Zorionak, nori?

Loira Manzani eta Ines Huarte
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Unicef-ek COVID-19ak eta pandemia egoerak haurrengan eragin dezakeela dioen txosten bat argitaratu berri du; «belaunaldi galdu bat» utz dezakeela ere baieztatzen du bertan. Kontatu diezaiotela Mariemi. Beste haur asko bezala pandemia dela eta eskolarik gabe gelditu zenean, Mariemek, bere amaren sakelakoa erabiltzea zuen etxeko lanak egiteko modu bakarra. Ez zuen ez ikaskiderik ez lagunik jolasean ibiltzeko. Bere ama gauez iristen zen etxera, lanean pertsona heldu bat ordu luzez zaintzen egon ostean.

Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak 31 urte bete berri ditu ostiral honetan. Eta egungo pandemia testuinguruan, halabeharrez, haurtzaroan eskubide horiek oso zaurgarri ikusten ari dira. Eta ez gaitezen engainatu, dena ez da birusakeragindako egoeraren ondorio.

Unicef-en arabera, historian gehien berretsi den hitzarmena da hau. Besteak beste, bertan baieztatutakoak haur ororen eskubideak bermatzen ditu, munduko zein tokitan jaio izan diren kontuan hartu gabe. Batzuk aipatzearren, bizitza, osasuna, hezkuntza, diskriminazio eza, elkartaratze familiarra edota tratu txarreneta askatasun gabeziaren aurkako babesaren eskubideak dira hauek, baina zerrenda luzea da, garantista da.

Joseph Guinea Conakryn jaio zen duela sei hilabete, baina bere eskubide guztiak Mediterraneo itsasoak irentsi ditu. Itsasoa bera baita, pertsona jarraituek edo bizitza hobe baten bila datozen horiek bere kostaldera iristea eragozteko, Europar Batasunak aurkitu duen dispositibo erradikalena. Berdin dio horretarako bidean hil behar badute. Joseph bezalako haurrak direnean ere berdin dio. Momentu batean, eta oharkabean, bi bizitza suntsitu ditugu. Josephena, eta bere amarena, uretatik erreskatatua izan zen arren gizagabetasun hau ez bizitzeagatik, beharbada, heriotza nahiago izanen lukeena.

Kostaldera iristea lortzen duten emakumeen kasuan —migrazio erdia NBEren arabera—, europar jendarte eta merkatuek deituta datoz. Nahiz eta egoera irregularrean etorrarazi, gure eskaera bat asetzera datoz: hainbeste gogaitzen gaituzten zaintza lanen ardura hartzea. Orduan, Tchella bezalako haurrak atzean gelditzen dira eta, zortea badute, elkartaratze familiarraren eskubideari esker, urte luzeak pasatuta bere ama dela esaten duen pertsonarekin bilduko dira. Apenas batak bestea ezagutzen ez duten bi lagun.

Dirudienez, haurrek ere tratu txarren eta torturaren aurrean babestuak izateko eskubidea dute, baina Iliasek ohe batera buruz beherara lotua izan zenean galdu zuen bizia, immobilizazio mekaniko baten ondorioz, bera babestu eta zaindu behar zuten adingabeen zentroan.

Haurrak daude Grezian ere, errefuxiatuentzako kanpamentuetan, eta hauek ere ezin dituzte Konbentzioak aipatutako eskubide horiek baliatu. Are gehiago, animaliak bailiran abandonatu egiten dira, eskolara joan ahal izan gabe, jolasteko, babestuta sentitzeko eta osasuna bermatzeko espaziorik gabe. Lorik ere egin ezin duten haurrak dira, bizi duten infernuko ke artean osasun mentala galtzen dutenak. Fatima bezalako haurrak, hamar urterekin bere buruaz beste egiten saiatzea zer den badakiena.

Zorionez, asko dira erresilientzia garatu duten haurrak, bizitzako zauriek beren historiak baldintzatzen utzi ez dituztenak eta aurrera egin dutenak. Gaur egun, beren indarrari esker eta bidean aurkitu duten laguntzari esker, indartu eta zauri horiek sendatzeko tartea aurkitu dutenak. Hau guztia sistema eskizofreniko, zatikatu batean, eskubideen urratzailea den eta aldi berean babesaren promesa egiten duen sistema bera.

Haurren eskubideek prozesu hau guztia ekiditeko ahalmena beharko lukete, baina 31. urteurren honetan, entzunak eta serioago hartuak izateko nahia eskatu beharko dute. Defendatzen dutena etorkizuna delako. Bitartean, pertsona solidarioak eta konprometituak jaiotzen eta hazten jarraitzen dute. Horretan jarraitzeko, ordea,beren ekintzak babestuko dituen esparru legal eta politiko bat behar dute. Haurren eskubideei, hortaz, urte oso ona opa diegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.