bilduk proposatutakoaren eta gainontzeko alderdiek babestutakoaren aurka egin du, eta gogora ekarri du Schengen eremuan zirkulazio askea bertako herrialdeetako biztanleei bakarrik bermatzen zaiela, eta ez kanpokoei. Horrez gain, EH Bilduri leporatu dio Irunen dauden migratzaileak «handik joatea» nahi duela, eta ez arta ematea.

Neurri «deskafeinatua»

EAJk mozioaren alde bozkatu duenarren, Nerea Ahedo senatari jeltzaleak esan du neurria «anbizio txikikoa» dela, joan den ekainean Eusko Jaurlaritzak onartutako legez besteko proposamen batekin alderatuz gero. Bestalde, PSOEren zuzenketak korridore humanitarioak ezabatu dituela dio Ahedok, eta horrek neurria «urardotu» duela azaldu du.

Bidasoaren gainean kontrol «selektibo eta arrazista» dagoela salatu du Ahedok, eta harrera sistema duinak behar direla adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.