Kataluniako erreferenduma

Legez kanpoko mitin handiena

Gainezka egin du Tarragonan alderdi eta eragile independentistek urriaren 1eko erreferendumerako egin duten kanpaina hasierako mitin bateratuak. «Bozkatuko dugu!» errepikatu dute etengabe

Marta Rovira Junts Pel Sik parlamentuan duen bozeramaile eta ERCko kidea oholtzan, atzo, Tarragonako mitinean. TONI ALBIR / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Tarragona
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Egunotan gauza larriak gertatzen ari dira Katalunian, baina herritar asko eta asko gogoz eta ilusioz erantzuten ari zaie erronka zailei. beharbada kalean dagoen pozak harritzen du gehienbat kanpotarra; nola jartzen dioten katalanek larritasunari ilusioa. Atzo, egituraz eta itxuraz, mitin politiko klasiko bat egin zuten Tarragonan, baina ez zen ohikoa izan, jendeak bozkatu egingo duela izan baitzen aldarrikapen nagusia. «Inork benetan uste al du urriaren 1ean ez dugula bozkatuko?», galdetu zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak oholtzatik. «Bozkatu», Espainiako Gobernuak demokratikoa deritzon gizartean. Lehen ekitaldi handia egin zuten atzo independentziaren aldeko indarrek, Legez kanpoko lehen ekitaldia izan zen atzokoa, «legez kanpoko mitin historikoa», batek baino gehiagok agertokian aipatu zuenez. Lehen mezu bateratuak urriaren 1eko erreferendumari begira.

Agertokian PDECat, ERC, CUP, Avancem eta baiezkoaren alde dauden alderdi guztietako ordezkariak atera ziren lehenik, baina ez horiek bakarrik. Udalerrietako elkarteen presidenteak, kultur eragileak eta egileak. Atzo, erreferendumaren alde egin duten elkarte eta norbanako guztiek izan zuten lekua ekitaldian. «Gora Katalunia!» eta «Bozkatuko dugu! Irabaziko dugu!» oihuak nagusi.

Espainiako erakundeek, baina, ez zuten ekitaldia eragotzi, eta Tarraco Arenara hurbildutako jendetzaren zati batek kanpoan gelditu behar izan zuen. Parte hartzaileek mezu eraikitzailez josi zuten mitina, eta botopaperak non aurkituko dituzten ere esan zioten Guardia Zibilari. «Herrialde osoan banatutako hautetsontzietan topatuko dituzue». Tarragonako alkate Josep Felix Ballesteroren kontrako oihuak ere entzun ziren, erreferendumaren kontra egin duelako; Ada Colau Bartzelonakoari, berriz, txalo egin zioten, bozkatzea ahalbidetzeko akordio bat egin duela Generalitatearekin.

Oriol Junqueras presidenteordearen eta Puigdemonten hitzaldiekin amaitu zen ekitaldia. «Errepublika eta Katalunia aske bat gure eskura daude», esan zuen Junquerasek. «Justizia eta duintasuna gure esku ditugu». Puigdemontek Espainiako Estatuaren errepresioa salatu zuen. «Katalunian ez ditugu webguneak ixten, ez hedabideei beldurra sartzen, ez alkateak izutzen, ez estatuaren estolderiak elikatzen». Eta erreferenduma eragotzi nahi dutenei mezu zuzena eman zien: «Ezin genuela esaten zuten, baina dena egin dugu pixkanaka, eta urriaren 1ean bozkatuko dugu».

Akordioa Bartzelonan

Ekitaldia hasi baino pare bat ordu lehenago, Colauk Twitter bidez jakinarazi zuen akordio bat egin dutela Kataluniako Gobernuarekin: «Gure konpromisoa bete dugu. Urriaren 1ean Bartzelonan parte hartu ahalko da instituzio eta langile publikoak arriskuan jarri gabe». Puigdemontek ere jakinarazi zuen akordio bat lortu zutela, baina edukiaren berririk inork ez du eman; hau da, udalak haren agintepeko baliabideak jarriko ote dituen, edo zein neurritan jarriko dituen. Puigdemontek, Colauk eta Junquerasek Europako hedabide batean eskutitz bat argitaratuko dute gaur, Efe agentziak «Europako iturri diplomatikoen bidez» jakin duenez. Mariano Rajoy Espainiako presidenteari erreferenduma negoziatzeko eskatuko diote.

Atzo Kataluniako Gobernuak beste eskutitz bat bidali zion Espainiako gobernuari, baina jakinarazteko ez diola gehiago bidaliko erreferendumaren inguruko gastuen berririk —presidentorde izateaz gain, Ekonomia kontseilaria da Junqueras—. Cristobal Montoro Ogasun ministroak uztailean ezarri zion betebehar hori, astero egin beharrekoa. Bete ezean, Montorok Kataluniako Gobernuari esan zion ez ziola ordainduko autonomien likideziarako funtsetik hitzemandako kopurua. Junquerasek eskutitz bidez adierazi dio Madrili Montorok ezarritako betebeharra ez dela «bateragarria» Kataluniako Erreferendum Legearekin.

Espainiako Justiziak, ordea, erreferendumaren aldeko ekintzen aurkako neurri erauntsiari eutsi dio beste egun batez. Kataluniako Fiskaltza Nagusiak kereilak aurkeztu ditu Neus Lloveras AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko presidentearen eta Miquel Buch ACM Kataluniako Udalerrien Elkartekoaren aurka, aurretik aurkeztutako kereiletan bezala, «desobedientzia, prebarikazioa eta diru funts publikoak bidegabe erabiltzea» egotzita. Horrez gain, Fiskaltzak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari eskatu dio kautelazko neurri gisa itxi ditzala AMIren eta ACMren webguneak, alkateei agindu diezaiela erreferendumarekin zerikusia duten afixa guztiak kentzeko, eta Lloverasi eta Buchi fiantzak ezartzeko. Fiskaltzak herenegun deklaratzera deitu zituen 712 alkate, eta. Lloverasek eta Buchek agerraldia egin zuten, besteak besteak, esateko erreferendumaren aldeko lanarekin jarraituko dutela denek.

Junckerren adierazpenak

Fiskaltzak Hauteskunde Sindikaturako bost kideen aurka ere zabaldu du kereila, beste guztien delitu berberak egotzita. Auzitegiek neurririk ere eman zuten atzo: Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Guardia Zibilari agindu zion erreferendumaren webgunea ixteko —herenegun itxi ondoren, Generalitateak berriz martxan jarri zuen—, eta erreferendumaren inguruko iragarki ofizialak argitaratu dituzten Kataluniako hedabideak identifikatzeko. Espainiako posta zerbitzuak, berriz, Kataluniako langileei agindu die ez banatzeko erreferendumarekin zerikusirik duen materialik.

Europako Batzordeak, berriz, lehenengo aldiz iritzia eman du Kataluniako auziaren inguruan. «Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak errespetatu behar dira. Hortaz, erreferendum bat onartuko da baldintza hori betetzen bada bakarrik». Jean-Claude Juncker presidentearen bozeramaile batek esan zuen hori arratsaldean, Junckerrek goizean esandakoak zehazteko. Izan ere, batzordeko presidenteak adierazi zuen Katalunian baiezkoak irabaziz gero «errespetatu» egingo zutela, baina ohartarazi zuen errepublika independentea Europako batasunetik kanpo geldituko litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.