Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Biopsikosozialki

2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Etxean gelditzeko behin eta berriz esan zaigun urte honetan, agerian gelditu dira gizarte honen hutsuneak, inoren zaintzapean gelditu ez diren hainbat pertsona, teilaturik ez dutenak. Osasun arloan gizaki biopsikosozialtzat definitzen zaigu, eta pandemiarekin batera alde biologikoa eta psikologikoa ere nabarian kaltetuta ikusi diren arren, soziala ere gaixotua dugu.

«Martxoaren amaiera da, kaleak arraro sentitzen ditut, apenas dagoen jenderik. Jendeak etxeetatik oihukatu egiten dit eta ez dakit zergatik. Nik kalean lo egiten dut beti bezala, eta denbora batera jakin dut gobernuak etxeko konfinamendua ezarri duela.

»Aterpetxeek ez dute jende gehiagorik onartzen segurtasun neurriak direla-eta. Jende bera mantentzeko erabakia hartu dute, jendearen joan-etorrietan kutsadura handitu ez dadin. Hondartzan gaur gauean gizon batekin egin dut topo, aterpetxe batean dago, PCRa egin diote eta emaitza jakin arte kalean lo egitea da irtenbide posible bakarra, aterpetxeek ez dutelako egoera berezi honetarako lekurik.

»Kalean aurrera eta atzera ematen ditut egunak, lo egiteko leku seguruen bila. Bizilagunen isekak eta oihuak geroz eta bortitzagoak dira, Poliziak ere isunak jarri dizkit. Erotzen hasi ote naizen pentsatzen dut, zer ari naizen kalean, zer ari naizen bakarrik, nola ote dagoen atzean utzi nuen guztia. Bizitzak zentzurik ote duen galdetzen diot oso maiz neure buruari. Arraro nago, urduri, goibel, gogogabetzera heldua. Egunak aurrera joan ahala argaltzen hasi naiz, apenas jaten dudan eta asko ibili beharra daukat lo egiteko leku seguru baten bila. Ez naiz ondo sentitzen, nire osasun fisikoa eta mentala dekadentzian doaz. Etxean gelditzeko mezuak besterik ez ditut jasotzen une oro, eta ez, ez dut teilaturik.

»Konfinamendua ezarri zen honetatik hiru aste pasatu dira, eta azkenik, kalean gaudenontzako ireki dituzten egoitzetako batean hartu naute. Zorionekoa naiz logela batean lo egiten dudalako. Azken astean nirekin ibilitako bi kideetako bati ohez hornitutako pilotaleku batean egokitu zaio lo egiteko lekua; besteak, ordea, ez du inon ere lortu. Gizarte langileek jo eta ke dihardute lanean, segurtasun neurri guztiak bete nahi dituzte gurekin, zenbait egoitzatan distantzia txikiak izateagatik zaila egiten zaien arren. Gel hidroalkoholikoen bila erotzen dira, baita maskaren bila ere. Baina, azkenean, lortzen dituzte baliabide guztiak.

»Denbora aurrera doa, konfinamendua amaitu da eta zorionez lo egiteko leku seguru honetan jarraitzen dut. Maskarak ematen dizkigute, jaten ematen digute eta baita lotarako lekua ere».

Hau izan da, laburki, lehen pertsonan entzun dudan istorioa. Etxerik gabe bizi diren edo bizi izan diren pertsonei buruz gizarte mailan oso gutxi hitz egin dela esango nuke; gure begi bistatik kendu dituztenean lasaitu egin gara, beraien helmuga zein izan den interesatu gabe. Haiek, aldiz, baztertzen dituen gizartea babeste aldera zentzuz eta zintzo jokatzen ari dira. Estigmak ixteko garaia da, ateak zabaltzekoa. Osasuna bai, baina denona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.