Greba, «lehengo gozotasuna» eskatzeko

Bizkaiko zahar etxeetako LABeko langileak baraualdia egiten ari dira, ratioak handitzea eta lan baldintzak egoitza publikoetako langileenekin berdintzea galdegiteko. Uste dute langileen eta egoiliarren baldintzak txartu egin direla azkenaldian.

Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean ari dira LABeko kideak 72 orduko protesta egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hirugarren eta azken baraualdi eguna daukate gaur Bizkaiko zahar etxeetako LABeko langileek. Maiatzaren 15etik 20ra ari dira greban, eta Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean egin dute kanpalekua, Bilbon, ratioak handi ditzaten eskatzeko. «Aldundiari exijitzen diogu uzteko enpresei dirua emateari eta langileei eta egoiliarrei osteari», oihukatu dute bozgorailuetatik.

Langile publikoak direla aldarrikatu dute, eta zaintza sistema «aldatu» behar dela. Besteak beste, galdegin dute lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileekin berdintzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, eta ratioak handitzea: gauez bi zaintzaile hamabost egoiliarreko, egunez zaintzaile bat lau egoiliarreko, eta 24 orduko erizaintza zerbitzua. Izan ere, gaur egun oso bestelakoa da egoera, LABeko Monica Rojok azaldu duenez: «Orain bertan, egunez zaintzaile bat dago 40-45 adineko jagoten, eta gauez egon daiteke bat ehun edo gehiagorekin; enpresariaren borondatearen araberakoa da».

Izurritetik hona langileen egoera ez dela hobetu uste du Rojok: «Pandemia erdiragarria izan zen.Erakundeek ez zuten indartu plantilla, eta maila emozionalean oso gogorra izan zen buruko gaitzen bat daukatenak —dementzia, alzheimerra...— gelan 24 orduz giltzaperatuta edukitzea». Kontatu duenez, gelaz gela joan behar izaten zuten langileek; garbitu, egoiliarrei jaten eman, eta alde egin.

Pandemiaren irakaspenei begira, zaintza sistema aldatu behar dela deritzo: «Denbora tarte laburrean garbitu eta altxatu behar ditugu, eta erakundeak inposatzen digun lan erritmoa basatia da: adineko bati dutxatzeko eta jateko presa sartzeak guri sortzen digu estresa, ito egin daitezke eta».

Kezka bera du Ainhoa Anparan Agirrek. Hamabi urte daroaz zahar etxeetan, eta langile faltak «lehengo gozotasuna eta berotasuna» galtzea ekarri duela dio: «Zaintza, niretzat, ez da bakarrik jaten ematea, paseoan eramatea eta orraztea. Zaintza da denbora pixka bat edukitzea haien ondoan egoteko, berba egiteko, eta haien galderei erantzuteko».

ELA ere kalera irten da

ELA sindikatua ere greba ziklo propioarekin ari da sektorean. 60 greba egunetik gora egin ditu jada azken hitzarmena sinatu zenetik. Haiek ere Bizkaiko Foru Aldundiari aurpegiratu diote «egoeraren erantzule zuzena» izatea. CCOOk ere lanuzteak egingo ditu datorren astean Bizkaiko egoitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.