SOS Mutrikuko portutik

Joseba Mugerza Jauregi
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Arantxa Tapia, zuregana jotzen dugu Mutrikuko Portu Berriko proiektuarekiko Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin ez gaudela batere ados adierazteko. 90eko hamarkadaren amaieran, eta gure arrantza portua babestuko zuen babes-dikea eraikitzeko aldarrikapen historikoan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak plan makiaveliko bat prestatu zuen, gure flota xumearen segurtasuna bermatzearen aitzakiaz, Mutrikuko ia badia osoa hartuko zuen neurri biblikoko kanpo-portu berria eraikitzeko.

Ondo zenekiten azpiegitura handi hura, behingoz Mutriku mapan kokatuko zuen arrantza-portutzat jo zena, ezin izango zela diseinatu zenuten bezala egin, 1999ko ingurumen txostenak ondo argi uzten zuen bezala. Horregatik proiektu handi hura zatitu eta faseka aurkeztu zenuten, lan hura gauzatzean izango zuen eragina arintzeko eta hormigoi-multzo baldar hura herritarroi poliki-poliki irentsaraziko zeniguten proiektu bihurtuz.

Gogoan dut zure alderdiko zinegotzi batek proiektua Mutrikuren hondamenditzat jo zuela publikoki, baita egiten ari ziren jardun ilegalak zehaztu eta azaldu zituen ingurumen-abokatu bati jaramonik egin ez zeniotela ere, EAJkoa hura ere. Eta udalaren barruan hausnarketa zantzu oro bertan behera utzi zela aipatu zela gogorarazi nahi dut, «dena edo ezer ez» delakoarekin.

Desadostasun ahotsei eta argudioei entzungor eginez, 2004an lanak hasi ziren eta hiru urte geroago, gelditu egin ziren, partida ekonomiko osoa (40 milioi euro inguru) amaitu zela argudiatuz. Hamabost urte luzez utzi duzue itsas inguru eder eta zoragarria zena hondakindegia balitz bezala eta, betiko arrantza portua berrantolatu beharra izan ondoren, hotzikarak eragin ditzakeen lanpostu bakarra sortu da.

Baina Tapia andreak erabaki, ia bi hamarkada geroago, eta biztanleriari inolako azalpen zehatzik eman gabe, orain, «dikearen amaiera» deitzen dioten proiektuari berriro ekitea erabaki du. Zer dela eta? Besteak beste, berriz ere, zerutik etorritako diru publikoko 20 milioi euro daudelako, dagoeneko pazientzia amaitu zaien mutrikuarren eta bisitarien adimenaren aurka doazen lanetan xahutzeko.

Informazio gardenik ez dagoenez, eta zeure adierazpen bati edo besteri esker, badirudi ez zaretela aseko publikoki esan diren adierazpenekin (orain dikea amaitu, gero gerokoak, «iraungita dago proiektua»...) eta Mutrikun beste kirol portu bat eraikiko duzuela (bigarrena litzateke).

Argi dago, ordea, egiten duzuena egiten duzuela, eragin negatiboa izango duela bainulari guztientzat (betiko igerilekuaren ingurua eta Danborraren eta Mollaberriren arteko eremu osoa zementatu arte eta bainua hartzea debekatzen diguzuen arte, noski), urak gutxi errejeneratuko direlako, surflari guztientzat, Alkoleako olatuan izango duen inpaktuagatik, herritarrontzat eta herriko bisitarientzat itsasorantz zabaltzen den ikuspegi zabal eta ederra betirako kondenatuko delako, eta abar. Honegatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak, oraingoan, hainbeste aipatzen duen begirunea, apaltasuna eta kalitate demokratikoa izatea espero dugu, mutrikuarren bizitzak betiko aldatuko dituen proiektu eta obra honi buruz herriak duen benetako iritzia kontuan hartzeko.

Era berean, hau da Espainiako Ingurumen Ministerioari, arren, eskatzen dioguna: berrikusi dezala Eusko Jaurlaritzak kosta mugapeari kanpo portua justifikatzeko aurkeztutako informazioa eta, bere garaian aurkeztutakoa orain eraiki nahi denarekin bat ez datorrela antzematen badu, berehala ken dezala obrak hastea ahalbidetu zuen esleipena.

Halaber, Unescori gogorarazi nahi diogu 2015etik Mutriku bere Munduko Geoparkearen parte dela. Horregatik, Unescori eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari exijitu diezaiola proiektua geldiarazteko, 2004an onartu baitzen proiektu hau, Geoparkerik ere ez zegoenean, eta argi geratu da garai hartan emandako baimenak ez datozela bat egungo egoera eta betebeharrekin.

Azkenik, Mutrikuko alkate jaunari eskatzen diogu lehenbailehen erreferendum loteslera deitzeko, herriak erabaki dezan proiektuarekin jarraitu nahi duen, edo dikea dagoen tokian amaitu eta inguruak saneatu. Ez digu balio berandu gabiltzalako argudioak, are gutxiago publikoki aitortu ez arren Tapia andreak eta Erkoreka jaunak Mutrikuko portua 2021eko uztailean bisitatu zutenetik proiektu honen bilakaeraren berri bazuela susmatzen dugunean. Hori egiten ez baduzu, alkate jauna, zure alderdiak (EH Bilduk) hala exijitzea espero dugu, zeuon estatutuetan hala adierazten baituzue: «Erabaki estrategikoak hartzeko zuzeneko demokrazia sustatu behar da, horretarako, erreferendumak eta herri-kontsultak bultzatu eta egin behar dira».

Hobe berandu, inoiz ez baino. Erreferenduma Mutrikun orain!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.