Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. kritika. Sail Ofiziala

Telebistak zinema hil zuenekoa

Gontzal Agote.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'El reino'

Zuzendaria: Rodrigo Sorogoyen. Aktoreak: Antonio de la Torre, Barbara Lennie, Monica Lopez, Jose Maria Pou, Nacho Fresneda, Ana Wagener, Luis Zahera. Herrialdea: Espainia-Frantzia. Iraupena: 131 minutu.

Bakar batean, bi pelikula ditu barnean El reino-k. Lehena, Scorseseren Goodfellas-eko travelling ospetsuari egindako keinu batekin hasiko da, eta zinema politikoa da, edota politikari buruzko zinema.

Erritmo bizia eta molde errealista du lehen atal luze horrek, eta ikuslea Rafael Chirbesen liburuetako bat irakurtzen ariko balitz bezala sentituko da. Molde sasidokumentala du; izenak eta egoerak fikzionatuta dauden arren, ez da esfortzu handirik egin behar benetako pertsonaiekin loturak egiten hasteko. Dibertigarria da jolasa, oso.

David Ilundainek B bikaina egin zuenetik, El Reino-ren lehenengo atala da azken urteotan Espainian gertatu diren gauza asko pantailaratzeko egin diren lanetan ahaleginik onena.

Baina, beti dago baina bat, Sorogoyenek, bertute asko izanda ere, ez du ematen neurria jartzen iaioa denik. Horixe gertatu zitzaion zinemaldi honetan bertan aurkeztu zuen Que Dios nos perdone-rekin, eta gauza bera gertatu zaio El reino-rekin.

Izan ere, bigarren partean erregistroa dezente aldatuko du, eta, trama politikoak presente segituko badu ere, telesail kutsu handiko thriller hutsa nagusituko da hortik aurrera: ezkutuko grabazioak, jazarpenak, hilketa saiakerak... Horrekin, filma askoz arruntago bihurtuko da, eta, interesari eutsiko dion arren, dezente jaitsiko da intentsitatea, bestelako artifizioen mesedetan. Minutuak astun egiten hasiko dira.

Hori bai, bigarren parte honetan, filmeko onena eta txarrena ikusiko dugu: batetik, Andorrako festan gertatuko den sekuentzia antologikoa, eta, bestetik, amaiera diskurtsibo eta zentzugabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.