inaki petxarroman
COP26. ANALISIA

Mundua Glasgown

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bada egunotan munduko hedabide askotan atera den irudi bat: munduko globoa, Glasgowko COP26ko Scottish Event Campusen 1. Ekintza Aretoan, kable batetik zintzilik, dotore. Tentuz erreparatuz gero, jende saldoaren artean irudika zitezkeen salbatu nahi den planeta horretan bizi diren era guztietako pertsonak. Izan dira Eskoziara egindako bidaian Lurraren atmosferan lehen eta azken karbono aztarna utziko dutenak, eta badira hegazkin pribatuan ordu batzuetarako etorri eta afarirako etxean egongo zirenak ere.

Izan dira petrolio ustiategi bati aurre egiteagatik lurra eta familia galdu dutenak, eta baita ere ustiategi hori, edo antzeko batzuk, zulatzeko agindua eman dutenak, luxuzko bulego batean.

Korridoreetako ibilaldi presatuetan bereiz zitezkeen mundua salbatzeko sistema ekonomikoa aldatzea beren bizitzako erronkatzat dutenak, eta, Lurra baino gehiago, beren negozioa salbatzeko atmosfera, ura eta bizidunak ere salduko lituzketenak. XIX. mendearen erdialdean ikatzezko fabriketan berotegi gasen isurketa masiboa martxan jarri zen iparralde globaleko txoko honetan, bere desoreka eta arrakalak agerian utzi ditu goi bilerak.

Izan baitira klima aldaketaren prozesu zientifikoa ikertzen egunero ahalegin zintzoa egiten dutenak, eta zientzia lan sakon horri nola erantzun trikimailuak bilatzeagatik soldata oparoa jasotzen dutenak.

Izan dira 14 orduz lan egindako kazetariak, eta, garraio publiko eta zerbitzu asko arrotzek erdi kolapsatuta egon direlako, «joan zaitezte denak pikutara» ozen oihukatu duten herritarrak.

Tentuz begiratuz gero, erraz ohar zitekeen COP26 egin den eremu horretako langile gehienen azal koloreaz eta generoaz: garbitzaileak, segurtasun zinpekoak, sukaldariak, zerbitzariak...

Badoaz horiek denak pixkanaka, nor bere bidean. Mundua astintzen duen zibilizazio krisi larri honek elkartu ditu egun batzuetan. Baina, bistan da, klima larrialdia ez da Glasgown bistaratu den arazo bakarra. Desberdintasuna, bidegabekeria eta zinismoa agerian utzita bukatu dira topaketak, eta itzulerako bidaian bakoitzaren buruhausteak ere oso jite ezberdinekoak izango dira. Bihartik aurrera ere 1. Ekintza Aretoko bolatxo hori izango da batu ditzakeen ia kontu bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.