Idurre Eskisabel Larrañaga.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Heriotza, bizitza

2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Nola diren gauzak, hilezkortasunaz solastatu ginen izurriaren aurreko lagun arteko azken afarian. Egun haietan bolo-bolo ibilia zen albistea egiaren eta zentzuaren fabrika berrietan, hedabide eta sare sozialetan: dagoeneko lur gainean ei zen hilezkortasuna iritsiko zuen lehen belaunaldia. Lausoak ziren xehetasunak: inteligentzia artifizialaren garapena, bioteknologien aurrerapenaedota transhumanismoaren moduko ideia eta hitz fetitxeekin osatutako koktel kimeriko bezain katramilatsua. Baina, hala ere, garaileen kitzikaz aritu ginen eskura ei genuen hilezkortasunaz, lainezak hartuta. Bitxia, afari hartan bildutakook derrotarako joera baitugu normalean, geure buruei indarrean den munduarekikobegirada kritikoa, justizia sena, eraldaketa borondatea, konpromisoa eta inkonformismoa autoaitortzen diegun jende klasea garen heinean.

Nolanahi dela, ez zigun askorik iraun lilurak, egunbatzuren buruan ez baitzen gaitza eta heriotza beste hizketagairik, ez baitzen gaitza eta heriotza beste bizimodurik. Goizetik gauera, pandemiak urrutiko leku eta jende exotizatuen langa gainditu zuen eta geure genuen, geugan zen. Goizetik gauera, heriotza ikusezinen edukiontzitik saihetsezinen erakusleihora etorri zitzaigun. Ematen zuen, azkenean, jende modernook heriotzarekin ezkutaketan jolasteari utzi, eta, behingoan,parez pare begiratuko geniola.Bazirudien berriro abiatuko genuela heriotzarekin , aspaldi etaalde bakarretik, etendako ezinbesteko elkarrizketa.

Baina atzera ere, usteak erdia ustel.Laster batean nagusitu zaigu normalitate berriaren ideia, sakonean, lehengo inertzien aktualizazioegokitua baino ez dena, eta pandemiaren aurreko harreman beretan jartzen gaituena oinarrizko auziekin, hala nola, heriotzarekin —hala nola, bizitzarekin—.

Dudarik gabe, modernitateak ideia, balio, praktika, aukeraeta bizipen estimagarriak ekarri dizkigu jendeoi; estimagarrienetako baterrege eta jainkoetatik askatzea: norberaren borondatearen azpimarra,geuregaintasuna , erabakimenaren aitortza. Baina norbanakoon geuregaintasunak, jainkoen hilketak, badu ifrentzurik: geu jainkotzen gaitu; geu, edo, zehatzago, neu. Norbera munduaren erdigune eta munduaren neurri. Eta, azken buruan, urrunaraziegin gaitu garen animalia horretatik, giza- aberatasunetik, lurtar eta Lurreko izatetik. Funtsean, aldenaraziegin gaitu, heriotzetik. Ez, jakina, hiltzen ez garelako, baizik eta hilko garenaren segurantzia ezagutza abstraktuazaigulako, jakintza gorpuztu eta barneratuaren ordez.

Horrek sufrimendua eragiten digu, kamustuta baikaude hurbilekoen heriotza halabeharrezkoak behar bezala bizitzeko,eta zer esanik ez norberarenari aurre egiteko. Baina kaltea ez da horretara mugatzen, norberaren jainkotze eta hilezkortasun ametsaren luzapena baino ezbaita Lurra amaigabeki ustiragarri dela pentsatzea, hazkundea infinitua dela sinestea. Nago, hilezkortasuna amets dugun bitartean, heriotzari zor diogun elkarrizketa horri umiltasunez heltzen diogun arte, nekez eratuko dugula etengabe ahotan hartua dugun bestelako mundu hori. Bestelako bizitza hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.