KRITIKA. MUSIKA

Izaera itzela

Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun

Budapest Festival Orchestra





Zuzendaria: Ivan Fischer. Egitaraua: F.Liszten 1go eta 3. Hungariar Rapsodiak, P.Sarasateren Ijito Aireak eta J. Brahmsen 1go eta 11.Hungariar Dantzak eta 1go Sinfonia.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriumean. Eguna: Abuztuak 26

Azkeneko hamarkadan lagun izan dugun Budapest Festival Orkestra iritsi zaigu, bere maisu Ivan Fischerrren gidaritzapean. Aste honetan ezagutu ditugun orkestren maila geroz eta hobea izan da, eta hungariarrek azaldutakoak bikaintasuna ukitu du hatz puntekin. Fischerrek sortu, garatu, ekoiztu eta edertu duen orkestra zuzendari batek amesten duen barne soinu ideala gauzatzeko behar dituen primerako osagaiez osatutako taldea da. Musikari finak, emate prozesuan erdibidean geratzen ez diren horietakoak eta, batez ere, beren liderraren aholkuekin partituraren edozein zokoetan leialtasuna erakusten dutenak. Eskerrak eman behar dizkiogu Musika Hamabostaldiari orkestra zoragarri honetaz hainbestetan gozatzeko aukera edukitzeagatik.

Honako honetan, ijito, zingaro, herrikoi edota tradizioan oinarritzen diren melodia kantetan oinarritu da Fischer, eta, horretarako, gonbidatu bereziak izan ditu: Jozsef Csocsi eta Jozsef Lendvai aita-seme biolin jotzaileak eta Jeno Lisztes zinbalo jotzailea. Semea ohiko ikasketa klasikotik datorkigu, eta aitak inprobisazio herrikoian garatzen du bere egitekoa. Familia binomio hau Franz Liszten eta Johannes Brahmsen musikan apropos nahas daiteke, eta zuzenean eskaini zigutena pedagogikoki oso interesgarria izan zen, Fischerrek hain maite dituen azalpen erraz eta zuzenei esker. Intuizioa, bat ez etortzeak eta nota zehatzaren bilaketa ezak musikari askatasun alai eta arduragabe bat eskaintzen diote, eta, batzuetan, eskertzekoa da, eguneroko zuzentasunetik kanpo.

Erakustaldi batetik bestera pasatu ginen atsedenaldiaren ostean; Budapesteko lagunak aulkietan ondo armatuta Johannes Brahmsen 1go Sinfonia irakiten jarri zuten. Goi mailako interpretazio zentzudun bat jaso zen, Fischerrek edozein ñabardura urreztatzeko obsesioa duelako. Haize egurra bere kontaketa propioan, oboeak klarineteari galdezka, honek flautari erantzuten eta fagota elkarrizketan parte hartzeko desioan. Lehen biolin trinkoek, kontrabaxu sakonek eta biolontxelo pasiodunek lilura handiko esaldi amaigabeak lotu zituzten, Brahmsek behar duen pisu malgutasuna ederki neurtuz. Etengabe emate horretan, agian bolumena gehiegizkoa iruditu zitzaidan haizearen laguntzaile roleko pasarteetan, baina Fischerren izaeran txertatuta dagoen lehengaia dugu ezaugarri hori, eta kasu honetan hobe horrela uztea, izaera handiko orkestra bat ez baita egunero gure belarrietara iristen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.