KRITIKA. Musika
Perianes behin eta berriro

Javier Perianes
Egitaraua: Bidegurutzea: C. Schumann, R. Schumann, J. Brahms eta E. Granadosen obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: apirilak 14.Azken egunotan Javier Perianes Espainiako zein Europako hainbat hiritan aurkezten ari den programak, Bidegurutzea izendatu duenak, ebokazioak, maileguak eta bariazioak jartzen ditu erdigunean, erromantizismo alemanetik XX. mende hasierako sinbolismora.
Beste hainbat berrikuntzaren artean, espiritu erromantikoak artea eta bizitza ezin bereiztearen ideia sartu zuen XIX. mendeko pentsamenduan. Lehen zatiak binomio horren isla diren hiru konpositoreren obrak biltzen ditu: Clara Schumann, Robert Schumann eta Johannes Brahms. Izan ere, asko idatzi da Schumann senar-emazteen eta Brahmsen arteko mirespen, maitasun eta inspirazio harremanaz, musika-sorkuntza eta barne-mugimendu pertsonalen arteko mugak ezinbestean zeharkatu eta nahasi zituena.
Kontzertuan, Clarak (op. 20) zein Brahmsek (op. 9) Robert Schumannen Bunte Blätter (op. 99) zikloko laugarren piezaren inguruan egin zituzten bariazioak entzun ahal izan ziren, Roberten osasun mentalak behea jo zueneko garaian idatziak, 1853an eta 1854an, hurrenez hurren. Eta bien artean, Roberten Clara Wiecken Andantino (op. 14), 1836an konposatua.
Bigarren zatian, Enrique Granadosen Goyescas maisulana ekarri zuen Perianesek, 1911n konposatua. Goyaren obrak irudikatutako giroa gogora ekartzen du lanak sei mugimendutan, argiak eta itzalak elkarrekin aurkeztuz, dantza eta heriotza bizikide diren bezala.
Perianesen lana ezagutzen duen edonork ongi daki bere zuzenekoetan giro berezia sortzen dela beti, berezkoak zaizkion sen onaz eta dotoreziaz gozatzeko une bakanak. Hala, pianista huelvarrak samurtasunez gidatu gintuen bariazio erromantikoek miatzen dituzten egoera emozionalen bideetan barrena, gutxitan entzun daitekeen dinamiken menderatze bikaina gidari. Halaber, koloreen aniztasuna eta ñabardurak nagusi izan ziren Granadosen koadroetan: Los requiebros gorteatze argi eta jostalarian, Quejas-en malenkonia ilunean, El amor y la muerte eszenaren kromatismoan. Perianes bizitzan ahal den guztietan ikusi eta entzun beharrekoa da.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.